Besabin izango lukete sarbidea Urumeako zentral eolikoaren obrek

Aiurri 2025ko mar. 11a, 13:29

Urumeako Mendiak Bizirik taldeak jakinarazi duenez, Besabin izango lukete sarbidea Urumea bailarako mendi gainetan proiektatuta dagoen Erreka zentral eolikoa eraikitzeko obrek; Repsol da proiektuaren bultzatzailea eta 100 Mw ekoizteko 15 aerosorgailu jartzea aurreikusten du.

Berez, bi zentral eoliko eraiki nahi dituzte Urumea bailaran. Repsolek abian jarri nahi duena, Erreka izena daramana, hartu du ahotan oraingoan Urumeako Mendiak Bizirik elkarteak.

Erreka zentral eolikoa eraikitzeko obrek Besabin izango lukete sarbidea, Urumeako Mendiak Bizirik elkarteak ondorioztatu duenez, proiektuaren bultzatzaileek oraingoaz zabaldu dituzten dokumentuak aztertu eta gero. “Sarbidea Besabitik (Urnieta) abiatzen da, eta guztira, 27,5 kilometroko pista proiektatzen da”, adierazi du elkarteak.

Bidearen gutxieneko zabalera sei metrokoa izango litzatekeela ere gaineratu du elkarteak.

 

Aerosorgailuentzat azpiegiturak

Bestalde, aerosorgailuek ekoiztuko luketen energia jasotzeko behar dituzten azpiestazioak eta garraiatzeko behar diren dorreak ere aztertu ditu kolektiboak.

Horrela, adierazi du 15 aerosorgailuentzat behar den azpiestazio jasotzailea San Migel Soron izeneko mendi-lepoan (647 m.) eraikitzea aurreikusten duela proiektuak; 49x37 metroko lursaila behar luke azpiestazio horrek.

Subestazioaren sarrera, berriz, Arkalen (Oiartzun) ezarri nahi du proiektuak. Horrela, Urumea Mendiak Bizirik kolektiboaren hitzetan, San Migel Sorotik Arkalera joango litzatekeen goi tentsioko lineak 21,063 Km. izango lituzke guztira, eta 68 dorre beharko lituzke. Dorre horien zimenduetarako behar den hormigoiaren bolumena, guztira, 803,83 metro kubikokoa da. Ebakuazio goi-tentsioko linea Hernani, Urnieta, Astigarraga, Errenteria, Oiartzun eta Aranoko udalerriak zeharkatzen dituela, gaineratu du kolektiboak.

Horrenbestez, kolektiboak ohartarazi du Erreka proiektuak Hernani, Ereñotzu, Elduain, Berastegi, Arano eta Goizuetako lursailak hartzen dituen arren, Urnieta eta Oiartzungo lur-sailetan ere izango lukeela eragina, kontuan hartuta goian aipatutakoa, hots, aerosorgailuek premiazkoa duten azpiegitura (sarbideak edota aerosorgailuek ekoitziko luketen energia jasotzeko behar diren azpiestazioak, eta aldi berean, garraiatzeko behar diren dorreak).

Urumeako Mendiak Bizirik elkarteak zabaldu duen planoa

 

Aranon egun osoko jaia

Urumeako Mendiak Bizirik elkarteak ekitaldiz beteriko egun osoko jaia antolatu du Arano herrian larunbatean, martxoaren 15ean. Urumea bailara horretako mendi gainetan proiektatuta dauden bi zentral eolikoek eragingo lituzketen kalte ekologikoen gainean sentsibilizazio kanpainaren baitan antolatu dute jaia.

Hona egitaraua:

11:00. “Vidas irrenovables” dokumentala. Ondoren, solasaldia Fco. Javier Vaquero egilearekin.

12:30. Mendi txangoa aerosorgailuak proiektatu dituzten natur-eremuetara.

14:30. Burningo bordan, pintxoak eta salda. Joseba Tapiak, Jon Marik eta Izer eta Alabier trikitilariek alaituta.

16:30. Herrira itzulera kalejiran.

18:00. Aitor Mendiluze eta Julio Soto bertsolarien saioa (balkoitik balkoira, herriko plazan).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!