Maiatzaren 15etik 25era izango da aurten Euskaraldiaren laugarren edizioa. Bada, hamaika egunek irauten duten bitartean, baita lehenago ere, ekimenarekin loturiko makina bat hitzordu izango da Urnietan. Horien guztien berri emateko, bilera irekia izan zen, joan den asteko asteazkenean, Lekaio kultur etxean. Zenbait xehetasun eman zituen Manttale elkarteko kide den Koldo Tapiak, antolatzaileen ordezkari gisa. Hasteko eta behin, herritarrak testuinguruan ipintze aldera, atzera begirako ariketa egin zuen Tapiak, Franco hil ondorengo hamarkadatik gaurdaino, hizkuntzaren errealitatearen bilakaera zein izan den ikusteko: urteen joanarekin, euskal hiztunen kopurua biderkatzeaz gain, ezagutza maila igotzea lortu dela aipatu zuen, alfabetatuta daudela belaunaldi gazteak, unibertsitateak lehenago ez zituen aukerak dituela orain… “Horrekin guztiarekin espero zen euskararen erabilerak gora egitea eta, hain justu, azken denboraldian, beste zerbait erakutsi digute datuek”, azaldu zuen Manttaleko kideak, izan ere, haren hitzetan, “beheranzko joera” hartuta dago euskararen erabilera, eta “gainbehera horren zantzuak” hasi dira antzematen, baita hizkuntzaren arnasgune diren tokietan ere: “Handia da kanpoko hizkuntzek ezartzen duten presioa eta familia bizitzak berak ere ia ezin dio horri aurre egin”.
Horrekin batera, gogora ekarri zuen Tapiak 70ko eta 80ko hamarkaden bitartean euskal jendarteak hizkuntza sustatzeko erakutsi zuen aktibazioa eta motibazioa, izan alfabetatze-kanpainetan, izan Ikastolekin… “Gaur egun, ordea, euskararen egoera normaltzat du jendeak: irratia eta telebista ditugu, umeak eskolara bidaltzen ditugu, unibertsitatea dago… Konformatu egin gara, desmotibatu, desantolatu”. Euskara elkarteetan ere ipini zuen begirada: “Lehen pilo bat zeuden eta, orain, zailtasun handiekin ari dira, belaunaldi berriak ez direlako dinamika horretan sartzen ari. Inpas handia dugu horretan”.
Euskaraldiaren aurrekariak
2015, 2016 eta 2017. Tapiak bileran azaldu bezala, hiru urte horiek pisua omen daukate euskara biziberritzeko ahaleginean, baita gerora etorri zen Euskaraldiaren sorreran ere.
Lutxo Egia idazleak 40 egunez egindako erronka esanguratsua izan zen Tapiarentzat, hizkuntzak bizi duen errealitatea agerian uzteko: “Kalean, euskara hutsean hitz egitea erabaki zuen, gaztelaniaz jakingo ez balu bezala. Jende askok eta askok atzerritartzat hartu zuten”. Hala, esperientzia hori oinarri hartuta, antzeko ekimenak egin ziren, besteak beste, Egia auzoan, AÒorga auzoan edo Arrigorriagan. Lasarte-Orian lur hartuta, “Euskararen maratoia” egiten da lau urtetik behin, eta, bertan, 40 orduz aritzen dira parte-hartzaileak euskararen bueltan. 2016an, ekimenari erronka potoloagoa jartzea otu zitzaiten lasartearrei eta, 40 ordu izan beharrean, 40 egunera luzatu zuten egitasmoa, “Baietz 40 egun euskaraz” lemapean. Tapiak bileran adierazi zuenaren arabera, 2000 pertsonak eman zuten izena eta hor sortu ziren belarriprest eta ahobizi txapak, Euskaraldia baino lehenago: “Aurrekari horiek zeudela, Euskaraldia sortu zuen Taupa (Topagunea zena) elkarteak, Eusko Jaurlaritzarekin batera”.
Euskaraldiaren sorreran, oso helburu “xumeak” eta “praktikoak” jarri zirela zehaztu zuen Tapiak bileran: alde batetik, euskararen erabilera erdigunean kokatzea; beste alde batetik, hizkuntza-ohiturak auzitan jartzea; eta, azkenik, euskara agendan eta iritzi publikoan lehen lerroan jartzea. “2018an kokatu behar gara. Gizarte mugimenduak eta administrazioak elkarrekin emandako lehen urrats nagusietako bat da Euskaraldia”. Lehen edizioaren parte-hartzeak “arrakasta handia” izan zuela du gogoan Urnietako euskaltzaleak. 2020an, pandemiaren erdi-erdian izan zen bigarren edizioa. Hirugarrena, berriz, 2022an eta hemen da laugarrena: maiatzaren 15etik 25era, euskararen aldeko ariketa erraldoia antolatu da. Euskaraldiak botatzen duen erronka urteko egun guztietara luzatu behar dela uste du Tapiak: “Lehen hitza euskaraz egin beharra daukagu, eta eutsi. Bestela, gure nortasunaren ezaugarri nagusienetarikoa denari eusteko gai ez baldin bagara, gainerako istorioek niretzat ez dute balio”.
Euskaraldia, Urnietan
Otsailaren lehen hamabostaldian bildu ziren lehenengoz honako eragile hauek: Manttale, Batzokia, EH Bildu, Egape Ikastola, Magale-Salestarrak ikastetxea, Bagara talde feminista, Urnietako Udala, Xoxokako auzo elkartea, Aballarri guraso-elkartea eta Zanpatuz mendi-elkartea. Tapiak bileran jakinarazi moduan, eragileen taldeak hartuko du hitzordua dinamizatzearen ardura, “ez baita inor aurkeztu Urnietan. Are gehiago, hori gertatu zaigun herri bakarra gara”.
Gauzak horrela, pasa berri den asteazkenean aurkeztu dute Euskaraldiaren hamaikako ofiziala: euskararekin lotura estua duten herriko alor ezberdinetako pertsonek osatzen dute taldea. Dena dela, hori ez da izango sortuko duten hamaikako bakarra, beste hamar ezagutzeko aukera ere izango baitute urnietarrek maiatzaren 18an, herriko zenbait sektore oinarri hartuta: kultura, ikastetxeak, AEK, lehen sektorea…