Entitate rolean eman du Osane dendak izena Euskaraldian. Hala, euskararentzako arnasgune bilakatuko da denda ariketa erraldoiak iraun bitartean. Hamar urteko bidea osatuko du Urnietako Idiazabal kaleko saltokiak udazkenean eta ez da Euskaraldian parte hartuko duen lehen aldia.
Euskararen aldeko ariketa erraldoia da Euskaraldia. Hizkuntzarekiko daukazuen konpromisoa erakusteko modua al da?
Bai, zalantzarik gabe. Egunero lehen hitza euskaraz izatea ahalegintzen naiz, nahiz eta sartzen diren bezeroetako asko erdal hiztunak izan. Posible den heinean, bai, beti euskaraz. Horregatik, guretzat ez da berebiziko ahalegina izango Euskaraldian parte hartzea, izan ere, erronka hori urte osora zabaltzen dugu.
Makina bat herritar dabil Osanen. Zein da lehen kolpean egiten duzun irakurketa, hizkuntza-ohiturei dagokionez?
Dezente entzuten da euskara, baina bada erdal joera duenik ere, adibidez, jende gaztearen artean. Horrek harritzen nau, askok gaztelaniaz egiten dutelako lehen hitza.
Ez da Euskaraldian parte hartuko duzuen lehen aldia. Jendeak konpromisoz betetzen al du erronka?
Ahalegina egiten dute herritarrek, beti euskaraz hitz egiten entzuten didatelako. Hala, Euskaraldian, etor dadila Osanera euskaraz praktikatu nahi duen jendea!
Bultzada ematen du Euskaraldiak. Ikusi da urteen poderioz erabilera jaitsi dela, hortaz, zerbait egin beharra dago. Kontsumitzen ditugun eduki asko dira gaztelaniaz. Nik neuk ere lanean hornitzaileei egin beharreko eskariak erdaraz egin behar izaten ditut. Horregatik euskaraz hitz egiteko gonbidapena da Euskaraldia eta ez da aukera galdu behar.
Borondatezkoa da Euskaraldian parte hartzea. Zer esango zenieke gainerako tokiko saltokiei?
Txapek ere laguntzen dute erronkan, ariketa bera ikusgarriagoa bihurtzen dutelako. Izena eman dezatela esango nieke eta euskara konpromisoz sustatu dezatela!