Euskaraldiaren atarian, beroketa-lanetan hasia dago, jada, erronka erraldoia antolatzen dabilen eragile-taldea, bertso-pilota ekitaldia antolatu baitu ostiral honetan, Udal Pilotalekuan.
Arratsaldeko 19:00etan ekingo zaio hitzorduari, pilota-eskolako haurren partidekin. Ondoren, 20:00etan bertso-pilotari emango zaio hasiera, askotariko protagonistekin
Arratsaldeko 19:00etan ekingo zaio hitzorduari, pilota-eskolako haurren partidekin. Ondoren, 20:00etan bertso-pilotari emango zaio hasiera, askotariko protagonistekin: Alberdi eta Odriozola Urmeneta eta Elizegiren aurka ariko dira. Bien bitartean, doinua eta neurria ipiniko diote partidari Nerea Elustondok eta Unai Gaztelumendik.
Hitzordu berezia izango da, ostiral honetan. Euskaraldia aitzakia gisa hartuta, pilotak eta bertsoak bat egingo duten ekitaldia antolatu duzue.
Imanol Odriozola: Jaialdia 19:00etan hasiko da, benjaminekin partidekin. Bikote mistoak izango dira, eta, Urnietakoez gain, Zizurkilgo pilota-eskolako bi kide etorriko dira. Alebinen kasuan, bi mutil bi neskaren aurka ariko dira. Behin hori amaituta, bertso-pilota ekitaldiari emango diogu hasiera: agurra abestuko dute bertsolariek, guk berotu bitartean. Partidan, gure botilero izango dira Gaztelumendi eta Elustondo.
Unai Gaztelumendi: Hasiera protokolario samarra da, baina bertsolariak harrotzen goazen heinean, partida gelditzen edota adarra jotzen hasten gara. Berez, botilero-lana egiten dugu, baina aholkuak ez dira oso egiazkoak izaten. Saltsa pixka bat jartzera goaz, giroa sortzera.
Nola uztartu errima eta pilota?
U.G.: Bertso onak botatzea baino, saltsa jartzea da helburua, bizitasuna ematea. Bertso-saio ona nahi duenak izango du beste edozein egunetan aukera, baina festa-giroan izango gara ostiralean.
I.O.: Frontoian ere, berdin. Tanto politak egitera goaz pilotariak, gustura gera dadin jendea. Bertsolariek ipiniko duten bizitasuna jokoan ere ikusiko da.
Biak ala biak dira euskal kulturaren adierazle. Nola iritsi zitzaizuen hitzordua antolatzeko proposamena?
U.G.: Euskaraldia antolatzen dabilen taldea jarri zen gurekin harremanetan. Bertsoak berezkoa du hizkuntzarekin lotura eta, Urnieta bezalako herri batean, guraso naizen aldetik, agian, kirol-jarduera batzuetan, kosta egiten da euskara entzutea. Bada, hizkuntzaren arnasguneak asko aipatzen diren honetan, pilota-eskolan, haurrek zein entrenatzaileek euskara hutsean jarduten dute. Herri honetan, gakoa da horrelako espazio bat egotea euskaraz lasai zein eroso hitz egin ahal izateko. Hala, aitortza egingo diogu, nolabait, pilota eskolari, euskararen gainean herri honetan duen garrantziagatik.
Nor berean, protagonista bilakatuko zarete ostiral arratsaldean. Dena dela, bietatik zein ibiltzen da txukunago: Imanol bertsotan ala Unai pilotan?
U.G.: Pilotan urte luzez ibilitakoa naiz ni!
I.O.: Parranda giroan puntuka egingo nioke kontra, baina...
U.G.: Nik uste Imanol bertsotan uste baino hobea dela... Baina ni pilotan ere berak uste baino hobea naiz... Apustu txikiren bat edo beste egin genezake! (Barreak)
Bultzada baten beharra zegoela ikusita, UKEren pilota saila kudeatzeko ardura hartu zenuen orain pare bat urte, Imanol. Zein izan da egoerari buelta emateko gakoa?
I.O.: Orain dela bi urte sartu nintzen, gutxi gorabehera. Hasieran, gorakada izan genuen eta hori denboran mantentzea lortu dugu. Gutxik uzten dute pilota, nahiko egonkorra da eskola eta espero dugu horrela jarraitzea. Hori da gure helburua, mantentzea, kalitatezko entrenamentuak eta partidak ematea, pilotaren gaineko harra eta zaletasuna sortzeko. Gakoa? Ondo antolatzea eta frontoian ordu asko sartzea. Ostiraleko jaialdia bezalakoak egiteak erakargarritasuna ematen dio pilotari eta umeei ilusioa pizten zaie horrela.
Urnietako bertso-zaletasunari erreparatuz gero, Unai, osasuntsu ikusten al duzu?
U.G.: Herri honetako euskaldunak oso euskaldunak dira eta nabari da hori. Espero ez nuen jende batek ere ezagutu nau hona bizitzera etortzean. Ni ezagutzeko, bertsozaleak izan beharko dira, bai! Egia da, ez dela bertsoak entzuteko aukera handirik izaten herrian. Bertsolaritzak, gainera, formatu asko dauzka, dena ez da zortzi bertsolari onenak jaialdi batean jartzea. Guk ostiralean egingo duguna bezalako aukerak ere badaude, eta, beno, bagabiltza, pixkanaka. Bi ikastetxeetan ere banabil haurrekin klaseak ematen, gustura, Imanolen pareko, ikasleei bertsolaritzaren harra sartu nahian. Xoxokan bertso-eskola sortu dugu aurten, sei ikaslerekin. Hemen nabil, nire alea jartzeko ahaleginean.
Iristear da Euskaraldia: maiatzaren 15ean ekingo zaio ariketari. Zergatik da garrantzitsua horrelako ekimenak egotea?
U.G.: Dena eta gehiago behar du momentu honetan euskarak. Jende askorengana iristeko aukera ematen du Euskaraldiak. Batzuri pena ematen digu, soilik, hamabost eguneko kontua izateak. Ea, behintzat, erronka honekin jende gehiago batzen den euskararen alde lana egitera. Geroz eta toki txikiagoa dugu, presentzia txikia du euskarak eta, hortaz, ona da horren aurrean kalea hartzea.
I.O.: Gainera, gure kultura ezagutzeko aukera izango da ostiraleko ekimenarekin. Bada sekula bertso-pilota bezalako ekitaldi bat ikusi ez duenik. Horrela, euskararen eta euskal kulturaren alde egiteko modu bat izango da ostiralekoa.