Hiru, bi, bat… Hasi da Euskaraldia! Maiatzaren 25era bitarte, txapa paparrean jantzita, hizkuntza-ohituretan eragitea helburu duen erronkan izango dira murgilduta Euskal Herri osoko herritarrak, baita zu ere, irakurle. Hori horrela, hitzorduz beteriko asteburua izango da Urnietan, ostiraletik hasi eta igandera bitarte.
Hiru egun, hiru hitzordu
Kirolzaleentzako zita antolatu du Zanpatuz mendi-elkarteak. Neguko sasoian egiten duen antzera, ostiralean ere, Adarramendira gauez igotzeko aukera izango dute herritarrek. Horretarako, San Juan plazan egingo dute hitzordua, iluntzeko 20:30ean. Bestela, zuzenean, Besabin elkartzeko aukera ere egongo da, 21:00etan.
Hala, hurrengo egunean, larunbatarekin, mendizaleei lekukoa hartuko diete Salestarrak-Magale ikastetxeak zein Bosko Anitz taldeak, izan ere, arratsaldean, haurrei zein gazteei zuzenduriko “festa erraldoia” antolatu dute, San Juan plazan: magiaren pasabidea, euskal kluedo, txapa-tailerra, txokolatada… Modu horretan, izena eman ezin duten hamasei urte azpiko urnietarrek ere parte-hartze aktiboa izango dute ariketa erraldoian.
Igandean ospatuko da herrian Euskaraldiaren hasierako ekitaldi nagusia. Goizean goizetik, kalera irtengo dira, buruhandiak eta erraldoiak. 11:00etan ekingo diote kalejirari, Plazido Muxika plazatik, eta herriko kaleetan barrena izango dira, San Juan plazara iritsi aurretik. Eguerdiko 12:00etan, Egape Dantza Taldeko kideek hitzordurako prestatutako dantzak taularatuko dituzte eta, jarraian, Euskaraldiaren hamaikakoaren aurkezpen ofiziala egingo dute. Tripa bapo betetzeko, herri bazkaria izango da, ondoren, eguerdiko 14:00etan, Plazido Muxika plazan eta arratsaldeko dantzaldiak itxiko du egitaraua: erromeria egongo da, San Juan plazan, 18:00etan, Ttipika taldearen eskutik.
Azken txanpa, Urnietan
Maiatzaren 22an Laburbira zikloan murgilduko dira ikasleak. Herriko bi ikastetxeetako DBH 3. eta 4. mailetako ikasleentzat. Egapeko ikasleek 08:30ean izango dute laburmetraiak ikusteko aukera, eta Salestarrak Magale ikastetxekoek 10:00etan. Proiekzioak ikasleentzat bakarrik izango dira.
Amaierako ekitaldia Goiburu-Xoxoka aldean izango da. Maiatzaren 25ean, Euskaraldiaren azken egunean, Xoxokako Auzo Elkarteak antolatuta, amaierako ekitaldia izango da. Adarra-Onddi inguruan mendi-ibilaldi bat egingo da eta, ondoren, eskola zaharrean musika-emanaldia.
Beroketa-ariketak eginda
Erronka erraldoiari ekin aurretik, askotariko aitzakiak eman ditu Euskaraldia dinamizatzen dabilen herriko eragile-taldeak, pixkanaka, hizkuntza-ohituen gainean hausnarketa egiteko. Hori horrela, bertso-pilota ekitaldia izan zen joan den asteko ostiralean Udal Pilotalekuan, UKEren eskutik. Bestalde, pasa berri den asteazkenean, Urnietako Udalaren gonbidapenez, geldialdia egin zuen Saroben Jon Martinek, joan den urtean argitaratutako “Lourdes Iriondo. Isilarazitako ahotsa” liburua aurkezteko, Irati Odriozola eta Ainhoa Ansa musikarien laguntzaz. Era berean, Laburbira zineforuma izan zen Lekaion ostegunean, Bagara talde feministak antolatuta.