SANMIELAK 2025

"Ez bada egoera aldatzen, Txozna Batzordeak ez ditu festak antolatuko"

Aiurri 2025ko uzt. 1a, 21:46

Kalera atera dira gaur urnietarrak, herriko Txosna Batzordeak deituta: agerraldia egin dute, arratsaldeko 19:30ean, Plazido Muxika plazan, "Urnietako txosnak, arriskuan" lemapean, Sanmielei begira, udal gobernu taldearekin izaten ari diren harreman gatazkatsua salatzeko. 

URNIETAKO TXOSNA BATZORDEAREN IRAKURKETA

Urnietako Txozna Batzordea 2023. urtean sortu zen, Urnietako txoznaguneko antolaketa eta kudeaketa bertan parte hartzen duten eragile guztien artean aurrera eramateko asmoarekin, lehen zegoen gabezia gaindituz eta txoznagune justu eta eraginkorrago bat sustatuz.

Bada, 2024. urteko irailean Urnietako udalak ordenantza berri bat kaleratu zuen, Txozna Batzordea kontuan hartu gabe. Bertan, txoznagunearen gaineko kontrola hartzen dute, besteak beste, isun ekonomikoak ezarriz, adierazpen askatasuna mugatuz edota kokalekua eta eragile kopuru maximoa erabakiz.

Urte hasieran hasi ginen lanean 2025eko festak antolatzen. Askotan saiatu gara udal gobernuarekin (EAJ-PNV eta PSE-EE) harremanetan jartzen (araudi berriaren inguruan eztabaidatzeko, irekiera egunak zehazteko, aurrekontua jakiteko, etab.), baina ez dugu erantzunik jaso. Horrez gain, udal gobernuak aukeratu du txozna nork jarri eta nork ez, beraien irizpideen arabera. Horrela, Txozna Batzordearen parte diren eragile batzuk kanpoan utzi ditu.

Honen aurrean, garbi dugu gure postura. Txozna Batzordea da txoznagunea kudeatzeko dagoen talde zilegi bakarra. Hau osatzen duten eragileak dira urte osoko lana aurrera eramaten dutenak eta ez dugu onartuko inork gure jarduna zapuzterik.

Urnietako txoznak arriskuan daude, baina guk argi dugu: herritik eta herriarentzat izan behar dira.

Udal gobernuaren esku dago, ez bada egoera aldatzen Txozna Batzordeak ez ditu festak antolatuko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!