Auzoko musikarien laguntzaz, dantzarien Agurrarekin eman zioten hasiera mendeurreneko ospakizunari. Hala, behin herrikideak zein udal ordezkariak eskolaren atarian bilduta, Mikel Artola Euskara zinegotziak hartu zuen hitza, omenaldiaren testuinguru historikoari erreparatzeko asmoz. Begirada atzera botata, akorduan izan zituen eskolak igarotako “garai zailak”, besteak beste, gerratea, frankismoa… “Hala ere, baserritar askok eta askok hautua egin zuten baserriko lana, bizia atzean utzi gabe, hemen eskolak hartzera etortzeko. Beraz, bada meritua”.
Goizez, arratsaldez eta gauez ematen ziren klaseak bertan eta, zinegotziaren hitzetan, ia 50 urte egon zen martxan eskola, lau irakaslerekin: Angela Arrue (1925-1936), Matilde Aranzaolatroque (1936-1938), Petronila Esnal (1938-1943) eta Pepita Campos (1943-1973). Bada, azken hori bertan hiru hamarkadaz izan ondoren, erretiroa hartuta itxi zen eskola: “Xoxokako edo eskola honek bizia badu oraindik ere eta gehienbat auzo elkarteari esker da hori. Beraz, jarrai dezala, beste urte askotan, eta izen horren pean, bizirik”.
“Altzibarko harrobira joan, harria eta hondarra hartu, pagadi batera joan, enborrak moztu, hona ekarri eta hutsetik eskola sortu zuten. Beraz, gaurko omenaldi txikia gure inguruko baserritar eta Goiburutar askori”
Mikel Artola, Urnietako Udaleko zinegotzia
Bestalde, eraikina bera ez ezik, bertatik igarotako ikasleei zein gurasoei ere egin zien aipamena Artolak: “Altzibarko harrobira joan, harria eta hondarra hartu, pagadi batera joan, enborrak moztu, hona ekarri eta hutsetik eskola sortu zuten. Beraz, gaurko omenaldi txikia gure inguruko baserritar eta Goiburutar askori”. Bide horretan, jendaurrera gerturatzeko gonbita luzatu zien Marisa Berrueta Camposi, eskolak izan zuen azken irakaslearen alabari, Izaskun Miner ikasle ohiari, Joseba Ubillos auzo elkarteko lehendakariari eta Jorge Segurado alkateari, ehun urteko omenaldiaren plaka inauguratzeko, lore-eskaintza egitearekin batera.
Errimak, eskola zaharrari
Ekitaldiarekin jarraitzeko, orain gutxi auzunean lur hartu duen Unai Gaztelumendi Arandia bertsolariak, bertsoak jarri zizkion eskolari. Ezinbestean, eskola eta auzoa hizpide izan zituen:
Ai Xoxokako eskola zaharra
guri begira jarria.
Zein iskinatan izango dezu
lehendabiziko harria?
garai bakoitzak eskatu gisan
serbitu dezu herria.
Ia ehun urte gainean eta
oraindik ere berria.
Gerra aurretik eraiki eta
ostean, berriz, ze urte
garai gogorrak izan zirela
kontatu izan digute.
Hemengo jolas, bihurrikeri,
liburu eta apunte…
ai Xoxokako hormek hizketan
jakingo baldin balute!
Hemen ez dio kaleak hartzen
landa giroari gaina
hain ahul daukagun hizkuntzak ere
hemen estalpe bikaina.
Alkate jauna, zuk eskumenik
ez dezu izango baina
gaur egun hemen bada umea
berriz zabaltzeko aina.
Baietz beste ehun
Zizka-mizken aurretik, elkarteko lehendakaria den Joseba Ubillosek egin zuen hitzartzea. Azaldu zuenez, jada, aterpe gisa ezagutu zuen berak Xoxokako eskola: “Ia gehienok egin dugu noizbait lo eraikin honetan. Denok gogoratuko gara nola zeuden hiru pisuko literak; hori ez da toki askotan ikusten”. Dena dela, ondo baino hobeto ezagutzen du Ubillosek, nagusiagoak diren auzokideen ahotik, xoxokarrek, auzolanean, eskola eraikitzeko erakutsi zuten borondatea eta ahalegina: “Bazegoen umeak eskolara eraman behar zirenaren pentsaera. Alegia, ez zuten garai hartako agintariek ekarri, auzoak berak, bere esfortzuaren eraiki zuen”.
Hari horri tiraka, frankismo garaiak eskola horretan harrapatu zituzten auzokideen anekdotak partekatu zituen, jarraian, herrikideekin: “Euskara hutsean hazitako umeek, hona etorri eta erdaraz ikastera behartu zituzten. Baserritar euskaldunak izateagatik ere gutxietsiak izan ziren askotan. Hizkuntza arrotz batekin behartuta, nahikoa egin zutela esango nuke nik”. Hori horrela, ehun urteren ondoren, euskararen arnasgune izaten jarraitzen duela gogorarazi zuen elkarteko lehendakariak, baita auzoko haurren topaleku ere: “Jolasten ikasiz eta gure ingurua zainduz gure haurrak duten toki ederra da”. Mende bat bete berri badu ere, anbizioz begiratzen diote auzoan, Ubillosen hitzetan, etorkizunari: “Jarrai dezagun, umeentzako ekintzak antolatzen eta, nola ez, euskaraz bizitzen, Xoxokako eskolak bere esentzia inoiz gal ez dezan”.
“Jarrai dezagun, umeentzako ekintzak antolatzen eta, nola ez, euskaraz bizitzen, Xoxokako eskolak bere esentzia inoiz gal ez dezan”.
Joseba Ubillos, Auzo elkartea