SANMIELAK 2025

Txosnen ordenantzaren inposaketak utziko ditu Sanmielak txosnarik gabe, EH Bilduren ustez

aiurri 2025ko abu. 22a, 12:48

Urnietako EH Bilduk zabaldu duen oharrean adierazi duenez, iaz Udal Gobernuak txosnak jartzeko moldatu zuen arautegiak “txosna gabe utziko ditu Sanmielak”. Erantsi duenez, Gobernu taldeak ez zion ekarpenik egiteko aukerarik utzi, eta gainera, “txosna batzordeko kideekin adostu eta kontrastatu gabe zegoen”. Urgentziazko mahai bat eratzea eskatu dio Udal Gobernuari, "egoera bideratuko duen erabakiak lehenbailehen hartzeko". Hona EH Bilduk zabaldu duen oharra, osorik:

"Txosnak jartzeko arautegia moldatu zuen iaz Udal Gobernuak; Udalbatzak 2024ko udan onartu zuen, gehiengo osoz, EAJ-PNV eta PSE-EEko aldeko bozkekin. EH Bilduk aurka bozkatu zuen, arrazoi hauengatik:

- Gobernu taldeak ez zigun ekarpenik egiteko aukerarik utzi.

- Txosna batzordeko kideekin adostu eta kontrastatu gabe zegoen.

EH Bilduren ustez, araudi plural eta parte-hartzaile bat lortzeko beharrezkoa da inplikatutako eragileekin zuzeneko elkarlana. Gobernu taldeak esana da jai-batzordeko elkarte guztiekin hitz egin eta adostuta dagoela arautegia. Begi-bistakoa da ez dela horrela izan.

Gobernatzeko modu jakin baten ondorioa da San Migel jaietan txosnarik eta haiei lotutako egitaraurik ez egotea. Herritarrekin eta elkarteekin kolaboratu ordez, gobernuak aldebakarrez eta goitik behera inposatzen ditu udal politikak. Beste behin, kaltetuak herritarrak dira.

Urnietako EH Bilduk Udal Gobernuari eskatu dio beharrezko erabakiak hartzeko egoera iraultzeko. Beharrezkoa da urgentziazko mahai bat eratzea, txosna batzordeko eta Udaleko alderdi politiko guztien artean, egoera bideratuko duen erabakiak lehenbailehen hartzeko".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!