Ehun urte bota behar da atzera begirada, hain justu ere, Xoxokako Eskolaren ateen irekierarekin topo egiteko. Urnietako Udal Artxiboak gordetako 1924ko maiatzaren 30eko txosten batek aditzera ematen duenez, auzoan aski nabarmena zen hutsune bati erantzuteko helburuz sortu zen eraikina: analfabetismoa. Uzta biltzeko garaian, batez ere, “irregularragoa” izaten zen haurren bertaratzea eskolan, izan ere, gurasoei etxeko-lanetan laguntzen gelditzen ziren seme-alabak. Horrez gain, agiriak biltzen duen bezala, baserrien arteko distantzia ere ez zen lagungarria, eta maiz izaten ziren baldintza klimatologiko kaskarrak ere oztopo izan ohi ziren eskolara joateko. Hori horrela, ez ziren aukera egokiak, ez herriguneko Eskola Publiko Nazionala, ez auzuneko Kintalaenea baserrian martxan jarritako eskola, irakaskuntza sustatzeko Urnietako Udalean sorturiko Tokiko Batzarraren esanetan, azken horrek ez baitzituen gutxieneko higiene-neurriak betetzen.
Hari horri tiraka ireki zen Xoxokako Eskola 1925. urteko uztailaren 2an. Hala, ia 50 urtez egon zen zabalik eta lau irakasle izan zituen: Angela Arrue (1925-1936), Matilde Aranzaolatroque (1936-1938), Petronila Esnal (1938-1943) eta Pepita Campos (1943-1973). Bada, bertako ikasmahaietatik auzoko makina bat haur igaro da: tartean, ondo baino hobeto oroitzen dituzte eskolako kontuak Izaskun Minerrek (Benta baserria, 1947), Begoña Ubillosek (Pagoalerdi baserria, 1950), Tere Lasartek (Aierdi baserria, 1962) eta Arantxa Aldanondok (Pagoaga baserria, 1965).
Auzolana ardatz
Herrigunetik urruti samar kokatzen den arren, herritar mordoxka bizi da Xoxokako landa-eremuan. Are gehiago, bat datoz lau ikasle ohiak: baserrien arteko distantzia ez da oztopo izan bizilagunen komunitate-ehuna sendo mantentzeko. Iraganean, heriotzen aurrean, gaixotasunen agerpenean, irteeretan… Askotariko motiboren bueltan biltzen ziren alboko atarikoekin, laguntzeko zein elkarren konpainiaz gozatzeko. Tarteka, Aldanondok esan bezala, “ahaldiya” ere izaten zen, auzolana, bideak egiteko zein garbitzeko, uzta-biltzeko, sagardoa ekoizteko… “Artoa eta babarruna egin behar zen garaian, belarretan… elkarri laguntzen genion”, du gogoan Begoña Ubillosek. Bide horretan, zaintza eta babesa handia zela gogora ekarri du Lasartek eta harekin bat dira aho batez gainerako hirurak ere.
Bada, auzolanaz jardutean, ezin aipatu gabe utzi Xoxokako Eskola, bizilagunen prestutasun nabarmenak pisua izan baitzuen proiektuaren eraikuntzan. Hala, Altzibarko harrobiko harria eta hondarra erabiltzeaz gain, Zilegi mendietara jo zuten xoxokarrek, bertako pagadietako egurra pilatzeko. Hasiera batean, 20.694,57 pezetako aurrekontua zuen Antonio Setien arkitektoaren zuzendaritzapeko proiektuak, baina, azkenean, egitasmoa ez zen 13.000 pezetetara iritsi ere egin, auzotarren izerdiari nahiz Foru Aldundiak emandako 4.000 pezetako dirulaguntzari esker.
Eskolaren sorreran ez ezik, horren mantenuan ere parte-hartze zuzena izan zuten bizilagunek. Esate baterako, neguko egun hotzetan, estufa pizten zuten: “Gure anaiak, klasera sartzerako, egurra txikituta izaten zuen”, oroitu du Minerrek, “eskola garbitu-eta guk egiten genituen”. Gainera, ikasturtea bukatu ondoren ere izaten zen zereginik eskolan, Ubillosen hitzetan: “Gogoan dut nola etortzen nintzen izebarekin lejia bota eta lurra zuritzera!”.
Egun osoan egoten ziren eskolako ateak zabalik, goizetan, eguerditan zein arratsaldetan izaten baitziren klaseak, baita, kasu batzuetan, gauean ere. Azken horietara egun argitan bertaratu ezin zuten mutilak joan ohi ziren. “Sei urtetatik hamalaura arte, pentsa, denak nahastuta, baita klasea emateko ere”, dio Minerrek. “Nik ikasten nuen garaian, klaseak mutilak alde batean izaten ginen eta neskak bestean”, gehitu du Ubillosek. Urteak joan urteak etorri, ordea, hori aldatu egin zen, Tere Lasartek argitu bezala, Frankismo garaiko Enciclopedia Alvarez ezaguna eskuan, adinaren araberako hiru tartetan banatzen baitziren bera eskolan izan zenean.
Lezioa, “kastellanoz”
"En clase se habla castellano", “en la clase no se habla en vascuence”... Ehun bider idatzi behar izaten zuen arbelean Ubillosen zein Minerren garaian ikasgelan euskaraz aritzen zenak. “Nik erdaraz ez nekien, tutik ere ez!”, azaldu du Ubillosek, “Ezta guk ere!”, erantzun azkar beste hiruek, barre artean. Hala, Campos irakasleak, soilik, gaztelaniaz hitz egiten zekien. “Halabeharrez” ikasi behar izan zuten eta “oso gogorra” egin zitzaion hori Lasarteri: “Ez genekien gaztelaniaz eta Eskola Nazionala zen. Gure artean ezagutzen ginen eta denak euskaraz egiten genuen, baina, jarri zaitez gero eskolan erdaraz ikasten, irakurtzen…”. Inspektorearen bisitaldiekin ere serio demonio jarri behar izaten ziren, “oso inportantea” izaten baitzen, ikasitako lezioen gaineko azterketa egiten baitzien.
Hizkuntzaren erabileraz gain, erlijioak ere bazuen pisua eskolaren egunerokoan, On Jose Inazio apaiza katekesia ematera igotzen baitzen, eta errosarioa edo kredua bezalako otoitzak ere egiten zituzten. Modu berean, garrantzitsua izan zen apaiza auzoan, haren eskutik ikasleek zenbait irteera egin baitzituzten-eta: Urbiara, hondartzara, SantimamiÒeko kobazuloetara…
Guztia ez zen ikasmahaietan eserita egotea, ordea, jolaserako tartea ere hartzen baitzuten. Futbolean aritu ohi ziren mutilak eta beraiek gorde-gordekan, soka-saltoan edota izena ondo oroitzen ez duten beste hamaika jolasetan.
Baserria eta eskola
Eskola-egunetan, oinez joaten ziren etxetik abiatuta. Bakarrik edo inguruko baserrietako umeekin elkartu eta bidetxurretan gora-behera eginda ailegatzen ziren eskolara. Eta, euri egunetan, zer? “Bada, berdin-berdin! Busti egiten ginen, guardasolarekin eta katiuskekin joaten ginen”, dio Aldanondok.
Eskolako ordutegiak baserriko lanekin uztartu behar izaten zituzten etxe askotan, izan zaintza-lanetarako, izan etxeko zereginetarako. Hala, askok adin batetik aurrera, zailtasunak izaten zituzten eskolara joateko, Lasarteren etxean, adibidez: “Ni jaio nintzenean, hamabi urte zituen ahizpa zaharrenak. Nire zaintza utzi zion amak, bera esnea banatzera joan behar izaten zelako Hernanira”. Era berean, penaz hartu zuen Ubillosek eskola uztea: “Ezin nuen gehiago luzatu; aita lanean egoten zen eta etxeko lanak egin behar ziren”.
Urteen poderioz hori aldatzen joan zen, ostera, eskolatik igaro ziren azken belaunaldien bueltan, jada, lehentasun potoloa zela ulertuta, ia guztiak joaten baitziren hasi eta buka eskolara.
Eskolaren itxiera
1973. urtean itxi zen Xoxokako Eskola, Pepita Campos irakasleak erretiroa hartzearekin batera. Ubillosek eta Minerrek, dagoeneko, utzia zeukaten eskola, eta, amaitu bezala, garaiko emakume gehientsuenen antzera, josten eta bordatzen ikasteari ekin zioten. Alabaina, haurtzaro koskorrean harrapatu zien gertaerak Lasarteri zein Aldanondori. Lehena, itxierarekin batera, herriguneko Eskola Nazionalera joan zen. Bigarrena, aldiz, ikasturte bat lehenago aldatu zen eskolaz: “Zazpi urte nituela jaitsi nintzen herrira, monjetara. Jada, banekien idazten eta irakurtzen eta matematiketako ariketak egiten. Ikasita joan nintzen”. Dena den, handi gelditu zitzaien biei aldaketa, “trauma, drama latza” izan zen. Tere Lasarte: “Gure kasuan, zortzi maila zeuden, aldaketa handiarekin egokitu ginen. Xoxokan denak elkarrekin egoten ginen, eta han dena zegoen banatuta, irakasle asko, bakoitza bere gaitegiarekin...”. Xoxokan sentitzen zuen goxotasunaren falta sumatu zuen Aldanondok aldaketa egitean: “Xoxokan, txikienetarikoa nintzenez, asko zaintzen ninduten. Oso-oso maitatua sentitzen nintzen. Kalera jaitsi eta hori dena ez zen existitzen, oso gaizki pasa nuen”.
Lasarteren kasuan, hezkuntza publikoak ipinitako autobus-zerbitzuan egiten zituen eskolara joan-etorriak. Aldanondok, ostera, kotxean egiten zuen jaitsiera, “ama esnea partitzera jaisten zenean. Ondoren, oinez igotzen ginen, tipi-tapa”.
Berriro elkartzeko premia
Auzo izaerari egonkortasuna ematen zion eskolak. Hori horrela, eraikinaren itxierak eragina izan zuen, lau elkarrizketatuen iritziz, Xoxokako giroan: “Lehen, gainera, oinez ibiltzen zen jendea, elkar ikusten zen. Gero, ez, kotxeekin eta beste pasata, ezta ezagutu ere auzoko jendea!”, uste du Minerrek. Gerora, aurrera aterpetxe modura ere erabili izan zen. Auzoan, “nor bere gisan” ibiltzen hasi zela dio Lasartek, harik eta, urte batzuk aurrera, 2008an Xoxokako Auzo Elkartea sortu zen arte: elkargune baten premia plazaratu zuten bizilagunek, beren arteko harremanak estutzeko. Hala, Urnietako Udalak egin zituen zaharberritze-lanak eta gozotik zukutu dute harrezkero auzotarrek, xoxokar guztiei begirako eskaintzarekin: tailerrak, haurren merendolak, udalekuak, hitzaldiak, ikuskizunak, otorduak…
Eskutik helduta doaz Xoxokako festak ere. Sanmielen ondoren, ospakizunak hartzen du auzoa. Horrela, jaiek auzotarrak batzen dituztelakoan da Aldanondo: “Zentzu horretan errepublika independentea izan gara”.
Ehun urte poltsikoratuta
Atzera begirako ariketan jarri ditu urteurrenak Goiburuko baserritarrak. Auzoko sekretu mordoxka gordetzen dituzte Xoxokako Eskolaren paretek, ehun urtean auzoan gertatu diren gauza guztien lekuko izan baitira. Estimu handiz hitz egiten dute ikasle izandako askok bertan bizitakoez, buruz ikasitako gaztelaniazko lezioez zein arbeleko matematikako formulez harago ere irakaspen handiak atera baitzituzten eskolan igarotako urteetatik. Horrenbestez, gogora ekarri du Minerrek auzotar askoren bizipena: “Gure unibertsitatea izan zen Xoxokako Eskola”.