Erantzukizuna eskatu diete erakunde publikoei, Gurutze Iantziren omenaldian

Aiurri 2025ko ira. 25a, 13:06

Urtero bezala, Gurutze Iantzi Igerategi herrikidea izan zuten gogoan hilaren 24an, EAEko Legebiltzarreko biktimen Balorazio Batzordeak Iantzi ofizialki polizia indarkeriaren biktimatzat jo eta ia urtebetera. Egiari Zor fundazioak deituta, arratsaldeko 19:00etan egin zuten agerraldia San Juan plazan, hitzez, musikaz, bertsoz, dantzaz eta lore-eskaintzaz, orain dela 32 urte, Tres Cantosen, Guardia Zibilaren torturapean hildako urnietarra omentzeko.

Karmele Urbistondok hartu zuen lehenik hitza, hain zuzen ere, Iantziren sarekada berean atxilotu eta torturak salatu zituen herrikideak: “Urte hauetan guztietan, gezurra, laidoa, mespretxua, bazterketa edota irain-isekak izan dira nagusi hainbaten ahotan eta jarreretan, esanei entzungor, gertaerei ez ikusia eginez”. Hori horrela, zorrotz mintzatu zen EAJ eta PSE alderdiekin, haren hitzetan, biek ala biek, Iantziren heriotzaren aurrean, isiltasun “lotsagarria bezain lotsarazlea” erakutsi baitute: “Hitz bakar bat ere ez, adierazpen soil bat bera ere ez. Elkartasun, enpatia keinu zipitzik ere ez. Salaketa irmorik ez, erantzukizun eta ardura, galdegite apalena ere ez. Ez publikoa, ezta pribatua ere”. Bide batez, begirada herrira gerturatu zuen: “Alkate jaunak, herritargo alorreko zinegotziak zer esanik ez dute? Eta Baketik-ek, herrian bizikidetza sustatzeko udal aurrekontuetatik urtero-urtero diru-sail bat jasotzen duen elkarteak? Zer bizikidetza eredu da eurena orduan?”. 

Justizia falta dagoela aldarrikatu zuen Urbistondok ekitaldian, “zu erail zintuztenek, zure erailketa isildu, babestu, justifikatu zutenek, zigorgabe jarraitzen baitute”. Hala, amaitu ez den bidea dela gogorarazita, hitz goxoz biribildu zuen hitzartzea urnietarrak, Iantziri zuzenduta: “Udazkena heldu ahala izaten zaitugu, bereziki, miran. Gauak luzatzen eta egunak mozten doazen urtaro honetan. Udazken koloretan, landen lurrinak zeharkatuz, zutaz oroit eta zugan”. 

Aitortza eta erantzukizuna

Egiari Zor fundazioaren izenean hitz egin zuen Nagore Brelek. Haren adierazpenez, ez da “inondik inora erraza izan” ofizialki Iantzi polizia indarkeriaren biktima gisa aitortzea, bien bitartean, hiru hamarkadatik gora gailendu izan den bertsioaren “zama mingarria” kontuan hartuta: “Bitxia da ordea, Jaurlaritzak Gurutzeri bizitzeko eskubidea urratu ziotela ebatzi izana eta hain larria den krimen honek, bestelako ondoriorik ez izatea, erantzuleak egongo ez balira bezala”. 

Aitortza publikorako deia egin zuen Brelek, “iraingarria” delako, “Estatuak zer nolako inpunitatearekin urratu zituen milaka herritarren giza eskubideak”. Haren esanetan, “mingarria” da inork gutxik galdetu izana ea zergatik dauden argitu gabe “estatu-aparatuek eragindako giza eskubideen urraketa gehienak”. 

Fundazioaren iritziz, elkarbizitzarako bidea eraikitzeko, biktimak aitortzeaz gain, egindako krimenen ondoriozko erantzukizun politikoak argitzea da abiapuntua: “Horiek ahalbidetu zituzten baldintzei buruz hausnartzea eskatzen du, ondorioak ikusaraztea”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!