Abiatu dira txosnagunerik gabeko Sanmielak

Jon Ander Ubeda 2025ko ira. 25a, 21:49

Urnietako jaiak abiatu dira eta txosnagunearen auzia saihestezina da. Gobernu-taldeak datorren urteko arautegia lantzeko borondatea erakusten duen bitartean, Txosna Batzordeak aurtengo hutsunea gizarteratu nahi izan du plazan.

Urnietar ugari hurbildu da San Juan plazara, Sanmielen hasieran. Ohikoan bezala, ez dira falta izan Miela, erraldoiak eta buruhandiak, txaranga, jaien hasierako suziria eta pregoia... Ziurrenik, bertan ziren gehienen buruan zegoen aurreko hilabeteetan txosnekin izan den afera. Aurten ez da txosnagunerik izango eta egoera hori oso presente egon da. Bereziki, txosnen aldeko pertsona ugari hurbildu delako plazara.

Denda Berrik piztu du metxa, eta bere kideek irakurri dute jaien hasierako pregoia. Haien tarteari errespetua gorde ostean, txosnaren aldeko mezuak entzun dira plazan.

Jakina denez, aurten ez dago txosnagunerik.  Gobernu-taldeak datorren urteko arautegia lantzeko borondatea erakutsi du, araudi berria jendaurrean argitaratuz. Baina Txosna Batzordekoak ez daude aurten gertaturikoa oharkabean igarotzeko prest eta beren aldarria agertzeko aukera baliatu dute.

Pregoilarien alboan, gaurkoan, ordezkari jeltzaleak eta sozialistak ikus zitezkeen. EH Bilduko kideak ez dira balkoira igo, Txosna Batzordearen ekimenarekin elkartasunez.

Gaurkoan hasita, eta, astelehenera bitarte, ekitaldirik ez da faltako Urnietan. 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!