Jaietan murgiltzeko deia luzatu du Urnietako Udalak

Aiurri 2025ko ira. 25a, 07:06

Badatoz Urnietako Udalak antolatutako Sanmielak: bost eguneko egitaraua izango da, ostegun honetan hasita. Jarraian etorriko dira Arrosarioko Ama Birjinaren ohorezko jaiak eta Xoxokako festak, urriko lehen bi asteburuetan

Txosnagunerik gabe eta herriko elkarte eta eragileen aspaldiko parte-hartze txikienarekin, hemen dira Sanmielak, ostegun honetan hasi eta astelehenera bitarte. Hala, egitaraua aurkeztu du, aste honetan, Urnietako Udalak. Jorge Segurado alkateak eta Ana Pozas Kultura zinegotziak eman zituzten hitzorduen nondik norakoen berri. Era berean, urriko lehen asteburuko Arrosariokio Ama Birjinaren ohorezko jaiak eta ondoren datozen Xoxokako festak aurkezteko ere baliatu zuten momentua.

Seguradok azaldu zuenez, “anitza eta jende guztiarentzako jardueraz betea” da aurtengo egitaraua eta Udalak azken asteetan egindako “lan handia” nabarmendu zuen aurkezpenean, “ahalik eta programa zabalena, anitzena eta integratzaileena osatzeko”. Hori horrela, “bereziki aurten” ospakizun-egunetan parte hartzea erabaki duten elkarteen lana azpimarratu zuen alkateak, baita Udaleko teknikariek egitaraua ixteko egindako ahalegina ere, “denbora errekorrean berregin behar izan baita”.

Denda Berri elkartea eta tokiko ekoizleak

Pozasek eman zituen egitarauaren gaineko zertzeladak. Mende erdiko ibilbidea nabarmentzeko, Denda Berriren eskutik ailegatuko da Sanmielen txupinazoa herrira: “Elkarteak 50 urte daramatza lanean gure adinekoen artean ongizatea, osasuna eta konpainia sustatuz”. Hari horri tiraka, tokiko ekoizleak ere hartuko dituzte gogoan festetan, Sanmiel egunean, 0Km ekimeneko kideak omenduko baitituzte ordezkari politikoek: Adarrazpi, Errekalde, Gurutzeta, Goiburu eta Urtzi Telleria. Bost urteko bidea bete berri du proiektuak eta, astero-astero, San Juan plazan hitzordua egin eta sasoiko produktuak herritarren eskura jartzen dituzte.

Egun batez, haurrek ere protagonismo berezia hartu ohi dute Sanmieletan, Haurren Egunean, hain justu ere. Bada, aurten hilaren 26an izango da hori eta Nora Aranburu eta Unax Altuna Alkate Txikiek gobernatuko dute herria, goizetik hasita, arratsaldera bitarte umeei zuzenduriko jarduera-sorta zabala izango den egunean. Bide beretik, aurten, Udalak iragarri duenez, musikarik gabeko tarteak izango dira barraketan, igandean, 17:00-19:00 bitartean, zarataren aurrean sentsibilitate handiagoa duten herritarrentzat.

Musika-eskaintza, bi tokitan

Azken hilabeteetan Txosna Batzordeak eta Urnietako Udalak izandako harreman gatazkatsua medio, ez da txosnagunerik izango jaietan. Horren aurrean, Etxeberri plazan “gazteentzako oholtza” antolatuko dela iragarri zuen Pozasek. Bestalde, urtero legez, musika-hitzorduak ere egongo dira San Juan plazan. Besteak beste, La Txama, Del Canto, Mirua, Da Igual, Oxabi Erromeria, DJ La Fulana eta Puro Relajo igoko dira oholtza gainera, aipatutako bi guneetan.

Erasoen aurean, arreta-gunea

"Eraso matxistei, lekurik ez" lelopean, informazio- eta arreta-gunea izango da aurten jaietan. Bi egunez, hilaren 26an eta 27an, Idiazabal kaleko 13. zenbakian (KZgune ondoan) egongo da Puntu Morea, 23:00etatik 04:00etara.

Aldaketak, trafikoan

Aldaketak ekarriko dituzte Sanmielek herriko trafikoan. Esaterako, barraken ondorioz, itxita egongo da urriaren 1a bitartean Errekaldeko aparkalekua. Idiazabal kaleari dagokionez, irailak 26ko arratsaldetik irailak 28ra bitartean, itxita egongo da Itxaspe paretik Kandela pareraino. Bestalde, Etxeberriko biribilgunetik San Juan plazara doan trafikoa Maximo Yurramendi kalera bideratuko da. Arantzubi aldetik, San Juan plazarako sarbidea ere itxita egongo da, San Juan 11 parean. Eta Geltoki kaletik egin beharko da Azkorte kalerako sarrera, behetik gora.

Errepide-mozketen ondorioz, aldaketak izango dira autobus-zerbitzuan. Idiazabal kalea itxita dagoen bitartean, bi geltoki egongo dira martxan: Elkarteen etxearen ondoko biribilgunean eta Langardako biribilgunean.

Jaiak, espazio seguru izateko deia

Txosnagunearen gaineko ordenantzak azken hilabeteetan ekarritako gorabeheei aipamena eginda, jaiak “elkartzeko, ospatzeko eta askatasunez gozatzeko gune segurua” izateko deia luzatu zuen Jorge Seguradok agerraldian: “Jaiak libreki ospa ditzaten, eta inork ez ditzan baldintzatu parte hartzeko erabaki indibidual edo kolektiboak. Ez dugu onartzen jai-giroa baldintzatu nahi duen presio-modurik, ezta garapen egokia oztopatu nahi duenik”.

Programa, eskura, sakelakoan

Mugikorrerako aplikazioan zintzilikatu du Urnietako Udalak jaien egitaraua, herritarrek, uneoro, eskura izan dezaten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!