San Juan plazan amaitu da manifestazioa, eta bertan, honako agiria irakurri dute:
“Urteak dira jada urnietarrak herrian txoznak jartzen hasi zirela, modu batera edo bestera, izen batekin edo bestearekin. Herrian zegoen behar baten isla zen. Alde batetik, herrian bertan aisialdirako tarte bat izatea eta, bestetik, herri izaera eta kohesioa indartzea zuten helburu. Honek forma borobilagoa hartu zuen Poxta Zaharren sorrerarekin. Herriko gazteen antolakuntzaz lortu zen urte batzuk atzera ezinezkoa zirudiena: Urnietan txoznagune bat egotea herriko festetan.
Poxta Zaharrek urte luzez antolatu zuen txoznaguneko egitaraua eta, azken urteetan, Txozna Batzordeak hartu du lan hori.
Beti egon da, ordea, bidailagun desatsegin bat, zenbat geratzen den galdetzen duen horietakoa, lagundu beharrean maiz oztopoak jartzen dituena. Herriak gurpilaren lana egiten duen bitartean Udalak makilaren papera hartu du zangotrabatuz, burokrazia amaigabean sakonduz edota herriko festen parte izan eta espazio bat edukitzea ukatzen saiatuz.
Udal Gobernuari ez zaio kontrolatzen ez duena gustatzen, arrotz egiten zaio. Herriaren adierazpenekin ez daude eroso, beren interesetara egokitzea nahi dute, men egitea. Oraingoa ez da lehenengo aldia. Ez dugu ahaztuko Poxta Zaharrek sortutako Miela lapurtu eta despolitizatu izana edota gaztetxea bihurtu zen eraikina desegin izana. Herria geldirik nahi dute, inor ez dadila mugitu, denak berdin jarrai dezan.
Guk ordea, urrutiegi iritsi direla pentsatzen dugu. Hilabeteetan zehar beste alde batera begiratu ondoren, ez digute beste aukerarik utzi, nahikoa dela diogu. Jarrera bakezalea erakutsi nahi dute, baina horren atzean inposaketak daude. Negoziazioa irekita dago bai, baina beren aurpegia zuritzeko komunikatuak zabaltzen jarraitzen dute.
Ez gara nazkatuta gauden bakarrak. Eskatu gabeko elkartasuna jaso dugu, hainbat eragilek ere euren ekintzak alde batera utzita. Eskerrak eman nahi dizkizuegu zuei denoi. Argi daukagu zergatik iritsi garen honaino eta bidea oraindik ez dela bukatu. Denontzako kolpea izan da txoznak ez jartzea eta betiko festak ez edukitzea, baina lortzen gabiltzanak erakusten digu egoerak hori eskatzen zuela. Urnietako errealitateak eskatzen digu elkarrekin antolatzea, gauzak aldatzeko lanean jarraitzea, borrokatzea.
Ez dute lortuko, beharrezko baldintzak lortu arte ez gara isilduko. Urteetan zehar borrokatutako espazio herrikoi, anitz eta parte-hartzaileak hala izaten jarraituko du.
Ez gaude irizpide teknikoen kontra, herria denona den heinean, denon ongizatea bilatzearen alde gaude. Ez dugu inoiz arautegi mehatxatzaile eta jazartzaile bat onartuko. Herritik sortu diren antolakuntza forma zein kolektiboek zilegitasun osoa dute adierazteko, baita parte hartzeko ere.
Gauzak horrela, irmoki salatu nahi dugu Udalaren jarrera prozesu luze honetan. Hasieran gure eskariak mespretxatuz, ondoren korrika eta presaka jaiak nola edo hala ateratzeko beharra izanez eta, azkenik, txoznagunea ez egotearen ardura Txozna Batzordeari egotziz. Bide honetan, autokritikaren zantzurik ez.
Batzordea osatzen dugun eragileak gara lehen interesatuak txoznagunea aurrera atera dadin. Hori bai, denak ez du balio, eta Txozna Batzordea osatzen dugunon lan egiteko modua eta antolakuntza errespetatzen ez badituzte, jai dute”.