Omenaldia, herriko ekoizleei

Aiurri 2025ko ira. 29a, 16:40

San Migel egunez, omenaldi instituzionala izan da, gaur, eguerdiko 12:00etan, udaletxeko areto-nagusian. Bertan, Adarrazpi, Errekalde, Gurutzeta, Goiburu eta Urtzi Telleria izan dira protagonista bereziak, orain bost urte martxan ipinitako 0Km egitasmoagatik. Besteak beste, udal ordezkariak izan dira ekitaldian, ekoizleen gertuko senitartekoekin zein lagunekin batera. Argazki-sorta eta bideoa, hemen: 

Jorge Segurado alkateak hartu du, lehenik hitza, bost protagonistei begira, eskertza hitzak zuzentzeko, bertako eta kalitatezko produktuaren alde egiten duten lanagatik: “Kontsumo-eredua aldatu eta globalizaziorantz jotzen duen une honetan, Udalak hurbileko merkataritzaren eta produktuen aldeko apustua egiten jarraitzen du”. Bide horretan, Urnietako ekoizleen lana “funtsezkoa” delakoan da Segurado: “Zuei esker urnietarrek produktu osasuntsuak, zaporetsuak, sasoikoak eta kallitatezkoak dituzte eskura. Era berean, tokiko ekonomia eta ingurua zaintzen laguntzen duzue”.

Jarraian, Oihana Iguaran eta Sebastian Lizaso bertsolariek, doinuz zein errimaz jarri dute balioan herriko ekoizleen eguneroko zeregina. Hala, Txanbolin txistulari bandaren laguntzaz, Agurra dantzatu diete omenduei Gero Axular dantza-taldeko bi kidek.

Hitzordua biribiltzeko Maite Otaño Gurutzetako baserritarrak hitz egin du omendu guztien izenean. Pandemia garaia bota du begirada atzera tokiko ekoizleak, “ziurgabetasun handiz” ekimena sortu zen unera, hain justu ere: “Betiko moduan, lehen sektorea osatzen dugun baserritarrok erakutsi genuen gizartearenganako eta herriarenganako konpromisoa eta, Udalaren laguntzaz, Urnietako KM0 egitasmoa sortu genuen”.

Osasun-larrialdia amaituta ere “ilusio berarekin” jarraitu dute lanean ekoizleek, “elikagaiak sortuz, eta merkaturatuz, ingurunea zainduz”. Otañoren ustez ekoizleek herritarrak behar dituzten beste behar dituzte herritarrek ekoizleak: “Gure nahia da tokiko produktuak kontsumitzea eta balioan jartzea, horietan baitago gure lana ez ezik, gure bizimodua eta lurra ulertzeko modua ere”. Horrela, eskertza zabala erakutsi die Urnietako Udalari eta astero-astero beraiengana produktu bila gerturatzen diren bezeroei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!