Mikel Ormazabal Urnietako erretoreak gogorazi du Jaungoikoak materiala ez den mundua ere eraiki zuela, eta aingeruak sortu zituela, besteak beste. Gehitu du aingeru batzuek ez ziotela jarraitu nahi izan sortzailearen erreinuari, eta geroztik, lanean ari direla haren egitasmo salbatzaileak porrot egin dezan. Ormazabalen esanetan, aingeru eroriak edo deabruak dira horiek, eta gure arteko bekatariak edo gaizkileak deabru horien biktima dira; deabruek bultzatzen dituzte gaizki jokatzera eta horrexegatik, kristauen errukia eta barkamena merezi dute.
San Migel jaien eskutik Urnietan bizi den giro mikaztua espreski aipatuta, adierazi du urnietarrak zatituta ikusteak deabrua poztu egiten duela. Era horretan, eskuan ezpata daukan San Migel Goiangeruari babesa eskatu dio deabru horrek eragiten dituen gaitz guztietatik libratzeko. Urnietarren artean batasunaren eta bakearen aldeko mezua zabaldu nahi izan du.
Gaztelania hutsean egin du sermoia Ormazabalek, nahiz eta elebietan izan Meza Nagusia.
Abeslariak, bertsolariak eta txistulariak
Mezan barrena, abestien arloa Xole Pagolak zuzentzen duen parrokiako abesbatzaren, txanbolin Txistularien bandako kideen eta Myriam Ulanga organo-jolearen eskutik joan da.
Sebastian Lizasok eta Oihana Iguaran bertsolariek bertso-saio laburra egin dute.
Bestalde, aipatzekoa da, aurten ez dela ohiko Alkate-soinua egin (udaletxetik elizara udal ordezkariek txistulariekin egiten duten ibilbide erritualizatua, alegia). Txistulariek uko egin diote ohitura horri Udalaren eta Txosna Batzordearen arteko talka dela eta. Aldi berean, parrokiako abesbatzako zenbait kidek ere ez dute parte hartu koroko kantu-saioan.
Meza amaiturik, Santa Leokadia ermitan, bertako errelikiari muin egitearen erritua biziberritu dute fededun ugarik.