Janus Lesterren emanaldia bertan behera geratu da

Aiurri 2025ko urr. 4a, 16:04

Sare sozialetan zabaldu duen mezuaren arabera, eta osasun arazoak argudiatuta, kontzertua bertan behera utzi du Janus Lesterrek. Aurrerago egingo dutela iragarri du.

Denbora tarte laburrean, ehunka musikazale bilakatu dira kantari nafarraren  jarraitzaile.

Jokin edo Janus, nola deitu behar zaitut?

Bi modutara dei nazakezu. Beti izan naiz Jokin, baina orain, bat-batean, bi errealitate horiek partekatzen ditut.

Kaletik zoazela baten batek Janus deituz gero, bira egiten duzu?

Bai, buelta ematen dut.

Ezagutu ditut artista batzuk, ibilbide bat osatu dutenak, izen propioa eta alter ego artistikoa partekatzen dutenak. Eta aitortu izan didate halako krisia izan dutela ezin bereizi dutelako persona eta artista. Zure kasuan, azti jokatu zenuen. Zer dela eta erabaki zenuen Janus Lesterren izena erabiltzea?

Zalantzan jarri nuen. Gogoan dut, taldekideekin solasean, Jokinen izenarekin edo Jokin Pinatxorekin plazara ateratzea pentsatzen ari nintzela. Gogoan dut bertigoa sentitu nuela eta egitasmoak aurrera egingo zuela jakin gabe –jakiterik ez zegoelako–, izen bat bilatzen aritu nintzen. Proiektuari begira nengoelako eta ez, hainbeste, niri. Gauza da denborarekin, egitasmoaren izen hori nire pertsonarekin identifikatzen duela jendeak. Horrela deitzen didate. Eboluzio natural hori gertatu da.

Eta nola daramazu bizitzen ari zarena? Zure ibilbide artistikoa laburra bezain meteorikoa izaten ari delako.

Ohitzen ari naiz oraindik. Bi urte eta erdi dira, lehenengo diskoa 2022ko bukaeran atera genuelako. Kristoren zortea izan genuen lehenengo diskoarekin: ehun kontzertu egin genituen eta biraren amaieran lortutakoaz jabetzen hasi ginen. Orain, bigarren diskoarekin, antzokietan jende asko batzen ari gara. Etxeko egongelatik jende askoren aurrean jotzera igaro naiz, bat-batean. Egoera berrira ohitzen ari naiz, esaterako, jendeak kalean ezagutzea edo zure izena izen publiko bihurtu dela ohitzera. Intseguritate berriak agertu dira, saiatzen zara dena zaintzen edo kontrolatzen baina ez da posible. Oreka hori bilatu nahian nabil.

Proposamenak ez dira falta eta oso bakanak dira horrelako arrakasta lortzen dutenak.

Oso kontziente naiz dudan zortearekin. Janus Lesterren aurretik Azken Trena izeneko taldean aritu nintzen, lagun artean Bera herrian sortu genuena. Ni egon naiz beste aldean, udal guztietara deika, txosnagune guztietara deika‚ zure burua saltzen jotzeko aukera izateko. Oraingoa oso bestelakoa da eta orain programatzaileak deika dauzkagu gu bertara jotzera joan nahi dutelako. Orduan, oso kontziente naiz dugun zorteaz. Egia da ere ikaragarrizko lana egiten dugula taldea aurrera eramateko. Ehun taldetik, akaso, batek du guk bizi dugun hori sentitzeko aukera eta saiatzen gara hori baloratzen. Kontzerturo eta disko bakoitzeko gure bertsiorik onena ematen saiatzen gara, zalantzarik gabe.

Ikasketak egin dituzu eta kimika alorreko tesia aurkeztu duzu. Datozen hilabeteetan musikaren bidetik jarraitzea buruan duzu, ezta?

Bizitzak hautua hartu behar izatera eraman nau. Lehen bizitza gradu guztia kimikan egin dut, karrera hasi nuenetik doktoretza amaitu bitarte, ia bederatzi urte izan dira. Eta, bat-batean, Janus Lesterrekin jabetu naiz nere ibilbidea egin dezakedala eta hautua egiteko momentua iritsi zait. Musikaren alde egin dut, ez baldin badut hartzen noizbait damutuko naizela seguru. Bertigoa sentitu dut, ez delako erraza inondik inora musikaz eta eszenatik bizitzea. Baina uste dut hau dela momentua eta horrek emango didala denbora eta espazioa lasaiago sortzeko. Lehen, eguna laborategian pasa eta gauean etxera iristean, orduan hartzen nuen sormenerako tartea. Eta, egia esan, bizitza berri honetara ohitzeko gogoz nago.

Ikasketen bidez egin duzun ibilbide horrekin oso gustura zinen eta, era berean, orain musikan aritzeko aukera hori daukazu. Ez da batere txarra zure egoera, gustuko bi aukeren artean erabaki behar izana.

Zalantzarik gabe. Ematen du kexatzen ari naizela, baina inodik ere ez. Banago Janus Lesterren eta nire beste alternatiba bada doktoretza batean oinarritutako zerbait. Bietan badut barrutik zerbait mugiarazten nauen hori. Musikaren hautua egin dut eta ez banago eroso beste bide hori hartzeko aukera dut. Pozik, nola ez, bi alternatiba edukitzearekin.

Eta etxean nola bizi dute egoera? Musikari oso lotutako familia baita zuena.

Nik uste dut egoerak ni harritu nauen bezala, beraiei ere modu berean eragin diela. Nire gurasoak, batez ere, etxekoen jarraitzailerik handienak izan dira beti: Estitxu arrebarena eta baita nireak ere. Aurreko taldearekin oroitzen naiz Arrasateko taberna batean jo genuela, 6 pertsona egongo ginen kontzertua ikusten, eta haietako bi nire gurasoak ziren. Ez dakit non jo eta nire gurasoak han izaten ziren. Janus Lesterrekin Madrilen jo genuen eta asteburua baliatu zuten gu hara ikustera joateko.

Bizi dudan "subidoi" hori jendeak gure abestiak kantatzen edo dantzatzen ikustea, gurasoek berdin bizi dute. Beraiekin bizi naiz eta beraiek entzuten dituzte abestien lehen bertsioak. Etxean abesten ditut, lehenik, eta gero ikusten dute kantu horiek jendarteak abesten dituela. Oso pozik daude eta Estitxu nire arreba ere bai. Estitxu izan da nire irakaslerik handiena, zalantzarik gabe. Hunkitu egiten da kontzertu batera etorri eta gure musikak duen harrera ikusita. Eta baita nik oholtza gainean zenbat gozatzen dudan ikusten duenean ere. Garrantzi handia ematen diot horri, ikaragarri gozatzen dudalako oholtza gainean.

Lehen diskoa egitea ez baita erraza, baina bigarrena argitara ematea erronka handiagoa da. “Lorea”  aurkezteko zorian zinela izan zenuen beldur artistikoa?

Guztiz. Ez dizut gezurrik esango, izan nuen beldur hori. Lehenengo diskoa nahiko modu askean konposatu nuelako: gorputzak eskatzen zidana idatzi, eta aurrera. Bigarren diskoa ere horrela egin dut, baina banuen atzean zama hori. Jendeak zer esperoko duen Janusen bigarren diskoa entzutean. Uste nuen jendeak itxarongo zuela disko dantzagarria izatea, eta ‚ “Lore” ez da bereziki dantzagarria. Kantagarriagoak dira, akaso, kantuen konponketa oso ezberdina da eta haize-sekzioa beste plano batean ageri da. Banuen urduritasun puntu hori, ea jendeari disko honekin “bajoitxoa” emango zion. Banuen beldur hori eta egia da diskoa argitara eman baino lehen konpartitu nuela konfiantzazko hainbatekin. Entzun nahi duzun hori esango ez dizutenak dira eta denen erantzuna antzekoa zen: zein ezberdina den baina zeinen ondo zueden hainbat gauza. Konfiantzazko eta hurbileko haiengandik jasotako feedback horri esker, urduritasun denak kendu nituen. Diskoa atera berritan, bueltan jaso nuen harrera oso-oso ona izan da. Azken batean egiten dugu musika, lehenik eta behin, guretzat. Dudarik gabe. Baina behin plazaratzen duzula, nahi duzu konexio hori lortu publikoarekin, bestela ez zenuke aterako. Bestela, nire logelan entzungo nituzke abestiak eta listo. Baina, lehen diskoarekin bezala, entzulegoarekin berriro zubi hori badagoela ikustean lasaitu nintzen. Egia esan, hau guztia gertatu da musikatik bizitzeko hautua hartu izanarekin. Nahastu zitzaizkidan sentimendu dezente eta urduri samar ibili nintzen.

Zure kantuekin eta doinuekin identifikatzen da jarraitzaile ugari. Zure ahotsa sendoa da baina, era berean, hegalaria da. Nola definituko zenuke zerorrek?

Jende askok aipatu dit hori eta lehenengo diskoan ez nintzen guztiz kontziente izan. Lehenengoa erronka izan zen. Azken trena aurreko taldean jorratzen genuen pop-rock estilo bat eta nire ahotsarekin ez nuen hainbeste arriskatzen.

“Ez zaitzala loak harrapatu” diskoan proba egin nuen lehen falseteak egiten, ahotsarekin kolore ezberdinak bilatzen. Jolasean aritu nintzen eta oso gustura sentitu nintzen. Konfiantza hartu nuen lehenengo diskoarekin eta “Lore” diskoan joera hori harago eramaten ahalegindu naiz. Abestiak jantzi ditut ahotsaren inguruan. Prozesu horretan bada ni eroso sentiarazten nauen zerbait.

Bereziki zaintzen duzu ahotsa?

Asko zaintzen dut eztarria. Kontzientzia handia hartu nuen lehen diskoarekin hasita. Ez dut oso erraz galtzen ahotsa baina abesti batzuetako melodiak oso exijenteak dira eta ahotsa pittin bat  galtzearekin asko sumatzen dut. Alde handia dago, emanaldia gozatzetik tiraka ibiltzera pasa zaitezke eta horregatik ahotsa asko zaintzen dut. Kontzertuen inguruko egunetan loa, hidratazioa lehenesten dut. Eta kontzertu egunean nahiko isilik egoten naiz. Berezkoa dut bolumen handia hitz egiterakoan. Egin izan ditugu hiru kontzertu jarraian eta jendearekin harremanetan ordu asko ematen ditut. Saiatzen naiz ahotsa gehiegi ez bortxatzen, kontzertua nahiko exijentea delako.

Bortzirietatik Euskal Herri osora zabaldu da zure musika. Esperientziak badu gauza bat ona: musikaren bidez Euskal Herria ezagutzen ari zara. Aretoak, pertsonak, herriak…

Bai, bikaina da hori guztia bizitzea. Aretoei dagokionez, barrutik ezagutzen ditut orain lehen ikusle modura ezagututako aretoak. Bilboko Kafe Antzokia, Dabadaba… Areto horietan milioi bat bider egon naiz, oholtza azpian. Kamerinoak ezagutzen ditut orain. Bestalde, musikazale zarenean ez gara jabetzen, baina taldearekin zoazenean jabetzen zara kontzertu bat aurrera eramateko zenbat jende dagoen lanean. Atzekaldean lanean dabilen jende hori ikustea gogoko dut. Meritua guretzat izan ohi da baina bada jendea emanaldia hasi baino hamar ordu lehenago lanean hasi dena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!