Jaiei ekiteko prest dira Xoxokan

Aiurri 2025ko urr. 5a, 08:20

Artxiboko irudia

Urriaren 6an hasita 12ra bitarte iraungo dute, aurten, Xoxokako festek. Orotara, bost eguneko egitaraua osatu du auzoko Jai Batzordeak, adin eta guztiei begira. Ostiral eta larunbatean autobus-zerbitzua izango da Urnietatik.

Behin iraila igarota, azken txanpara ari da iristen herriko festen egitaraua. Xoxokako auzotarrek hartuko dute lekukoa: urriaren 6an hasita, 12ra bitarte iraungo du festak mendialdeko auzoan.

Astelehenean emango diote hasiera festari, herri-kirol erakustaldiarekin. Bertan izango dira, lehian, Beñat Telleria eta Julen Gabirondo, Xabat Olaizola eta Ugaitz Mugerzaren aurka. Oiamarko trikitilariek ipiniko dute giroa plazan. Egun horretako egitaraua biribildu eta tripa betetzeko asmoz, bazkari herrikoia egingo dute Adarra jatetxean, Mikel Artolaren eta Unai Gaztelumendiren bertsoak lagun.

Bizpahiru eguneko atsedena hartuta, ostegunean itzuliko da festa auzora. Zahagi ardoa izango da 20:30ean Xoxokako Eskolan eta edaria doan bada ere, antolakuntzatik abisua pasa dute: jatekoa nork bere etxetik eraman beharko du. Ondoren, festetan protagonismo berezia daukan hitzordua egingo da, Gau Sorpresa, hain zuzen ere.

Ostiralean, arratsaldeko 18:00etan ekingo diote egitarauari, herri-kirolak eta crossfita uztarten dituen erronkarekin. Urtero legez, bertsoek hartuko dute iluntzea: Xoxokako plazan izango da bilkura, Andoni Rekondo eta Andoni Mujika "Anatx" bertsolariekin. Gaueko hitzorduei begira, Mallet taldea eta DJ Oattolo egongo dira oholtzan.

Hamaiketakoak  eta puzgarriek irekiko dute igandeko egitaraua. Eguerdiko 12:30ean aizkora-erakustaldian izango dira Igoin eta Laiene Pikabea, Malen Barrenetxea eta Oier Mitxelenaren aurka. Arratsaldean makina bat hitzordu izango dira auzoan: mus-txapelketa, puzgarriak, magia-ikuskizuna, toka eta karabina txapelketa... Betizu-jatearekin egingo dute jauzi gaueko eskaintzara: Itzal taldea eta DJ Gio egongo dira.

Igandean, Egape Dantza Taldearen erakustaldia izango da eguerdiko 12:00etan, bai eta meza nagusia ere, 13:00etan. Gerora, bilkura egingo dute auzoko gazteek arratsaldeko 17:00etan, herri-kiroletan aritzeko. Ospakizunari amaiera emateko, sagardo-dastaketa zein Iruzta taldearen kontzertuak izango dira. 

Autobus-zerbitzua

Interesa dutenentzat, autobus-zerbitzua izango da urriaren 10ean eta 11n. Autobus geltokia Elkarteen Etxearen ondoko biribilgunean egongo da eta honako hauek izango dira ordutegiak:

  • Urriak 10, ostirala: Urnieta - Xoxoka 17:30, 20:00 eta 1:00
  • Urriak 10, ostirala: Xoxoka - Urnieta 20:15, 01:15, 04:30 eta 06:30
  • Urriak 11, larunbata: Urnieta - Xoxoka 16:30, 20:00 eta 01:00
  • Urriak 11, larunbata: Xoxoka - Urnieta 20:30, 01:15, 03:30 eta 06:30
Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!