Sanmieletan alkateak pairatutako irainen harira, adierazpen bana argitaratu dute Gobernu-taldeak eta oposizioak

Jon Ander Ubeda 2025ko urr. 7a, 13:42

Artxiboko irudia

Irailaren 25ean abiatu ziren Sanmielak eta egun hartan entzundako irainak ez dira oharkabean igaro. Adierazpen instituzionala argitara emateko adostasunik egon ez denez, mozioa aurkeztu dute jeltzaleek eta sozialistek. EH Bilduk, bere aldetik, adierazpena argitaratu du.

Gobernu taldearen adierazpena (EAJ-PNV eta PSE-EE)

Gobernu taldea osatzen duten EAJ-PNVk eta PSE-EEk sei  puntuko mozioa onartzea proposatuko dute urriko udalaren osoko batzarraldian. Honatx, mozioan jasota bezala:

  • "Urnietako Udalak aho batez adierazi du ez dituela onartzen Urnietako Alkatea den Jorge Seguradori, haren emazte eta familiar, eta EAJ-PNV alderdi politikoari egindako irainak. Adierazpen horiek ez dute lekurik errespetuan eta elkarrizketan oinarritzen den gizarte demokratiko batean.
  • Era berean, gure babesa eta elkartasuna helarazi nahi dizkiegu Urnietako alkate Jorge Seguradori eta haren familiari, erantzukizun instituzionala baliatzeak dakarren konpromiso publikoa aitortuz.
  • Urnietako jaiek elkartzeko, elkarrekin bizitzeko, ospatzeko eta askatasunez gozatzeko espazio segurua izan behar dute, eta bertan pertsona guztiek seguru eta errespetaturik sentitu behar dute. Komunitate anitz eta plural gisa batzen gaituzten loturak partekatzeko, gozatzeko eta indartzeko uneak dira.
  • Elkarrekiko errespetutik, zilegi da edozein aldarrikapen adieraztea. Ideiak, iritziak edo sentsibilitateak defendatzeko, aniztasuna, pluraltasuna eta desberdin pentsatzen dutenak errespetatu behar dira beti. Printzipio hori funtsezkoa da gure udalerrian bizikidetza bermatzeko.
  • Gogorarazten dugu adierazpen-askatasuna oinarrizko eskubidea dela, baina askatasun horretaz baliatzeak ezin dituela beste pertsona batzuen eskubideak urratu. Horregatik, baztertu egiten ditugu irailaren 25eko La Txamaren kontzertuan izandako gertakariak, eta berresten dugu adierazpen iraingarriak, bai publikotik bai megafoniatik, ez direla onartuko ez gure jaietan, ez beste ezein espazio publikotan.
  • Azkenik, Urnietako Udalak konpromisoa hartzen du hemendik aurrera egiten dituen kontratuetan sexistak, homofoboak, xenofoboak edo edozein pertsonarentzat umiliagarriak izan daitezkeen irainak, mehatxuak edo mezuak berariaz debekatzen dituzten klausula berriak berrikusteko eta txertatzeko. Konpromiso horrek errespetua, inklusioa eta duintasuna indartu nahi ditu gure udal-bizitzako eremu guztietan".

Oposizioaren adierazpena (EH Bildu)

Urnietako Udalak oharra igorri eta, gutxira, Urnietako EH Bilduk adierazpena helarazi dio Aiurri astekariari. Jarraian, puntuz puntu jasotakoa:

  • "Urnietako EHBilduk adierazten du ez dituela onartzen Urnietako alkate Jorge Seguradori, haren emazte eta senitartekoei, eta EAJ-PNV alderdi politikoari egindako irainak. Adierazpen horiek ez dute lekurik errespetuan eta elkarrizketan oinarritzen den gizarte demokratiko batean.
  • Era berean, gure babesa eta elkartasuna helarazi nahi dizkiegu Urnietako alkate Jorge Seguradori eta haren familiari.
  • Urnietako jaiek elkartzeko, elkarrekin bizitzeko, ospatzeko eta askatasunez gozatzeko espazio segurua izan behar dute, eta bertan pertsona guztiek seguru eta errespetaturik sentitu behar dute. Komunitate askotariko eta plural gisa batzen gaituzten loturak partekatzeko, gozatzeko eta indartzeko uneak dira.
  • Nolanahi ere, irain horiek ez dute zerikusirik txosnak babesteko aldarrikapenarekin. Norbanako batzuk egindako ekintza solteak dira. Ez da bidezkoa gertakari horiek erabiltzea gazte mugimendua kriminalizatzeko. Izan ere, txosnen aldeko borroka eredugarria izaten ari da".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!