Antolaketari begira, azken asteetako martxan zabiltzate. Zertan harrapatzen zaituztegu?
Oraintxe bertan, buru-belarri murgilduta gaude, Gau Beltza gora eta behera, eguna gerturatzen ari baita. Normala den bezala, azken asteek intentsitate handiena hartzen dute. Halere, aurreko ikasturtean, jada, hasi ohi gara gaia lantzen. Gau Beltza bukatuta, atseden hartzen dugu, balorazioa egin ahal izateko. Baina, maiatza aldera, ekain partean eusten diogu, forma ematen hasteko. Oinarritzat beti hartzen dugu aurreko urtekoa, baina aldiro-aldiro berrikuntzaren bat edo beste sartzen saiatzen gara: irailean, ikasturtea hastean, barruraino sartzen gara egitarauaren antolaketan. Lehen Hezkuntzatik hasi eta Bigarren Hezkuntzara bitarteko ikasleek hartzen dute parte, batik bat, prestaketan.
Arratsaldetik hasita, iluntzera bitarte, egitaraua antolatu duzue Urnietan. Berrikuntzekin, gainera.
Berrikuntza dezente izango dira aurtengo Gau Beltzan: hasteko, Beldurraren pasabidea bikoiztu dugu tamainan. Aurreko urtean hamar metroko bidea zen, eta, oraingoan, hogeikoa. Lanbide Heziketako ikasleek eta irakasleek lagundu digute horretan. Dantzei dagokionez, "Aldapeko sagarra" edota "Axuri beltza" kantekin koreografia berriak izango dira. Danbor-jotzaileekin perkusionista berriak izango ditugu. Horrez gain, desfilea berdina izango da, baita San Juan plazara iristean gaztaina-jatea, txokolatada, suaren erritua eta photocall-a... Arimazar pertsonaia da ilusio handienarekin hartzen dugun berrikuntza: pertsonaia bat asmatu nahi genion Urnietako Gau Beltzari eta egiturarentzat arropa josten gabiltza orain. Metro batzuk hartuko ditu… Sorpresa izango da jendearentzat.
Zein adin-tarteri zuzenduriko ekitaldia da?
Guztiei begirako hitzordua izango da Gau Beltza, bai herritarra izan, bai kanpokoa izan. Egia da txikienek batzuetan beldurra sentitzen dutela, baina beste batzuek oso ondo pasatzen dute. Helduentzat ere badago zuzenduta: txokolatada dago, gaztaina-jatea, suaren erritua ere oso momentu berezia da... Adibidez, guztia bukatzen dugunean, Beldurraren pasabidean sartu ohi gara irakasleak: oihuak, garrasiak… Ondoen guk pasatzen dugu! Ikasleentzat ere beren momentua da, irakasleak izutzen ibiltzea... Guztientzat irekita dago Gau Beltza eta jendea animatu nahi dugu. Jantzien kontua ere sustatu nahi dugu, izan ere, Urnietako plaza bete-betea zegoen iaz, baina mozorrotuta ez zen horrenbeste jende ikusten. Pixkanaka, lortuko bagenu...
Nola prestatu jantziak zuen hitzordura joateko?
Ez da beste munduko ezer behar. Bi aukera daude: batetik, galtza bakeroak, beltzak, koadrodun alkandorarekin. Aurpegiko zapia batzuentzat deserosoa da, baina aurpegia pixka bat margotu daiteke eta lastozko txapela jantzi. Bestetik, etxe gehienetan badaukagu baserritarren gonadun jantzia. Alkandora zuria ere jantzi daiteke kamiseta beltza... Aurpegian, gauza bera, zapia jarri nahi ez bada, aurpegia margotu daiteke eta lastozko txapela jantzi. Antolatzaileok, esaterako, ez dugu txapela ematen, ileak harrotzen ditugu eta zapi batekin atondu.
Urte batzutako ibilbidea duzue, jada, Urnietako Gau Beltza antolatzen. Zer nolako bilakaera ikusi diozu hitzorduari?
Laugarren edizioa izango da aurtengoa, eta duela bost urte hasi ginen. Antolaketari begira, urtetik urtera, orrazten, fintzen joan gara, autokritika egiten baitugu eta gustuko baitugu jendearen iritzia jasotzea. Hasierako urteetan, gure ikastetxearen zerbait zela pentsatzen zuen jendeak, baina, azken urteetan, herriari begirako ekintza dela ikusi dute urnietarrek; ikastetxeak antolatzen du, baina herritar guztientzat zabalik dagoen festa da Gau Beltza.
Herriko hitzorduen agendan egonkortzea lortu du Gau Beltzak, gerturatzen den jende-kopurua ikusita.
Iazkoa, esaterako, izugarria izan zen. Momentuan, ez zara jabetzen, eta, handik egun batzuetara, irudiak eta bideoak ikusita, "hori guztia al zegoen?", esaten diozu zeure buruari. Eguraldia ere gakoa da. Txarra egingo balu, Plazido Muxika plazara mugituko ginateke. Ez da gauza bera, baina… Pentsatu nahi dugu ona egingo duela.
Ostiral iluntzea izango da, ager dadila jendea, ea denon artean lortzen dugun Urnietako plaza bete-beteta ikustea eta guztiak hitzordu polit bat pasatzea! Azkenean, euskal kulturaren, euskararen alde, ilusio horrekin, helburu horrekin egiten dugu.