Zinema-emanaldia, Amaia Agirre urnietarraren omenez

Aiurri 2025eko azaroaren 5a

Zinema-emanaldia antolatu du, hirugarrenez, Zanpatuz elkarteak, orain bi urte Patagoniako Fitz Roy (3.405m) mendian zendutako Amaia Agirre mendizale urnietarraren omenez: mendizaletasuna oinarri, bi hitzordu izango dira Sarobe arte eszenikoen gunean, azaroaren 19an eta 20an, biak ala biak arratsaldeko 19:30ean. Sarrera librea izango da, bete arte. 

"Compañeras de cordada"

Espainiako Mendi Federazioaren Emakumezkoen Alpinismo Taldeko (EFA) kide izan ziren Laia Duaigües eta Nieves Gil 2018tik 2021era. Garai hartan ezagutu zuten elkar, eta harrezkeroztik lagun handi bihurtu dira eta elkarrekin gailurrik altuenak zapaldu dituzte. Haien kide Lucía Guichotekin batera, mendi ikusgarriak igo dituzte: Eigerreko ipar horma, Grandes Joraseseko ipar horma, Cima Grande di Lavaredoko ipar horma; baita Indiako Himalayako eta Nepalako bazter urrunetan bide berriak zabaldu ere. Gainera, munduan eskalada-bide asko egin dituzte: Yosemiteren horma erraldoiak, Pakistango mendi basatiak, Patagoniako urruneko mendixkak eta Peruko Cordillera Blanca ospetsua dira nabarmenenak. Haien ibilbidean izen handi asko daude: Torres del Trango, Fitz Roy, Cerro Chaltén, Alpamayo, Half Dome edo El Capitan, besteak beste.

Azaroaren 19an, beren ibilbide osoaren berri emango dute—hasierako pausoetatik Perun egindako azken espediziora arte—, eta gainera, Amaia Agirrerekin batera Nepaleko Rolwaling haranean bizi izan zuten espedizioari buruzko ikus-entzunezko bat ere erakutsiko dute. Espedizio horrek Espainiako alpinismo taldearen etapa bati amaiera polita eman zion.

“Abriendo Camino Vol II, Groenlandia”

Eskaladako zortzi bide berri ireki zituen FEDMEko alpinismoko emakumezkoen taldeak 2023ko abuztuan, “Abriendo camino” proiektuarekin Groenlandiara egindako espedizioan eta horietako asko Amaia Agirre urnietarra gogoan ireki zituzten. Bada, dokumentalak bidaia hori bera azaltzen du: "Mythics circus"- en muntatu zuten kanpamentu basea eta bertan eman zuten hilabete oso bat inguruko paretatan.  

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!