Abiatu da Amaia Agirre mendi zinemaldia

Aiurri 2025eko azaroaren 20a

Atzo egin zuen lehen geldialdia Amaia Agirre mendizalearen omenez Zanpatuzek antolaturiko zinemaldiak: bi protagonista berezi izan zituen hitzorduak, Espainiako Mendi Federazioaren Emakumezkoen Alpinismo Taldeko Laia Duaigües eta Nieves Gil. Bada, Agirrerekin eta beste kide batzuekin batera Nepalera egindako espedizioa izan zuten hizpide. Horrela, "Compañeras de cordada" dokumentala ikusteko aukera eduki zuten herritarrek, Rolwaling haraneko mendi garaietan egindako erronkari buruzkoa. Nola ez, gogoan izan zuten orain bi urte Patagoniako Fitz Roy (3.405m) mendian zendutako herrikidea eta txalo artean jaso zituzten ikus-entzuleek bi gonbidatuak.

Gaur, aldiz, bigarren zita izango dute mendizaleek Sarobe arte eszenikoen gunean, “Abriendo Camino Vol II, Groenlandia” dokumentala ikusteko aukera egongo baita. Arratsaldeko 19:30ean izango da hitzordua, eta sarrera librea da, edukiera bete arte.

“Abriendo Camino Vol II, Groenlandia”

Eskaladako zortzi bide berri ireki zituen FEDMEko alpinismoko emakumezkoen taldeak 2023ko abuztuan, “Abriendo camino” proiektuarekin Groenlandiara egindako espedizioan eta horietako asko Amaia Agirre urnietarra gogoan ireki zituzten. Bada, dokumentalak bidaia hori bera azaltzen du: "Mythics circus"- en muntatu zuten kanpamentu basea eta bertan eman zuten hilabete oso bat inguruko paretatan.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!