Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, alderdiek adierazpen instituzionala onartu dute goizeko kontseiluan, hizkuntzaren aldeko “urrats berriak eta ausartak” emateko bidean. Euskara "batzen gaituen hizkuntza, elkar ulertzeko giltza" dela adierazi du Mendozak, eta “denon artean” euskarari “bideak zabaldu eta lur berriak” lantzera dei egin du, “guztion baitan baitago euskararen jauzia”. Era berean, diputatuak aditzera eman duenez, ez da kasualitatea izan gaurko hitzordua Urnietan antolatu izana, abenduaren 3arekin lotura eginda, "non hobeto adierazpen hori Lurdes Iriondoren etxe aldamenean onartzea baino?". Kantariak euskarari, euskal kulturari eta haurren hezkuntzari egindako ekarpenari nolabaiteko keinua egin nahi izan diote Foru Aldundiko ordezkariek gaurko bilera bere herrian eginda.
Hari horri tiraka, Mendozaren esanetan, abenduaren 12an, aurtengo Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko du Iriondok, artistaren heriotzaren 20. urteurrenarekin lotuta: "Omenaldi berezia eta partekatua izatea nahi genuke, haren ekarpenari aitortza kolektiboa eskaintzeko".
Gipuzkoako plazatik, herriko plazetara
Esker onez jaso du Urnietako alkateak gaur Kontseilu ibiltaria, bi administrazioen artean dagoen "harreman eta sintonia ona" nabarmentzearekin batera. Urnieta eta Lasarte-Oria lotuko dituen Plazaolako bidegorria, adinekoen egoitza eraikitzeko lursailaren lagatzea, arrapala mekanikoak jartzea, futbol-zelaia eta atletismo-pista berritzea, zaintza-ekosistema... Askotariko gaien bueltan egin dute bilera gaur goizean Mendozak eta Seguradok. Horren aurrean, "aberasgarria" iruditzen zaio diputatuari Kontseilu ibiltariaren bitartez herrietako plazetara hurbiltzea, "geure arteko harremanak sendotzen dituelako, elkar ezagutzan sakontzen duelako eta, elkarlanean oinarrituta gauzak hobeto egiten ditugun heinean, horrek ere asko laguntzen duelako".