Hain zuzen, herriko lau elkarte gastronomikoei eman zaie txotx irekiera egiteko ohorea. Honako ordezkariek bete dute errituala: Joxemari Bengoetxea eta Xabier Sardon (Eteneta), Mikel Etxeberria (Santa Krutz), Iñaki Muro eta Aiert Labayen (Batzokia), eta, Jeronimo Elosegi (Peña Gorostidi).
Udalak herriko hiru sagardotegiekin, Eula, Altuna eta Oianumerekin elkarlanean antolaturiko ekimena izan da, bertako ondare kultural eta gastronomikoa sustatzeko asmoz, “bisitariei txotx-aren plazeraz gozatzeko aukera eskainiz, plater tradizionalekin batera eta ingurune paregabe batean”.
Sagardoaren kultura ondarearen aldeko hitzak
Erakunde eta elkarteetako ordezkari askoren hitzartzea izan da, Eulako sagardoa dastatzen hasi aurretik. Horrela, ekitaldia bideratu duen Jorge Segurado Urnietako alkateak naturarekin loturiko turismo arduratsuaren eta bertako produktuen sustapenaren alde udala egiten ari den lana nabarmendu nahi izan du, "sagardogintzaren tradizioa euskal kulturaren funtsezko parte da eta bultzatzen jarraituko dugu. Urnietan punta-puntako hiru sagardotegi ditugu. Hiruretan gozatu daiteke kalitate handiko sagardo zein jakiez eta ziur nago hona etortzen denak esperientzia ahaztezin bat bizituko duela. Etxean bezala tratatuko dituzte. Gainera, interesa duenak, sagardotegiko esperientzia zabalduta, asteburua pasatzera etorri eta herria ezagutzeko eta bertako ingurune natural paregabeaz gozatzeko aukera baliatu dezake".
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Diputatuak hartu du hitza, alkatearen ostean. "Lehen mailako kultur, gastronomia eta jai ekimena izateaz gain, gipuzkoar esentziaren erakusle ere bada, gure bereizgarri den identitatearen erakusle" dela txotx irekiera, adierazi du.
Xabier Arrutik, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, sagardoaren sektorea babestea eta bultzatzeaz gain, gure produktuen kalitatea eta sagar espezie autoktonoen laborantza bermatzea nabarmendu du. "Hain geurea dugun tradizio eta produktu hau zaintzen lan egin behar dugu, gure lurra eta gure ekoizleak zainduz".
Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak sektorearen berrikuntza eta apustu berrien gaineko informazioa eman du. Gogorazi duenez, hainbat bide eta modu daude sagardotegiaz gozatzeko, "badago badaude aukerak otorduez aparte hainbat ekintza egiteko; esate baterako, bisita motza eta dastatze gidatuak sagardotegietan”.
Azkenik, Gipuzkoako Sagardogileen elkarteko Unai Agirrek, Urnietako sagardotegietan eman den uztaren gaineko zenbait datu jakinarazi ditu: “guztira, 170.000 litro ekoiztu dira Euskal Sagardoa jatorri deituraren barruan eta orotara 140.000 kg sagar bildu dira sei sagar ekoizleen artean".
Ohorezko aurreskuaren txanda ere heldu da hitzartzeen ostean, eta usadio hori Aukeran dantza-konpainiako Danel Serrano eta Maier Murumendiaraz dantzarien eta Jauregi Txanbolin Txistulari Bandako Antton Jauregi txistulariaren eskutik heldu da.
Esan behar da, ekitaldira hurbil direnen artean egon dela Konpainiako zuzendaria den Edu Murumendiaraz. Hain zuzen, Paolo Mohovich koreografo italiarrarekin izan da bertan. Aukeran dantza-konpainia bere azken prestatzen ari da azken aldian, eta laguntzaile gisa heldu da Urnietara egunotan italiarra; ADK 3.7 (DUALTASUNA) da ikuskizuna, maiatzean aurkeztuko dutena.