Bere aldeko lore eskaintza egin zuten bertaratutakoek, eta Nagore Brel eta Pilar Garaialde hizlarien mintzaldiez gain, dantzariaren aurreskuarekin (Eider Manterola), txalapartarekin (Irati Zinkunegi eta Eider Manterola), bertsoekin (Unai Gaztelumendi) eta abestiekin (Xabier Ubillos, Jon Ijurko, Iñaki Revuelta eta Kantazaun Kantujira) jantzi zuten Alberdiren oroitzapenezko ekitaldia.
Espetxe-politika jomugan
Nagore Brelek “Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan milaka giza eskubideren urraketak gertatu” direla adierazi zuen, eta gaineratu zuen “ehunka heriotza” izan direla.
Horiei guztiei egia, aitortza, justizia eta erreparazioa zor zaiela aldarrikatu zuen. Euskal presoei salbuespenezko espetxe sistemak ezarri zaiela era horren ondorioz, “azken sei hamarkadetan, 38 euskal preso politikok eta 16 senide eta lagunek galdu” dutela bizitza ziurtatu zuen. Haien artean urnietarra zen Juankar Alberdi Martirena ere”.
Aitortza eskatu zuen “presoek eta haien senideek jasandako biolentzia, zuzenekoa eta zeharkakoa”, dela eta. “Beharrezkoa da salbuespenezko espetxe politikak eragin dituen urraketen egia itzaletik argira ateratzea”.
Azkenik, Brelek adierazi zuen bizikidetza demokratikoa eraikitzeko beharrezkoa dela “pertsona guztien eskubide guztiak errespetatzea, pertsona guztienak”.
Egiari Zor Fundazioaren izenean mintzatu zen Pilar Garaialdek ere “salbuespeneko espetxe politika" izan zuen jomugan. “Oinarrizko giza eskubideak errespetatu ez dituen sistema izan da. Osasunerako eskubidea eta torturarik edo tratu anker eta umiliagarririk ez jasateko eskubidea urratu dituen salbuespen sistema da”.
Kartzelan gertatutako 36 heriotzak ekidin zitezkeela adierazi zuen. “Heriotza horiek badute zerbait komunean: guztietan salbuespenezko neurri politikoen aplikazioa erabakigarria izan da. Behar bezalako osasun arreta ukatzea, gaixotasun sendaezinen aurkako protokoloak modu arbitrarioan aplikatzea, kartzela barruko bizi baldintza gogorrak, isolamendu luzeak, 1. graduko eta FIES sailkapen sistematikoak, komunikazio guztien interbentzio iraunkorra, urruntze eta dispertsio politikak ere”.
Salbuespenezko espetxe-politika hori “gobernuek hartutako erabakien emaitza” dela, “arduradun zuzenak” dituela, eta horiek “erantzukizuna bere gain hartu behar” dutela gaineratu zuen. “Aitortu beharko dute euskal presoei espetxe politika anker hau ezarri zitzaiela arrazoi politikoak direla medio, makurtze politikorik ematen ez zen bitartean onartu egiten zutela preso horien osasun fisiko edo psikologikoaren higadura; haien artean Juankar Alberdi Martirenarena ere”.
Salatu zuenez, “errolda eta estatistika guztietatik kanpo geratzen dira salbuespenezko espetxe politikaren ondorioak,. Are gehiago, aitortza ofizialerako eskubideak ez ditu aintzat hartzen, egungo Legeak ez duelako haien kasuistika jasotzen. Orduan, legea giza eskubideen nazioarteko parametroetara egokitu beharko da!”.
Euskal aitortzarako legea zaharberritzea eta eskaerak berriak izapidetzeko epe berri bat ezartzea eskatu zuen ondoren. “Zuzeneko indarkeria-adierazpenez gain, presoen eta haien familien aurka zeharka eragindako bortxa-adierazpenek ere lekua izan dezaten; etekin politikoa legezkotasunaren gainetik lehenesteko kalkulu makabroan, besteak beste, espetxe-legearen printzipio orokorra urratutakoa adibidez; izan ere, honek senide eta lagunei ad hoc kondena ekarri zien, eta zigor bikoitza espetxeratutako pertsonei”.
Alberdiren azken orduen kontakizuna
Juankar Alberdi Martirena Urnietako presoaren heriotza aurreko orduen gaineko kontakizuna egin zuen Nagore Brelek San Juan plazan egin zen oroimen ekitaldian.
Hona osorik kontakizuna:
“1979ko maiatzaren 23an espainiar poliziak Krakas atxilotu eta hamar egunez komisarian izan zuten. Atxiloaldi inkomunikatuari esker gainontzeko atxilotuei bezala tortura latzak eragin zizkioten denbora guzti horretan. espetxean sartu zuten. Lehenengo momentuan Martuteneko Soriara eraman zuten gero, Handik Alcala de Henaresera, gero Carabanchelen sartu zuten; lau urteetako espetxealdian lau lekualdaketa.
Azkenik, 1983ko azaroan eraman zuten Herrera de la Mancha espetxera.
Presioak garai hartan iraunkorrak ziren kartzeletan, probokazioa eta kontrola oso handia zen, itogarria. Herrera de la Mancha kartzelaren izenarekin lotuta doan "Cárcel de exterminio" terminoak ez ziren doakoak. Salbuespen egoera oinarritutako espetxe politikan ohikoa den arreta eta asistentzia mediku ezak hilketa berri bat eragin zuen. Juankar Alberdi Martirena urnietarrarena alegia.
1988ko ekainaren 15ean, Juan Karlos Alberdi Krakas hil zen Herrerako 1. moduluan. Bere heriotza baino egun batzuk lehenago Carabancheleko espetxe-ospitalera eraman zuten, Herrerako medikuak aginduta. Juankarrek zituen min horien jatorria artatzeko asmoz. Baina besteetan bezala, Carabanchelen egun batzuk eman ostean, "arazo burokratikoa" zela medio, inolako frogarik egin gabe itzuli zuten Herrerara.
1988ko ekainaren 15 hartan, goizeko kontaketa egitean Krakasek atea jo zuen, baina ez zioten ireki. Leihotik kideei esan zien bularreko minez zegoela eta medikuarengana joatea eskatzeko jo zuela atea. Baina ordu erdi inguru geroago, 8:00etan etorri ziren kartzelariak ateak irekitzera, egunero egiten zuten moduan. Atea ireki bezain bizkor esan zion kartzelariari sendagilearengana joan behar zuela, bularreko minez zegoela. Baina kartzelariak berean jarraitu zion, galeriako beste ateak irekitzen.
Juan Karlos ohean eserita geratu zen, medikuari abisua pasa eta kartzelariak noiz deituko zain. Kide batzuk hurbildu ziren ziegara, eta ikusi zuten ze egoeratan zegoen. Hogei minutu edo ordu erdira etorri zen kartzelaria, sendagilea zain zegoela esatera, eta beste kide batek lagunduta joan zen Juankarlos medikuarengana, modulutik irten, kartzelako erdigunera iritsi eta bigarren pisu bateraino eskailerak igo zituen. Hara joan zen bere kabuz, kideari helduta, min handiz aurreko aldera makurtuta.
Tramite administratiboak, eskera sinpleenak ere, nahiz eta urgentziazkoak izan, asko luzatu zitezkeen, Juankarren tramite hura ere, kexatu zen momentutik sendagilearengana iristea lortu zuen arte asko luzatu zuten. Juan Karlos ez zen bere kideekin itzuli; 15 minutu beranduago Krakas medikuarenera iristen lagundu zuen kidea modulura itzuli zen bakarrik, Krakas hil zela esanez. Krakasek ez zuen inoiz komisaldegiko oinazea jasan behar izan, ez zuen inoiz medikuen eta espetxe-erakundearen utzikeria jasan behar izan. Ez zuen inoiz salbuespenezko neurri politikoen aplikazioa jasan behar izan, ez urruntze politika ere. Ez zen egoera hartan hil behar.
Juan Karlos Alberdi Martirenaren heriotza ekidin zitekeen”.