"Bihotzez eskertu nahi dugu Urnietan nahiz beste hainbat salestar etxetik jasotzen ari garen gertutasuna eta babesa"

Jon Ander Ubeda 2026ko uztailaren 23a

Artxiboko irudia.

Adierazpena zabaldu du Bosko Anitz Aisialdi Taldeko begirale taldeak, ikasturtearen amaieran piztu zen krisiaren ondoren bigarrena. Oinarrian du Aiurri astekariak egindako lanketa, zeinean Salestarren ordezkariaren ikuspegia jaso zen.

BOSKO ANITZ AISIALDI TALDEKO BEGIRALEEN II. OHARRA

"Bosko Anitz Aisialdi Taldeko familia, lagun eta gertuko guztiei:

Aiurrin salestar ordezkari baten izenean argitaratutako adierazpenen harira, Bosko Anitzeko begirale taldeak argibide batzuk eman nahi ditu:

Adierazpen horietan Bosko Anitzen nortasuna begiraleen esku uztea bidegabekoa edota arriskutsua izan litekeela aipatzen dute. Benetan halako arriskua ikusten bazuten, ez dugu ulertzen zergatik azken bi urteetan Salestarren Etxeko ordezkaririk ez den egon larunbatero egin ditugun jardueren ia erdietan. Era berean, harrigarria iruditzen zaigu kezka bera ez agertu izana ikastetxeko zuzendaria eta haren senide zuzenak elkarteko zuzendaritza batzordean sartu direnean. lzan ere, urteak zeramatzaten Bosko Anitzen eguneroko jardunetik kanpo, eta, aldiz, 35 urte baino gehiagoz, elkarteari bizia eman dioten boluntarioek osatu dutelako batzorde hori.

Bestalde, deigarria egiten zaigu onestea Bosko Anitzen etorkizunari buruzko erabakia ez duela Salestarren Ikuskaritzak bakarrik hartu, Urnietako tokiko zuzendaritzak ere parte hartu duela erabaki horretan baizik.

Are deigarriagoa da Urnietako salestar etxeak erabakian hainbesteko eragina izan izana, kontuan hartuta haren eginkizuna espazioa uztera mugatzen delako eta ez delako elkartearen antolaketa egituraren ezta eguneroko funtzionamenduaren parte ere.

Halaber, gezurtatu nahi dugu erabaki hau hartu aurretik espiritualtasunari buruzko proposamen zehatzik egin zitzaigunik edo gai horren inguruan elkarrizketa prozesurik abiatu zenik. Arlo horretan izan dugun esperientzia bakarra zentruko zuzendariak izaera erlijiosoko jarduerak sustatu nahi izan zituenean gertatu zen, eta jarduera horiek normaltasun osoz egin ahal izan ziren. Jarduera horiek geroago bertan behera geratu baziren, ez zen begiraleon jarrerarengatik izan, haien garrantzian sinesten zutenek hauek bultzatzeari utzi ziotelako baizik.

Bestetik, eskertu nahi ditugu azken egunotan komunikabideetan gure lanari egin zaizkion aitortza hitzak. Hala ere, faltan bota genuen aitortza hori ikasturte amaierako bileran eta ondoren familiei bidalitako mezuan; izan ere, jarduera etetearen arrazoitzat salestar balioekin konprometitutako begiraleen ustezko falta aipatu zen. Gure ustez, aitortzek benetako balioa dute une egokian egiten direnean, eta ez erabakia jendaurrean ezagutzera eman ondoren.

Zintzotasunez, amaitzeko, bihotzez eskertu nahi dugu azken egunotan Urnietan nahiz beste hainbat salestar etxetik jasotzen ari garen gertutasuna eta babesa. Era berean, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu erabakia berriz aztertzeko asmoz sinadura bilketa abiatu duten gurasoei. Eskerrik asko zuen konfiantzagatik eta babesagatik".

Bosko Anitz Aisialdi Taldeko begirale taldea

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!