Etxeberri plazako bizilagunentzat ikasturtea hasteko modu bikaina da auzoko jaietan murgiltzea. Auzune berria da eta haur eta gazteak aintzat hartzen dituen egitaraua osatu ohi dute. Zezen mekanikoa, jolasak eta apar-festa, esate baterako, haur eta gaztetxoei begira antolatu ohi dituzte. Jaietan, nola ez, mahaiaren bueltako hitzorduak oso estimatuak dira eta horrelakorik ere ez da faltako.
The Hastelen's
Aurtengo egitarauari erreparatuta, bi hitzordu azpimarratuko genituzke. Alde batetik, The Hastelen's musika taldearen kontzertua. Usurbilgo Zumarte musika eskolaren abaroan sortua, nagusiki, bertsioak egiten dituzte. Partaideak honako hauek dira: Alex de Miguel, Iñaki Zugasti, Joxean Anduaga, Adolfo eta Alex Romero, Gaizka Lasa eta Ainhoa Pikabea. Noaua astekariako hemerotekari erreparatuta, euren hitzetan, taldearen aurkezpen-txartela: “Zumarterekin hazi gara. Astelehenetan biltzeko ohituraren harira, grazia horretatik etorri zen The Hastelen's izena jartzea, asteari indarrez ekiteko. Astelehenari beste aurpegi batekin begiratzen diogu. Astelehenak existitzen segi arte jarraituko dugu”. Kantu ezagunen bitartez, ostiral iluntzean tarte atsegina igarotzeko aukera izango da.
Zirkua
Trotamundos zirku-konpainia da jai-egitarauan nabarmendu daitekeen beste hitzordua. Monotoniaz eta gauzen norabidea aldatzeko aukeraz hausnarketa egitea proposatzen dute: zerk behartzen gaitu zirkuluan jarraitzera? Umorea lagun, akrobaziak, objektuen manipulazioa, hula hoops-ak eta clown-a erabiliz, hitzik gabeko istorioak kontatzeko gaitasuna dute. 2015ean Mailen Mansillak eta Luciano Mezzoterok sortu zuten zirku konpainia Argentinan, Buenos Airesen. 2016az geroztik Bilbon daude finkatuta. Aurtengo jaiak borobiltzeko ekitaldia izango da, jaiei amaiera emateko baliatuko dutena.