Aurorak, irailaren 19an, Urnietako kaleetan

Aurorak Goizuetako jaietan. Argazkia: Kronika.

Jaien etorrera iragartzeko ekimen berria antolatu du Manttale euskaltzaleen elkarteak: Aurorak. Iraganean kutsu erlijiosoa izan zuen baina, egun, Euskal Herriko hainbat txokotan, gaurkotasunari loturiko ekimena da. Estrainekoz egingo dute Urnietan.

Ez daude geldirik egoteko Manttale euskaltzaleen taldeko partaideak. Dagoeneko finkatu dute kultur paisaian Kantazaun egitasmoa, euskal kantagintza hauspotzeko hileroko hitzordua. Sanmieletan ere bazkaria antolatu ohi dute eta, aurten, bertsolarien ordez, bakarrizketa-saioa iragarri dute. Irailaren 27an izango da eta txartelak Bikainen jarriko dituzte salgai.

Aurorak, ekimen berria

2026ra iritsita, jaien atarian, ekimen berri batekin datoz. Goizueta eta Hernani aldean ezagun zitzaien Aurorak izeneko ekimena eta, halako batean, "eta, Urnietan, zergatik ez?" lagun artean sorturiko pentsamendua errealitate bilakatuko dute. Adi, irailaren 19an, goizeko 08:00tan hasita, kalez kale, eta akordeoia lagun dutela, kantuan ariko baitira. Doinu eta letra sorta prest dute, liburuxka batean jasota, Aurorak abesten ariko diren kide bakoitzak bana izan dezan.

Aurtengoa prestatzeko entreguetan ari dira, egunotan. Dagoeneko bat egin dute eta beste bi dituzte aurretik: irailaren 10ean eta 17an, arratsaldeko 18:00tatik 20:00tara, Kiroldegian.

Euskarak espazioa galdu du kalean eta hori berreskuratzea da Manttaleren xedeetakoa. Aurorak abian jartzearen arrazoi nagusia, beraz, euskara kalean maizago entzutea da.

Aurorak, tradizio handiko ekimena

Nafarroako eta Arabako hegoaldean tradizio handiko ekimena da. Eraldatuz joan den ohitura da Arabako Alea tokiko hedabideak jasotako artikuluan agertzen den modura: "Arabako zenbait tokitan auroren usadioa mantendu dute, eta, gehienetan, tradizioak eboluzio bat izan du, kutsu erlijioso soiletik harago joanez. Erlijioaren alorrean geratu diren aurorek, berriz, zailago izan dute bizirautea. Abestera ateratzen den lagun taldea zirkulu batean bildu ohi da, eta, ondoren, kantei ekiten diete. Normalean, musika tresnaren batekin laguntzen dute aurora. Agurain, Guardia, Lantziego, Lagran, Labraza, Oion, Pipaon edo Santikurutze Kanpezu herrietan mantentzen dute, modu batean edo bestean, auroren tradizioa. Oionen kasuan, urte bakoitzean aldatzen dute letra –gaurkotasunari lotuta dagoen kanta bat prestatzen dute– zein musika bera ere".

Laster entzungo ditugu Aurorak, beraz, Urnietako kaleetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!