Sanmielak gainean ditugu, zein izango da Poxta Zaharren parte hartzea aurtengo jaietan?
Maialen Kortajarena. Urtero bezala, Poxta Zaharrek Txosna Batzordean parte hartuko du beste hiru eragilerekin batera. Guztira, lau eragile gara txosnan ibiltzen garenak, eta gure kasuan, aurreko urteetan egin izan duguna egingo dugu: kamisetak saldu, lan-txandak egin, antolakuntzan parte hartu…
Aurtengo jaiek berritasun bat izango dute, Txorigorri Raceko lehen edizioa. Nola sortu zen ideia?
Unai Iraola. Poxta Zaharreko hiru gaztek proposatu zuten ideia. Urnietan, duela 10 urte inguru, beste ibilbide batekin, goitibeherak antolatzen ziren, eta gazte horiek ekintza hori berrartu nahi izan dute. Haiek izan dira antolakuntzan aritu direnak. Jende dezente animatu da izena ematera, eta ikusiko dugu ea nola aterako den.
Gazta rollin antolatu zenuten udaberrian eta zabalkunde handia izan zuen ordukoak. Espero zenuten horrelako arrakasta izatea?
M.K. Egia da, ekintza nahiko berritzailea zenez, gure inguruan hitz egiten zen zerbait zela. Era berean, Instagrameko argitalpenak zazpiehun aldiz partekatu zela ikusi genuen, eta orduan pentsatu genuen guk uste baino gehiago zabaltzen ari zela. Egunean bertan telebista ere azaldu zen, eta, egia esan, harritu egin ginen.
Bestalde, jaiak hasi baino lehen, bertso afaria antolatu duzue irailaren 18an. Nolako erantzuna izaten ari zarete?
U.I. Pertsona kopuruari dagokionez, azken ordurarte ez dugu kopuru zehatza jakingo. Izan ere, azken txartelak Oianumen bertan salduko dira. Ingurukoek adierazten digutenagatik, uste dugu erantzun ona izaten ari dela. Bestalde, kontuan izan behar dugu, bi urte daramatzagula bertso-afaria ospatu gabe, iaz ez baikenuen egin. Gainera, bertso-afaria Sanmielen aurreko beroketa izaten da, eta, oro har, jende asko animatzen da, uste dugu aurten ere hala izango dela.
Nolakoa izan da herriko gazteen parte hartzea ekintzen antolaketan? Herritarrek parte hartzeko borondatea adierazi al dute?
M.K. Urte osoan zehar antolatzen aritu gara, eta egia esan, ez dugu antolatzeko gogo handirik sumatu. Hala ere, egia da, Sanmielen barruan jendea beti egoten dela laguntzeko prest, baina ondo legoke jende gehiago gerturtatzea urtean zehar egin beharreko lanaren antolaketan parte hartzeko.
Belaunaldi aldaketa edo arduren aldaketa eman da Poxta Zaharren ezta? Nola bizi duzue aurrekoek egindakoa, eta zuek nola bizi duzue gazte taldearen dinamizazioa?
U.I. Bi urte inguru pasatu dira belaunaldi berria sartu ginenetik, eta denbora horretan Gazte Festak, Inauteriak, Gazte Eguna, Gabonetako ekintzak antolatzen aritu gara, eta dagoeneko erritmora egokitu gara. Egia da, badirela gauza teknikoago batzuk oraindik kontrolatzen ez ditugunak; aurreko belaundaldietara jo behar izaten dugu, baina bestela dinamizazioan ondo gabiltzala esango nuke.
Iaz ez bezala, aurten Txosna batzordeak jaietan txosnagunea jartzeko baimena izango du. Nola baloratzen duzue erabakia?
M.K. Negoziazio neketsu eta luze baten ondoren, gure eskakizunak onartu egin ziren, eta akordio batera iritsi ginen. Horregatik, txosna jartzea erabaki dugu. Bi urte igaro dira, Txosnak jarri genituenetik eta oso gogotsu gaude. Berritasun gisa, aurten, asteazkenean irekiko dira eta oso pozik gaude.
U.I. Hori da, asteazkenetik aurrera, txosnak irekiko dira, eta hortik aurrera orain arte izan dugun egitaraua izango dugu. Aurten osteguna Txorigorri Racearekin hasiko da, ondoren, tortilla txapelketa eta gauean, txosnagunean kontzertuak izango dira. Ostiralean, berriz, karro-poteoa, Palestinaren aldeko afari solidarioa eta kontzertuak izango dira, eta, larunbatean, poteoa, herri bazkaria, txaranga eta kontzertuak.