Aurorak, ekimen berria Urnietan

Jaiak iragartzeko moduak eta moduak daude. Manttalekoak, hitzez eta doinuz, jaien etorrera ospatzen ari dira. Eta, noski, euskaraz.

Sarobe ondoko BKN kafetegian elkartu dira Manttale taldeko ia 40 lagun. Bertan gosaldu eta kantari ekin diete. Goizueta eta Hernani aldeko Aurorak udalerrira egokitu dituzte, jaiak bertan direla iragartzeko. Plazatik abiatu eta udalerrian kantari ariko dira, hamaiketakoa Gurian eta bazkaria Riojanosen eginez.

"Alai eta gozatuz gu beti aurrera", abestu dute lehen kantuan. Eta, segidan, ildo berean, "Egunsentian gabiltza, kantari umore onez, alaitasuna zabalduz bazter guztietan pozez". Bizi dugun garaiei ere aipamen zehatza egiten diete beste kantu batean: "Mundua nola doan kontutan hartuta, guk ez dugu etsiko juergistak gara-eta".

Gaurko Aurorak "Topa dagigun" kantuarekin amaituko dira. Jon Sarasuak idatzi eta Oskorrik ezagun egin zuen kantua. Jaiak bertan dira eta, goizekoa ikusita, Manttalekoak gogoz eta ekintzarako prest dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!