Sanmielak 2026

"Pozgarria da niretzat Sanmieletan omendua izatea"

Xabier Lasa

San Migel jaietako egun handian, asteartean, Antton Jauregi Aranbururi (Urnieta, 1963) omenaldi instituzionala egingo dio Urnietako Udalak.

Urnietako kulturgintzan hamarkadatan egin duen ibilbidea aitortuko diote. Eragile gisa, musika hezkuntzan, txistuaren sustapenean, Urnietako kultur ondarearen zabalkundean... ekintzaile sena dauka, hitzotan laburbildu daitekeena: “ekin, hasitako hori bukatu eta aurrera segi, eztitan lokartu gabe”. San Migel egunean Txanbolin Bandak joko duen abesti berri baten sorkuntzan topatu dugu, eta egingo zaion aitortzaren aitzakian, iraganean egindakoari gainbegiratua ematea eskatu dio Aiurrik.

Nola jaso duzu aitortzarako izendapena? Zer nolako sentimenduak dabilzkizu geroztik?

Pozgarria izan da niretzat, ezin ukatu. Jakinarazi zidatenean, nire buruari galdetu nion ez ote dagoen ni baino gehiago merezi duenik. Urnietako herriarekin edukitako loturagatik eta kultur arloan egindakoagatik izango dela aitortza jakinarazi didate, eta horrek ematen dit ilusioa. Gure gizartean ohituta gaude kirolariak goraipatzera beren lorpenengatik, eta ez hainbeste kulturgintzan, zientzian edo antzeko arloetan dabiltzan pertsonak jartzea balioan, eta alde horretatik, pozgarria da kultur eragile bat nabarmendu izana. 

Bestalde, poza are handiagoa egin zait, nire familiarekin zerikusia duten sinbologia handiko bi gertaerekin bat egiten baitu izendapen honek. Batetik, 100 urte betetzen dira gure familia Amezketatik Urnietara heldu zela; Joxe Antonio, aitona, errementari, aizkoragile eta perratzaile gisa jarri zen Urnietan; orduan ofizioan bakarra zegoen herrian. Eta bestetik, 60 urte betetzen dira Egape ikastolan ikasten hasi nintzela hiru urterekin, eta aurtengo denboraldian, hain juxtu, hiru urteko biloba ere matrikulatu da bertan.

Abenduan hartuko duzu erretiroa Egapen. Baina lantokian erretiroa hartzea eta ekintzaile izateari uko egitea, ez dira bata bestearen atzetik etorriko zure kasuan, ala?

Ezta inondik ere! Abenduaren 21ean oporrekin batera eskola utzi, eta atsedena hartu nahi dut lehenengo eta behin, estres handiko bizitza eraman baitut urtetan. Hortik aurrera, Santiagoko bidea, kirolari eutsi, eta irakurzaletasuna eta biolin eta gitarra ikasketak zaindu nahi nituzke. Aparte, buruan egitasmo batzuk badarabilzkit, eta horiei ere heldu nahiko nieke. Besteak beste, musika partiturak egiten segitzen dut, eta, gizarte onurako ekimenen batean murgildu nahi nuke; zehazkiago, haurrak, minbizia eta musika uztartzen dituen egitasmo bati helduko nioke gustura. Urnietan urtetan medikua izan zen Jose Luis Paulin oiartzuarra bezalako pertsonak miresten ditut, erreferente etikoak direlako niretzat; gizona Saharara joaten da oporrak hartzen dituen aldiro, hangoak zaintzera. Lehengoan berarekin egokitu nintzen, eta bota zidan esaerak zer pentsatua eman zidan; zoriontasunak ate bat dauka, barrura irekitzen dena, ez kanpora.

Ideiaren bat eskuartean daukadanean, buru gogor jartzen naiz hari bukaera eman arte, eta bidean, barrua hustuta geratu ohi zait. Hori izan da konstantea nire bizitzan, eta ez zait iruditzen aldatuko zaidanik ezaugarri hori.

Egape ikastolara lotuta daramazu bizitza osoa.

Emaztea zenak esan ohi zidan nire lehen etxea ere bazela, are gehiago eraikina etxebizitzatik 130 metrora edukita. Egia esan, ez naiz taberna-gizona, eta ordu asko egin ditut ikastetxean. Sekula ez dut galdu lotura ikastolarekin, hari itsatsita doa nire bizitza erremediorik gabe. Lehen promozioko ikasle gisa urte mordoa egin eta gero, txistua jotzen segi nuen eskolaz kanpoko ekintzetan, eta gero, beste 42 urte daramatzat irakasle gisa.

Egape ikastolarekin lotutako umetako oroitzapen ugari dauzkat nirekin, eta denak egiten zaizkit gogoangarriak. Umeak ginela, nola egin genituen ikasketak garai bateko Elizondo zine-antzokiko azpikaldean, Elizako sakristauan eta beste tokietan irekitako geletan... Gurasoek izugarrizko lana egin zuten hasiera haietan; herri proiektutzat hartzen zen ikastola, eta denongan txertatu zen auzolanaren filosofia. Dirua biltzeko zimiterioan egiten zen tonbolan ordu batzuk pasa genituen umeak ginela...

Irakasle gisa jardundako ikasturtetan, berriz, izugarri gozatu izan dut haurrekin musika irakasle gisa. Zuzendari izandako denboraldia ere azpimarratuko nuke; oso erreta amaitu nuen publifikazio-prozesua egokitu zitzaidanez tartean. Dena den, eta perspektibarekin ikusita, harro nago egin genuen kudeaketagatik; kontrakoen eta aldekoen ahotsa entzunarazi ondoren hartu zuen erabakia eskola-komunitateak, titularitate publikora pasatzea, alegia. Ni horren kontrakoa nintzen orduan, baina egokia izan zela aitortu beharra daukat egun.

Txistua ardatz izan duzu zure bizitzan, eta txistularia zara askorentzat.

Justo EgaÒa irakaslea Azkoititik heldu zitzaigun, eta hark tentatu gintuen txistua jotzeko. Buruan futbola besterik ez neukan, baina lagun batzuk izena eman zuten, eta amari esan nion nik ere probatu nahi nuela. Jotzen hasi, eta agudo ohartu nintzen baneukala dohain natural bat instrumentu harekin, eta aitzitik, beste gauza askotan ni baino bizkorragoak zirenak ez zirela ni bezain egoki moldatzen. Gustura heldu nion txistuari, eta iritsi nintzen dena memoriaz ikastera, partitura bat irakurtzen jakin gabe, iraganean herrietan txistuaren transmisioarekin gertatu izan den bezalatsu. Kapaz nintzen Donostiako txistularien diskoa osorik jotzeko, soilik entzumenak lagunduta. Gero, irakasle bihurtu nintzenean, Hernanin eta Donostian egin nituen musika ikasketak. Titulurik ez nuen lortu, ikasgairen bat edo beste ez bainuen gainditu, baina interpretatzaile gisa maila bateraino behintzat iritsi naiz txistuarekin, herri mailan ibiltzeko moduan. Punta-puntako txistulariekin jotzea egokitu izan zaidanean, orduan ohartu izan naiz argi, koska bat gorago badaukala maila txistuak Euskal Herrian, oso txistulari bikainei esker.

Ikasleei musika lengoaia modu erakargarriaz lantzeko xedez 1995ean sortu zuen “Pentagrama enea” ipuina berrituta aurkeztu zenuen ekainean. Zure barne-kezka batetik sortu zenuela gogorarazi zenuen joan den ekainean.

Halaxe da. Barne-prozesu baten emaitza izan zela esango nuke, eta horren sorburua Lurdes Iriondo eta Xabier Leterekin egin genuen "Buruntza azpian" antzezlana izan zela pentsatu izan dut beti. Gogoratzen naiz audioak grabatu behar izan zirela orduan, eta Lurdesek nola eskatu zigun batzuei ahotsa jartzeko, eta nola joan ginen behin baino gehiagotan Gasteizera grabazio estudio batera. Geroztik ohartu izan naiz Lurdesek gugan erein zuen antzerkirako haziak izan zuela eragina.

Urtetara, musikako klaseak ematen hasi nintzenean Egapen, berehala egin nuen bat  irakaskuntzan zegoen ezinegonarekin, musikaren pedagogiaren arloan materialaren falta zela-eta. Bestalde, lagunei-eta beti entzuten nien kopla berbera, jasanezina zela solfeoaren matraka! Errealitate horiek kontuan izanda, musikaren didaktika izan zen nire kezka nagusia. Eta bat egin nuen Fernando Mora neurozientzilariaren esanarekin: jokoa ikaskuntzaren mozorroa dela, alegia. Didaktika zale amorratua izan naiz beti, bide egokia delako gauza abstraktuak irakasteko haurrei, eta era horretan, ipuinaren bitartekoari heldu nion haurrekin jarduteko. Hain zuzen, “Pentagrama enea” ipuina sortu nuen ikasleei musika lengoaia modu erakargarriaz lantzeko xedez, 1995ean.

Eta egia esan, zoragarria izan da urte guzti hauetan metodo horrekin landu izana haurrekin musika.

Musika irakaskuntzan, esan daiteke erreferentzia bilakatu dela “Pentagrama enea”.

Irakasle batzuk erabilgarri egiten zaiela adierazten didate, bai. Bestalde, musika-irakasleen irakasle ere izan naiz Jaurlaritzaren “Prest Gara” programaren eskutik, eta arlo horretan materiala ugari sortu izan dut; dena digitalizatu eta interneten zabaldu izan dut. Lehengoan kalkulatzen aritu nintzen, eta akaso 600 bat bideo egongo dira eskuragarri, nahi duenarentzat. Nire asmoa da sakabanatuta dagoen guztia webgune bakar batean biltzea egunen batean. Ez diot beldurrik lanari, eta makina bat ordu sartu ditut irakas-materialaren sorkuntzan; teknologia berriekin ere ez naiz gaizki moldatzen, eta bere garaian ikusi nuen sarera zabaltzen. Aita errementaria zen, oso langilea, eta hortik datorkidala niri lan gaitasuna pentsatu izan dut. Ezeren truk egin dut lanketa hori. Material guzti hori musikaren irakaskuntzan murgiltzeko lagungarri zaiela batzuei jakiteak, horrek asebetetzen nau erabat, ez dut gehiago behar zoriontsu izateko.

Urteak daramazu Txanbolin txistu elkartean, gidari gisa. Nola ikusten duzu txistuaren etorkizuna Urnietan eta Euskal Herrian?

Ni Urnietan mugitu izan naiz, eta hortik kanpora gutxi atera naiz. Txanbolinen gabiltzanak urte batzuetarako soka badaukagu eta Udalarekin hitzarmena badaukagu, eta alde horretatik, epe ertainera begira etorkizuna nahiko ziurtatuta dagoela esan daiteke. Bestalde, neure esku dago txistuaren irakaskuntza, eta bost bat ikasle dabiltza taldean egun, gazteak gehienak. Hori bai, nekea pilatzen ari zait, eta idealena, ardura hori musika eskolak hartzea beharko luke izan, Andoainen egin duten eran.

Dena esatera, ez dago irtenbide errazik, izan ere, hainbeste instrumentu jartzen zaizkie aukeran gazteei... Iraganean oso murritza zen gazteontzat musika-eskaintza, eta txistuak garrantzi handia zeukan gizartean, euskal kulturaren eta identitatearen parte gisa ikusten zelako batik bat. Erabat irauli da egoera hori gaur egun, eta musikan ez ezik aisialdian, kirolean.... mila aukera dauzka gazte batek; ulertzekoa da txistua ez izatea gauzarik erakargarriena.

Eragile nagusienetakoa izan zinen Antzerki musikatuen zikloan: Marizulo (2009), Urnieta 59 (2011) eta 1936 (2013). Urte batzuk igarota, nolakoa da bolada emankor hark eragindako oroitzapena, zaporea?

Oso gozoa, Urnietako kultur ondarean betirako geratuko diren egitasmoak izan baitziren. Geroztik ere, kontuan hartzekoak dira egin ziren beste bi ikuskizun: “Zuria gure erara” (Juan Inazio Iztuetaren buruzko dantza-ikuskizuna, 2015ean), eta “Soinuen begirada” (herriari buruzko begirada historikoa, ikuspegi estetiko batetik, 2019).

Esan daiteke konjuntzio polita gertatu zela, hainbat kulturgile batu baitziren norabide berean: Luis Mari Zaldua historian aditua, Mikel Agirregomezkorta antzerkigilea, Edu Murumendiaraz dantza irakaslea, Juan Agirre idazlea, eta, Txanbolin taldea. Herriko hainbat pertsona proiektura erakartzea lortu zen, eta begibistakoa da lortu zen emaitza kolektiboa, edozein herri harro sentiarazteko modukoa.

Kultur ekimen guzti haien gaineko bideo eta argazkiak jasota daude zenbait webguneetan, eta egokiena, den-dena web gune bakar batean biltzea eta Udalak daukanera eranstea izango litzateke.

Egitasmo horietan, musika konposatzaile gisa jardun zenuen. Zer moduz moldatu izan zara eginkizun horretan?

Ez naiz konposatzaile sentitzen, errespetu handia eragiten dit titulu horrek; konposatzailetzat hartzeko batek bere burua, Jose Ignazio Ansorena edota Joxe Mari Oiartzabalen parera iritsi beharra dauka. Dena den, abentura horretan ere murgiltzera animatu nintzen noizbait, premiak bultzatuta beharbada. Kontua da Txanbolineko kideek, beste herrietan antzera, Urnietan ere txistularien alardea egitea erabaki genuela halako batean. Baina gauza desberdina nahi genuen egin, ukitu originalarekin-edo, Txistulari aldizkariko partituretara jo gabe beste askok egiten zuten eran. Horrenbestez, piezak sortzeari ekin genion akordeoia, gitarra eta txistuarekin. Egundoko erronka eta presioa jarri genion geure buruari, baina polita irten zen alardea, Xabier Ubillosek eta biok sortu genuen kanta sortarekin. Emaitza horrek bide beretik segitzea hauspotu gintuen.

Hezkuntzarekin eta kulturarekin lotzen zaitu jendeak. Baina zu kirolari amorratua ere bazara. Pala pilotaria batik bat.

Palan (GRAVN, Herriarteko txapelketak...) ibili nintzen urtetan, bizkarreko oinazeak zirela-eta 50 urterekin utzi nuen arte. Besteak beste, Joxe Mari Iturzaeta handiarekin bikote gisa jokatu izan nuen garai batean afizionatu mailan lehiaketarik ospetsuena zen GRAVN torneoan. Izugarri gozatzen nuen palarekin, eta pena bakarra geratu izan zait, ez zirela bakarkako lehiaketarik antolatzen. Izan ere, binaka frontoian galdu egiten nintzen bezala, bakarka hazi egiten nintzen. Zer dela eta hori? Urnietako frontoian orduak eta orduak sartzen nituelako bakarka; behin edo behin baita ere Martin Mujika erremontistarekin, bera saskiarekin eta ni palarekin. Pasadizo bat badaukat beti kontatu ohi dudana: behin, Iker Berrospe eta biok Altzara joan ginen Herriartekoan jokatzera; partidua hasi eta berehala, min hartu zuen hark. Bakarrik segi nahi nuela esan nien epaileei; haiek onartu, eta, juxtu-juxtu, baina 35-34 irabazi nion bikote bati!Bestalde, pilota sustatzaile bezala ere aritu nintzen hogei bat urtetan UKE Urnietarekin. Kontzejupeko pala txapelketak martxan jartzea ere egokitu zitzaigun bolada hartan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!