Jaiak iristear daude. Nola egiten diezu aurre? Gogoz ala lanak jota?
Bai, lan asko dut. Egia esan, buru-belarri nabil lanean, baina, aldi berean, ez dit beldurrik ematen, lan-talde ona dagoelako atzetik. Gauzak aurrera ateratzen ditugu, horregatik lasai nago.
Zer moduz urnietarren artean? Bezeroek ondo zaintzen al zaituzte?
Nahiz eta beste toki batetik natorren, Urnietan oso maitatua sentitzen naiz. Urte askoan Zaldundegi jatetxean egon nintzen lanean, eta oso harreman ona izan nuen haiekin. Gaur egun tabernara datozen bezero gehienek bertan ezagutu ninduten, eta, egia esan, oso maitatua sentitzen naiz herri honetan. Bezeroekin dudan harremanari dagokionez, tratua ona izan da beti, aurreko jatetxeko bezero berak dira. Noizbait, momentu puntualen batean bezero desatseginena etorri izan da, baina ez da ohikoena, inondik inora.
Zer gustatzen zaizu gehien lanean? Eta gutxienekoa?
Jendearekin egotea asko gustatzen zait, harremanetan egotea eta haiekin denbora pasatzea. Txarrena, berriz, desatseginak diren bezeroak jasan behar izatea. Egia da negozio mota honetan badakizula batzuetan egoera desatseginak biziko dituzula, eta horri aurre egin behar zaiola.
Festei begira zerbait berezia egingo al duzue (ogitartekoak, menuak, eskaintza gastronomikoa...)?
Ez, betiko menua eskainiko dugu. Menua beti Instagrameko kontuan jartzen dut, janaria eskatu nahi duenak zuzenean bertatik eskatzeko, lan egiteko modu azkarragoa da. Horren bidez, jendea festetan tabernara datorrenean, eskaera eginda izaten dute, eta edaria da eskatu behar duten gauza bakarra. Berezitasunei dagokienez, beti izaten dugu DJ bat edo musika pixka bat. Jendea animatzeko zerbait, behintzat.
Zenbat eragiten du eguraldiak zuen negozioan?
Asko eragiten digu. Eguraldiak erabat baldintzatzen du taberna honen egoera. Negua denean, oso ilun egoten da, triste samar. Udan, berriz, terrazak protagonismo berezia izaten du, gainezka egoten da.
Maiatzean pintxo lehiaketa irabazi zenuen. Egun berezia izango zen zuretzat, ezta?
Hunkitu egin nintzen, ez nuen batere espero. Pintxo erraz bat prestatu nuen, nire herrialdeari omenaldi txiki bat egin nahi izan nion. Dominikar Errepublikakoa naiz, eta bertako erara prestatu nuen pintxoa, oilasko-bularkia protagonista izanik.
Urnietako jaietatik, lanetik kanpo zerbait gozatzeko aukera duzu?
Bai, tarte bat baldin badut, jaiez gozatzen saiatzen naiz. Saiatzen naiz, behintzat. Nahiz eta nekatuta egon, tabernatik kanpora goaz, eta bertan DJak jarritako musikarekin dantzatzen dugu eta terrazan daudenekin egoten gara. Hori da, batez ere, egiten duguna.