Hona, osorik, Antton Jauregik egin duen mintzaldia:
"Gaurko hizketaldia oroitzapen batekin hasi nahiko nuke. Iaz, areto honetan bertan, omenduak Maite eta Joseba izan genituen. Joan den astean bizitzaren alderdi gordina bizi behar izan zuten, semearen galera. Nire dolumin sentituak eskaini nahi nizkieke.
Duela lau urte inguru, Jon, mendiak zure arreba eraman zuen eta uda honetan berriz, Anne, zure anaiak utzi gaitu. Goian beude, nire emaztearekin batera.
Ehun, zenbaki biribila. Ehun urte dira nire aitona Joxe Antonio, errementaria, Amezketatik Urnietara etorri zela, bizitza hobeago baten bila edo, gaur asko bezala. Beraz, etorkinen semea nauzue.
Hirurogei, zenbaki biribila. Duela 60 urte Antonio izeneko ume mukitsu bat Egape ikastola parrokialean hasi zen ikasten, euskaraz. Bai, harro diot, EUSKARAZ, ordura arte ezinezkoa zelako. Antoniori, Maripi andereño maitagarria tarteko, Antton deitzen hasi zitzaizkion ikaskideak. Eta hirurogei urte beranduago, bere biloba Hodei hasi da ikastolan, zirkulua itxiz. Kasualitatea ala kausalitatea, nork daki.
Gaur hemen bagaude, Urnietako Udalak ni omentzea erabaki duelako da, eta bihotz bihotzez eskertu nahi dut. Ez dakit merezi dudan, baina niretzat ohore bat dela esan beharra daukat. Zaila da, halere hitzetan adieraztea sentitzen dudana. Urnieta ez da niretzat bizi naizen herria soilik, nire bizitzako eszenatokia eta nire bizitza markatu duen herria dela esango nuke. Mila esker Udalari.
Zeinek pentsa zezakeen Egape ikastolan nire maitasun istoria ikasle moduan hasi eta berrogeita bi urte lanean bertan pasako nituenik. Nire amak esaten zuenez, txikitatik adierazten omen nuen irakasle izateko zaletasuna. Ez naiz oroitzen. Urte asko izan dira musikarekin lotuta disfrutatuz, barreak, abestiak, entseguak, kontzertuak, urduritasunak partekatuz. Maitasun asko jaso dut ikasleengandik eta hori itzultzen saiatu naiz beti.
Paulo Freirek dioen bezala, "Hezkuntzak ez du mundua aldatzen, mundua aldatuko duten pertsonak aldatzen ditu".
Musikaren irakaskuntzan, nire ekarpena ere egin dut. Zenbat betetzen duen zuk sortutako materiala Euskal Herriko hainbat ikastetxeetan erabiltzen dela jakiteak. Eta ez naiz ari PENTAGRAMA ENEAZ soilik. Asko izan dira partekatutako sorkuntzak. Eskertua sentitzen naiz.
Nire bizitzan bi pasio izan ditut, eta biak nire ezker besoaren luzapenak izan dira. Bata Txistua.
Zortzi urterekin irakasle berri bat etorri zen Egapera, Juxto. Berari esker eta txistuaren bitartez jakin nuen musikarako doaia nuela. Elkarlanean Txanbolin taldea sortu eta hainbat ekimen gauzatu genituen.
"Marizulo", "Urnieta 59" eta "1936" ikuskizunetan Urnietako historia azaleratu genuen. Mikel Agirregomezkorta, Edu Muruamendiaraz, Luix Zaldua, Xabi Ubillos, Sarobe eta urnietar askori esker, elkarlanean beti, magia egin genuen. Gero "Zuria gure erara" eta "Soinuen begiradak" etorri ziren. Urnietarentzat ondare polit bat sortzea zen helburua. Aipatu dudan jendeari esker, noski.
Beraz, mila esker zuei.
Besoaren bigarren luzapena, pala izan da. Jubeniletan Gipuzkoako txapeldun, Euskadiko eta GRAVNeko azpitxapeldun. Urte dezentetan pilotako arduraduna izan nintzen eta gaztetxo mordoxka izan nituen nire esanetara, beti, dakidan gutxi hori transmititu nahian.
Eskerrak emanez bukatu nahi nuke. Eskerrak nire ondoan egon zareten lagun eta lankideei, ikasleei, asko erakutsi didazuelako, Amezketatik etorritako Jauregi familiari, Axun eta bereziki nire anaia Joxiri, beti nire ondoan sentitu zaitudalako. Aita eta ama, nola ez eta nire bizitzako alaitasuna eman didazuen Maddalen, Garaziri eta zuen bikoteei, urte askotan ni aguantatu ninduen Kandiri, eta nire neska lagunari.
2016an ospatutako urteurrenerako, nire kantarik kuttunenetakoa sortu nuen, “Urnieta400”. Eta hau zion " Izan baginen, orain ere izan bagara, izan baginen, aurrerago ere izanen gara".
Nietzschek dio "musikarik gabe bizitza hutsegitea litzateke", "Sin musica, la vida sería un error". Ba hori.
Lehen, Urnietako ondarea aipatu dut, eta ondare horri beste oparitxo bat daukat Udalarentzat. URNIETAKO ALKATE SOINUA".
Mila esker Urnieta".