Musikari eta dantzarien esker ona ere jaso du Antton Jauregik

San Migel elizatik atera bezain pronto, ezusteko aitortza ekitaldia eskaini diote Antton Jauregiri Txanbolineko txistulariek, Egapeko dantzariek eta Lurdes Iriondo Musika Eskolako irakasle eta ikasleek San Juan plazan. Ekitaldiko argazki-sorta eta bideoa (ekitaldia osoa), ikusgai.

 

Eduki ugariko ekitaldia antolatzen ibiliak ziren aurre egunetan herriko hainbat musikari eta dantzari, Jauregik ezer ez zekiela, eta ezustean harrapatu dute plazaren erdian.

Besteak beste, Maider Ziaurrizek idatzi hunkigarri bat irakurri du txistulari taldearen izenean, Jon Garmendiak poema osatu du harentzat, eta denen artean, "Antton Fantasia" izenburuko abesti berria estreinatu dute plazan. 

 

Maider Ziaurrizen hitzartzea

"Maisu:

Zutaz dudan lehen oroitzapena ez dago musikari lotua, euskarari lotua baizik.

Zeniezazkidakeen, lekizuke eta ahalerazko beste hamaika aditz irakasten zenizkigun orduan.

"Antton-musika irakasle" binomio ia tautologikoa geroztikakoa da nire oroimenean.

Zure berezko dohainari jarraituz, espezializaziora jo zenuen, mintzaira batetik bestera, hitzetatik notetara, eta, notekin batera, txistu gozora.

Bete-betean murgildu zinen musikaren barrunbeetan, bizitzak melodia behar duela edo, agian, bizitza bera melodia bat dela pentsatuz. Besteek egindakoa errepikatzea ez zenuen aski, ordea, eta egia bila abiatu zinen orduan, kulturaren sorburura, gure nortasunaren sustraira.

Buruntza azpian ibili zinen aztarrika, Lurdes Iriondoren ondareari tiraka, eta Marizulon aurkitu zenuen lehen arrastoa, Etenetan eta Muliskon abaro oparoa, Idiazabal kalean zaldien trosta hots erritmikoa.

Sukar-ametsek harrapatuta bezala, jantzi dituzu Urnietako uneak eta bazterrak doinuz, eta anabasatik perfekziorako bidean, polifonia ederrak dituzu sortu,  bertsioari bertsio, aurrekoa etengabe hobetuz, buruan entzuten dituzun doinuak gorpuztuz.

Langilea, eskuzabala, apala eta pertsona aparta, gaur txanbolinteruok esan nahi dizugu zorionak eta eskerrik asko, maisu, zuri esker gara gu.

Gora Txanbolin eta biba zu!".

 

Jon Garmendiaren poema

"Arbela bat

eta haurrak begira

maisu bat hizketan ari da

Ni naiz, zu zara...

bai

zu zarelako

gu bagara.

 

Hauts eta harri

gorputz eta haragi

Urnietan hasten da mundua

ikastola bat

maitasunez ehundua

gurasoak adreilu

ikasleak zutabe

irakasleak

teilatua

eta herriak lagundua.

 

Ez da soilik marmola Antton

pentsamendua da burdina

zu zara bihotzez egina

atea beti zabalik,

jakina.

 

Bagenuela urrea zenion

guk

distira duzula Antton

ari zarela batera

ala bestera

euskaraz

aurrera.

 

Hala zara

negu hotzean babesa,

uda luzean itzala

eguzki txistulari bat bueltaka

 

Etxean zaude Antton

arnasa zara

musika enea, doinuaren elea,

Zoriontasuna

pentagraman idatzia,

pasioa

maitasunez jantzia.

 

Lehen korrika

orain pausaz

baina beti zuzen Antton

eta sendo

lurrera erorita ere

irribarretsu altxa.

 

Hitz politen arbela zara

garamatzana

etxetik harago

musikarekin dena da alaiago

eta hori

ez du haizeak eramango.

 

Eskerrik asko, Antton

eskerrik asko,

gure bizitzaren erdian

gure ametsen lorategian

Jauregi eder bat zarelako!".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!