Burrunba eguna ospatu dute eskualdeko gazte euskaltzaleek

Burrunba Eguna ospatu du euskararen aldeko Astigarraga, Hernani eta Urnietako gazteen mugimenduak, Urnietan. Bertso-bazkariaren gaineko argazki-sorta eta hiru bideo (antolatzaileen hitzartzea, eta, Iker Ormazabal eta Iker Goñiren bi bertsoaldi), ikusgai.

Hitzaldia egin dute eguardian, gazte euskaltzaleek beren herrietan dauzkaten erronkak zeintzuk diren izan dute hizpide, Euskal Herrian Euskarazeko Estitxu Uhalderen eskutik.

14:30ean, berriz, bertso bazkariari ekin diote, Plazido Mujika plazan.

Iker Ormazabal Tturko eta Iker Goñi bertsolariek osatu dute saioa, Irati Zinkunegi gai-jartzailearen esanetara.

"Euskararen zapalkuntzaren aurrean gazteok antolatu, eta bulkada berri bat emateko tresna" izateko jaio zen bailarako gazte euskaltzaleen Burrunba ekimena. Hona gaur, bazkarian, ekimeneko ordezkari batek egin duen hitzartzea:

"Normalizatua omen dago euskararen egoera, hori diote. Euskaraz bizi gaitezkeela, euskaraz ikasten dugula… Baina gure inguruan ez da hori sumatzen, ez albisteetan, ez herriko plazetan, ez jai giroan… Susmoa genuen hori ez zela horrela, eta datuek arrazoia eman digute: Astigarragako biztanleria osoaren euskararen erabilera %31,8koa da, Urnietako, %21,1ekoa eta Hernanikoa %33,3koa.

2022an, sortu zen Burrunba Hernanin, gazteak euskararen alde mobilizatzeko asmotan. Eta egin zuen burrunba… moskeo kanpainek jendearen arreta bereganatu zuten eta mahai gainean jarri zen egoera ez dela ona. Euskarazko kultur agenda proposatu zen, eta bertso bazkaria ohitura bihurtu. Eta bide batez… parranda ere euskara hutsean egotea posible dela erakutsi zen.

Orain, ordea, Astigarraga eta Urnietako gazteak ere bagara honen parte. Kezkak eta erronkak partekatzen ditugu.

Euskara lehen planora ekarri nahi dugu. Eta bide batez, euskaraz saretzeko eta harremantzeko espazioa eskaini nahi diogu edonori.

Burrunba Eguna kalea hartzeko lehen pausoa izan da. Baina, honen atzetik, erleen antzera, lanean gabiltza hiru herrietako gazteak. Horregatik, gaurko egunaz disfrutatzera animatu zaretenei gonbidapena luzatu nahi dizuegu Burrunbara batzeko. Animatu urriaren 16an, ostiralarekin, arratsaldeko 18:00etan Hernaniko Bitero kultur etxean egingo dugun bilera irekira".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!