"Esperotakoa baino ikusle kopuru handiagoa hurbildu zaigu"

Iraia Sanchez Arregi

Mikel Agirregomezkorta arte eszenikoen lehiaketako antolatzailea da.

Zurriburri antzerki taldeak, Urnietako Udalaren laguntzarekin, Urnietako 1. formatu txikiko arte eszenikoen lehiaketa antolatu du. Eta dagoeneko iragarri dituzte finalera iritsi diren proposamenak: Fumas?, Konplizeak, El Show Debe Continuar, Fedegabeko Odolkia, Tinder Sorpresa eta Personal Kontxis lanen artean aterako da irabazlea. Lehiaketaren helburua antzerkia sustatzea da, baina ez hori bakarrik: dantza, zirkua eta bestelako diziplina eszenikoak ere bildu nahi ditu. Mikel Agirregomezkorta da lehiaketaren arduraduna. Aiurrin ekainean argitaratutako elkarrizketan azaldu zuenez, antzeko ekimenak Urnietara ekartzeko asmoz sortu dute. Bereziki hasiberriei eta hain ezagunak ez diren taldeei aukera eman nahi diete, sorkuntza eszenikoa sustatzeko eta publikoari proposamen berriak ezagutarazteko. Lehiaketa honetan lanen iraupena 15 minutukoa da gehienez eta parte-hartzaileak bakarka, binaka edo taldeka aurkez daitezke.

Arte eszenikoen lehiaketa finalera iritsi da. Orain artekoaz zer moduzko balantzea egiten duzu?

Oraindik finala falta da, baina oso pozik gaude erantzunarekin. Taldeen aldetik eta baita ikuslegoaren aldetik ere. Guztira 15 talde izan dira parte-hartu dutenak. Aurreneko sailkapena izan zen jendetsuena hemengo bi taldek parte-hartzen zutelako. Bigarrenean gutxiago, baina kontuan izanda Xoxokako festak zirela, eta, gainera, zubia zela, pozik geratu ginen. Hirugarrenean ere oso gustura egon ginen.

Parte-hartzaileetan jende gaztea dago, eta hain gaztea ez dena ere bai. Gehienak Donostialdekoak izan dira, beste talde bat Berrobikoa da, eta horiek, gainera, finalera sailkatu dira.

Uste baino artista gehiago dago bidea egin nahian?

Bai. Gure helburuetako bat talde edo artista ezezagun horiek ezagutaraztea da. Eta konturatzen zara amateur gisa jende asko dabilela.

Zer da onerako harritu zaituena lehiaketa honetan?

Lehen saiora udal ordezkari asko etorri zen. Bestela, jendearen erantzunak harritu nau, esperotakoa baino handiagoa izan baita.

Lan handia izan da hau guztia antolatzea?

Egia esan, bai: lan handia izan dugu. Gauza asko hartu behar baitira kontuan. Aste batetik bestera aurkezleak zein izango diren lotu behar da, aurkezpenetarako gidoi bat prestatu behar da, logistika zaindu… Sailkapenak Lekaio kultur etxean izan dira, eta, ondorioz, gela moldatu egin behar izan dugu. Beraz, lan handia izan da eta ez gara hainbeste hori guztia antolatzeko.

Segidarik izango al du lehiaketak?

Espero dugu baietz. Proiektua Udalari aurkeztu nionean horretan geratu ginen, ea aurten zer-nolako erantzuna izaten zuen. Esperantza dugu jarraipena izango duela, nahiz eta batzuetan damutu garen hartu dugun lan-karga guztiagatik.

Finalaren atarian zer aurreratu zenezake?

Finalera sei talde iritsi dira. Ez dakit zenbat denbora iraungo duen, baina sorpresatxoren bat egongo da. Hala eta guztiz ere, nahiago dut jendea hurbiltzea eta bere begiekin ikus dezala. Bestalde, aurreratu dezaket tartean atsedenaldi bat egingo dugula. Hala, finala bi zatitan egingo dugu: aurrenekoan hiru talde eta, bigarrenean, beste hiru. Nahiz eta denboraz luzeagoa egin, azkenerako arinagoa izango da.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!