"Gau Beltzaren identitateari eutsi nahi diogu"

Iraia Sanchez Arregi

Urriaren 31n Gau Beltzaren seigarren edizioa antolatuko du Magale-Salestar ikastetxeak Urnietan. Denbora daramate prestakuntza-lanetan. Antolatzaile taldekoa da Nerea Lizzartza irakaslea.

Jada sei urteko ibilbidea du Gau Beltzak Urnietan. Zer nolako bilakaera izan du ospakizunak?

Gu hasi ginenean oso leku gutxitan ospatzen zen Gau Beltza, eta gure helburua zen gure ikasleen artean bertako ohitura txertatzea. Lehen edizioa egin genuen Urnietako plazan eta festa txiki bat izan zen. Oso erantzun positiboa jaso genuen eta zerbait handiagoa prestatzen hasi ginen. Plazan bakarrik izan beharrean, San Juan plazatik Etxeberri plazara kalejira bat antolatu genuen. Ikasleen parte-hartzea ere handituz joan da, eta oraintxe bertan Urnietan errotuta dagoen festa bat da.

Aipatu izan duzue helburu nagusia dela Gau Beltza bera eta euskararen erabilera errotzea herrian. Urte hauetako esperientzia ikusita, zein neurritan lortu da hori?

Kulturalki kontzientzia bat hartzen duzunean iruditzen zaigu horrek ere hizkuntza aldetik bilakaera bat ekar dezakeela. Inurri lana da urtez urte egiten ari garena.

Urnietako kaleak jai giroan murgilduko dira urriaren 31n, Etxeberri plazatik abiatuta San Juan plazara bidean. Zer ezaugarri eta ekintza nagusi izango ditu aurtengo ibilbideak?

Geldiunerik gabeko kalejira bat izango da aurtengoa. Asmoa da kalean gauden guztiok batera kalejiran murgiltzea. Behin San Juan plazara iritsita, dantza emanaldian eta suaren erritualean berrikuntzak txertatuko ditugu.

Beldurraren tunela, danbor-joleak, dantzak, ipuin-kontaketa, txokolatada, gaztain-jatea... Nola egituratzen da halako egitarau zabala eta zein da ikastetxearen zein herritarren inplikazioa?

Guretzako hezkuntza-komunitate eta hezitzaile bezala, oso garrantzitsua da herritarrentzat izango den festa hau antolatzea, eta baita festa horretan egon ezin dutenak kontuan hartzeko kontzientzia zabaltzea ere. Adibidez, aiton-amonengandik jaso dugun festa bat da eta ideia horretatik abiatuta hasi ginen Urnietako Eguneko Zentrokoei keinu bat egiten. Iaz beste urrats handi bat eman genuen Donostia Ospitalean beldurraren ibilbidea eta kalejira egiteko baimena eskatuz. Oniritzia jaso genuen eta hura oso esperientzia positiboa izan zen. Bertakoentzat eta baita gure ikasleentzat ere.

Aurten, bi irteera horiez gain, Hernaniko zahar egoitzara hurbilduko gara.

DBHko ikasleak, irakasleak eta gurasoak zaudete antolakuntzan buru-belarri. Nola jaso dute gazteek tradizioa berreskuratzeko eta jai hau prestatzeko erronka?

Lehenengo urteetan zailagoa zen, festa berria zen eta lan handiagoa zen. Orain ibilbide bat badaukagu eta festa honen berri badagoenez, naturalagoa da dena. Gelako edo ikastetxeko edukien barruan txertatzen dugu LH osoan eta DBH 1-2 mailatan. Gainerako guztiek boluntario gisa hartzen dute parte. Boluntario horien presentzia oso handia izango da aurten. Ikasle handiagoak eta gurasoak boluntario lanetan aritzen dira, hainbat lanetan: desfilean parte hartzen, makilatzen, batukadan... Irakasleon presentzia koordinatzeko lanetarako izaten da. Denen laguntza ezinbestekoa da. Izan ere, aurten, desfilean 200 ikasle irtengo dira. Eta horiez gain, ondo pasa asmoz hurbiltzen diren gainerako herrikideak.

Azken momentuan jantzia prestatzen ari denarentzat, zer gomendio emango zenuke etxean ditugun arropa zaharrak edo elementu xumeak hartu eta Gau Beltzaz gozatzeko?

Batzuentzat hori da gairik konplexuena. Eta guretzat, berriz, sinpleena. Etxean eduki dezakegun edozein arropa erabil daiteke. Alkandora laukidun bat gainetik eta behetik artzain-andre gona bat, maoizko galtzak, galtza bakeroak, lastozko txapela… Posible balitz, aproposa litzateke aurpegia maindire batekin estaltzea. Gau Beltzaren identitateari eutsi nahi diogu, ahal dela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!