“Patagonia nire bigarren etxea da”

Fitz Roy mendi dotoreko ekialdeko ertzean martxoan egindako balentriaz mintzatuko da Saroben, hilaren 27an, Tasio Martin Elorrieta mendizalea.

Mendizalea izan behar zuen bai edo bai (Urduña, 26 urte). Joseba eta Yoli gurasoak Himalaia aldean ibili ziren sarri, Tasio bera amaren sabelean zela artean. UrduÒako semea alpinista bikaina eta eskalatzaile aparta bilakatu da. Martxoan eskalada munduko begiradak bereganatu zituen, Sean Villanuevarekin batera Fitz Roy menditzarreko Ekialdeko ertza librean eskalatu ondoren, bide hori ireki zela mende erdia bete ondoren. 1.200 metroko paretan zintzilik pasa zituzten hiru egunak izango ditu Tasiok hizpide datorren ostiralean.

Nor zaitugu, Tasio. Azaldu zure mendi bidea pixka bat, mesedez.

Urduñarra naiz, eta txiki-txikitatik mendian ibilia gurasoekin. Handik aurrera han eta hemen ibili naiz, nire kabuz ikasten, lagunak egiten. Picos-en hasi nintzen, Pirinioak gero. Kristoren lekuak biak, abentura eta konpromiso handikoak. Alpeetan ibili nintzen oso gazte, 16 urterekin Freney bide ezagunean. Gero ja Nepal, India, Pakistan, eta azkena Patagoniara lehen aldiz. Urtero joaten naiz orain.

Patagonia maite duzu, bereziki, Tasio. Zergatik? Zer daukate Fitz Roy eta Cerro Torre mendiek, eskalatzaileengan halako miresmena sortzeko?

Gauza bereziren bat bai. Batzuk ez dute bueltatu nahi izaten eguraldi txarragatik, besteok bueltatzeko amorruz egoten gara. Oso mendi politak dira, bereziak, granito orratzak, oso teknikoak eta bertikalak. Oso zailak, ez dago bide errazik. Bertako komunitatea ere oso garrantzitsua da niretzat, ze eguraldi txarra dagoenean babesean egon behar duzu, eta gustura egotea oso garrantzitsua da. Harremana sortzen da lekua eta bertako jendearekin bizpahiru hilabetez. Patagonia nire bigarren etxea bezalakoa da, dagoeneko. Eskalatu gabe ere bizitzen ari zarela sentitzen duzu.

Sean Villanueva belgikarrarekin ireki zenuen bidea azalduko duzu proiekzioan. Lorpen historikoa izan da, duela mende erdian ireki zuten bidea liberatu baitzenuten…

Fitz Roy eta Torres del Paineko zeharkaldia izango dira emanaldiko ardatz. Eskalada soilaz harago, zelan sortzen diren halako aukerak. Patagoniara ezin duzu helburu zehatz batekin joan, normalean ez delako gauzatzen. Bidaia hori, aukera hori nola sortzen den azaltzen dut, prozesua, ez aktibitatea bera bakarrik. Gero paretako lana eta bizipenak ere bai, noski, baina intentzioa pertsona batek tamainako proiektu batean sartzea nola erabakitzen duen azaltzea da.

Hiru egun egon zineten paretan zintzilik, amildegi latza hankapean, eta non eta Patagonian, non eguraldia beti izan litekeen arriskutsua…

Bide osoa liberatzea ezinezkotzat jotzen genuen ekin aurretik. Bai nik eta bai Sean-ek ere. Lasai geunden oso zaila zelako. Gero behin helburua lortuta, 7-10 egun eman genituen hegan, poz laino batean. Jabetzen zoaz aktibitate handia dela. Bai niretzat, baita hango komunitatearentzat ere. Saiakera bakarra egin da bide horretan, oso bide berezia eta polita da.

Zer moduz zabiltza emanaldien munduan? Denbora asko daramazu, gustuko duzu?

Patagoniako kontuak eman dit bultzada emanaldiekin bete-betean hasteko. Fitz Roytik jaitsita jabetu nintzen, istorio biribil bat neukala kontatzeko. Lagun bat daukat halako muntaiak egitea gustuko duena, eta aurrera egin nuen bere laguntzaz. Bi emanaldi izan ditut orain arte, eta Urnietakoa bosgarrena izango da. Poz-pozik nago. Jendea oso gustura mintzatu zait ekoizpena ikusita. Oraindik hunkitzen naiz nire irudiak ikustean etxean.

Amaia Agirre Mendi Zinemaldia

Azaroak 26 eta 27, Saroben

Zanpatuz mendi elkarteak Amaia Agirre mendi zinemaldiko 3. edizioa antolatu du, azaroaren 26rako eta 27rako.

Bi emanaldiak iluntzeko 19:30ean izango dira, eta sarrera doakoa izanen da. Ez da izenik eman beharko aurrez emanaldiaz gozatzeko. Amaia Agirrerekin batera Ander Elustondo gazteari ere omenalditxoa egingo zaio. Jakina denez, "Elus" udan hil zen, Midi d’Ossau gailurrean jausi ostean.

Azaroak 26, osteguna. 19:30, Sarobe

Osteguneko emanaldiko arduraduna aski ezaguna da Urnietan: Txetxu Lete. Irakaslea herriko ikastolan, 8.000 metroko hiru tontor igo zituen 90. hamarkada bukaeran eta XXI. mendeko lehen hamarkadan: Wifi gabeko garaiak ziren haiek, eta belaunaldi berriei garai haiek nolakoak ziren erakusteko hasi da Lete iraganeko alpinismoaz mintzatzen.

Azaroak 27, ostirala. 19:30, Sarobe

Tasio Martin bizkaitarra da, eta Amaia Agirrek bezain ondo ezagutzen du Patagonia. Martxoan sekulako balentria gauzatu zuen Sean Villanueva eskalatzaile belgikarra lagun zuela: Fitz Roy mendiko ekialdeko ertza liberatzea. 1.200 metroko pareta da, 40 luze, hiru egun zintzilik eta 7c mailako zailtasuna.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!