EH Bilduren kronika:
Iker Urruzola Aizpurua da EH Bilduko Zizurkilgo alkategaia
Iker Urruzola Aizpurua (Zizurkil,1976) izango da Zizurkilgo EH Bilduko alkategaia udal hauteskundeetan. Atxulondo kultur etxean egin den aurkezpen ekitaldian eman du koalizioak alkategaiaren berri. Zizurkildar gehienontzat ezaguna da Urruzola, azken urteetan, hamaika herri
ekimenetan partaide edo eragile izan baita: festa batzordean, erraldoien konpartsan, herri antzerkietan, kirol ekimenetan…
Joxe Mari Luengo alkateak eman dio lekukoa, “egun pozgarria” dela esan du Luengok, Iker Urruzola “pertsona langilea, gertukoa eta bere herria maite duena” dela azpimarratuz.
Alkategaiak, Luengo alboan zuela, azken 8 urteetan udal gobernua gidatu dutenei eskerrak emanez hasi nahi izan du. “Esker hitzak ditut aurreko bi legealdietan, EH Bilduko zinegotzi izan zareteneoi, Zizurkil iluntasunetik argitara bideratzeagatik. Garai gogor eta ilunen ostean, Zizurkil berriro berpiztu da”, esan du Urruzolak. “Zorra herenera jaitsi, herriko bi plazak eraldatu, udal zerbitzuak sendotu, udala herritarrengandik gertuagokoa eta irekiagoa egin, kirolak jasan duen gorakada nabarmena izan da -futbolaz aparte, txirrindularitza eskola, atletismoa, halterofilia, eta abar- eta Plazida Otaño liburutegia bezalako gunea jarri duzue Zizurkilen”, aipatu ditu Zizurkilgo alkategaiak.