Horrekin bat, Area 15 edo Illunjako industriagunea ere eraldatu nahi da. “Industriagune zaharkitua eraitsi eta bertan auzune bat sortzeko abian den proiektua landuko dugu Udaletik, ahal den neurrian bertan dauden enpresak herrian bertan birkokatuz eta zonaldean geratu nahi dutenei alternatibak eskainiz. Ez da urte batetik bestera egingo, baina epe ertainera, Illunjako industriagunearena Zizurkilgo hirigintza proiektu garrantzitsuenetako gisa ikusten dugu”, nabarmendu du Urruzolak.
Aldundiari deia
Proiektu hori behar bezala gauzatzeko, azken hamarkadetako eskari berretsi du EH Bilduk. “Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu Zizurkil behingoz aintzat hartu eta saihesbidea egin dezala. Milaka kotxe eta kamioi herri erditik igarotzen zaizkigu azken hamarkadetan, eta uste dugu, Foru Aldundiaren diru sarrerek gora egin dutenean, ez dagoela aitzakiarik proiektu honi ekiteko, ezinbestekoa delako”.