2019ko udal hauteskundeak

Plazaetxeberri eraikinaren erabilera herritarrekin landu nahi du Zizurkilgo EH Bilduk

Aiurri 2019ko api. 23a, 08:34

Zizurkilgo Udala Plazaetxeberri eraikin historikoaren jabe egin da aurten. Bestetik, udal etxebizitzen aukera lantzeko azterketa ere egingo dutela aipatu du EH Bilduk.

Maite Amenabar egungo alkate ordeak eta EH Bilduko zerrendako bigarren hautagaiak azaldu duenez, “herrigunearen etorkizunerako urrats handia eman dela uste dugu, aukera berriak zabaltzen dituelako”. Datorren legealdiaren hasieran, Plazaetxeberriren erabilera herritarrekin landu nahi dutela zehaztu du, "proposamenak jasoz eta Zizurkil Goiko kultur azpiegitura eta beharren inguruko gogoeta garatuz, eta epe ertaineko bide orri bat zehaztuz”.

Etxebizitzak
Herrigunean abian diren ekimen pribatuko etxebizitzak garatu ostean, beste urrats bat egitea buruan du koalizioak.  “Behin etxebizitza horiek eginda, udal etxebizitzen aukera lantzeko modua izan liteke, eta horretarako etxebizitza behar errealen azterketa egingo dugu, erabakiak hartu aurretik”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!