2019ko udal hauteskundeak

"Konplexuak galdu eta dugun onena ematen ahaleginduko gara"

Aiurri 2019ko mai. 23a, 07:46
Trini Altimasberez, Danena futbol zelaiaren aurreko pasealekuan Zizurkilen

Trinidad Altimasberez Borja EAJ-PNV

Elizpe jubilatu elkarteko lehendakaria da egun eta alkate izango balitz, adineko pertsonekin lan egin nahi du; bakardadeari aurre egiteko bideak jarriz, besteak beste

 

Zein asmorekin aurkezten zara Zizurkilgo alkategai? 

Indartsu eta ilusio handiarekin aurkezten naiz. Elizpe jubilatu elkartean ere ari gara lanean eta oso gustura gainera! Alkate izateko aukera sortu zaidanean, 'zergatik ez?' pentsatu eta aurrera egitera animatu naiz.

Zer diozu azken legealdian Zizurkilgo Udalean egin duten lanaz? 

Ez naiz bertan egon, baina erdibidean geratu direla esango nuke. Gure inpresioa Zizurkil zikin samarra dagoela da. Zaborraz gain, pankartak edota pintadak ikus daitezke nonahi. Ez gaude aldarrikapenaren aurka eta inor kaltetu gabe, iragarri behar dena iragarriz, guztion artean kaleak txukun edukitzeko formularen bat adostu beharko genukeela uste dut.

Zein proposamen nagusi dakarzue?

Batetik, herritarren parte hartzea sustatu nahi dugu. Udalak erosi duen Plaza Etxeberriren erabilera, herrian dauden beharren arabera, herritarron artean erabakiz. Plazaetxeberri adibide bezala jartzen dugu, baina behar adina parte hartze prozesu bultzatuko dugu. 

Bestalde, kalitatezko enplegua sortzeko, industria sustatzen saiatuko gara. Zizurkilgo industria indartu nahi dugu, Tolosaldeko ikuspegia galdu gabe eta, Tolosaldea Garatzenen eskutik beti. Era berean, kaleak irisgarriagoak izan daitezen lan egingo dugu, besteak beste, Bulandegi-bidean oztopoak ezabatu eta kalea eraberrituz. Bariantearen beharra ere aspaldidanik ikusten dugu eta hori gauzatzeko Foru Aldundiari laguntza eskatuko diogu. 

Landa eremua eta erdigunearen arteko lotura bultzatuko dugu, baita kirolaren sustapena eta zahartze aktiboa ere. Nola ez, euskara eta hezkuntza indartzen ahaleginduko gara, azpiegiturak eraberritu eta berriak sortzen, gizarte kohesioa eta ongizatea bermatzen. Baita bizikidetza, anizatasuna eta berdintasuna ere.

Nola deskribatuko zenuke zuen taldea?

Lanerako prest gauden emakumeak gara nagusi gure zerrendan. Oso naturalki atera da emakumeok aurrerapauso hori ematea. Konplexuak galdu eta dugun onena ematen ahaleginduko gara. Aurrera goaz.

Herritarrei mezu edo deirik?

Zizurkildarren bizi kalitatea hobetzeko ahal dugun guztia egingo dugu. Gure helburu nagusia Zizurkilgo biztanle guztien onerako lan egitea da. Izan dezatela konfiantza gugan. Aurrera egin nahi dugu, beti herritarrak entzuteko prest eta haien iritziak kontun hartuz. Haiek gabe ezingo baikenuke ezertxo ere egin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!