Ez dugu ukatuko, babes zabal horrek poz handia ematen digu. EH Bilduk zortzi urte daramatza Udalean, eta, zortzi urte eta gero, emaitza horiek lortzeak bereziki pozten gaitu baina era berean ardura erantsiarekin hartzen ditugu.
Pozik eta harro gaude, baina harrokeriarik gabe. Umiltasunez eta gertutasunez lan egingo dugula agintzen dizuegu. Esan dugu behin eta berriz azken asteotan, herrigintzagatik gatoz eta herritik gertu lan egiten jarraituko dugu Udalean ere. Horretarako badugu kontratu bat: hilabeteotan landu dugun herri programa. Berau izango da gure ardatza hurrengo urteetan. Eta ekimen eta proiektuak behar bezala garatzeko ezinbestekoa izango dugu zuen guztion parte hartzea.
Saiatuko gara zizurkildar guztien alkate eta zinegotzi izaten, bozkatu gaituztenen eta ez gaituztenena, eta oposizioko alderdiei lanerako deia egiten diegu. Nahi badute, lanean topatuko gaituzte.
Hauteskundeetako emaitzen balorazio lasaiagoa egin eta aurrera begira jartzeko, Zizurkilgo EH Bilduko kideok batzarra egingo dugu ekainaren 12an, asteazkenean, 19:30etan, Atxulondo kultur etxean. Gonbidatuta zaudete.