Zizurkil Goiko jaiak 2019

"Herri bazkaria egingo dugu jaietako azken egunean"

Ainhoa Gil 2019ko abu. 12a, 08:12

Ahalik eta herritar gehien elkartu eta ondo pasatzeko gogoz, aldaketak egin dituzte jaietako azken egunean. Kuadrillen artean egingo dituzte antolaketa lanak. Igotz Alkorta eta Judith Perez Jai Batzordeko kideei elkarrizketa.

Zein izango da aurtengo jaietako berrikuntza nagusia?

Jai batzorde honek ez du inoiz izan aldaketak egiteko beldurrik eta aurten ere izango da horrelakorik. Azken eguneko mozorro gaua agortu samar zegoela ikusten genuen, eta buelta bat ematea erabaki genuen. Ahalik eta herritar gehien bildu nahi genuen festara, eta herri bazkaria antolatzea pentsatu dugu. Haur, heldu..., guztiek gozatzeko moduko eguna izatea nahi dugu. Festak herritarren artean antolatu behar direla defendatzen dugu eta egun hori antolatzeko, herriko kuadrillekin bildu gara eta guztien artean egingo ditugu egun horretako lanak. Eguerdian hasita, ekitaldi ezberdinak antolatuko ditugu jaietako azken egun horretan. Guztiek ondo pasatzeko moduko eguna izango da, herritarrak elkarrekin biltzekoa eta gozatzekoa. Gainerantzean, txupinazoa eguerdian egin izan dugu orain arte, eta aurten iluntzean egitea erabaki dugu; idi-probak ere jaietako lehen egunean izango dira.

Kontzerturik izango al da aurten?

Zaila da urtero kontzertuak antolatu ahal izatea. Horren inguruko hausnarketa egin dugu aurten. Diru asko behar da kontzertuak antolatzeko eta, gainera, gastu horrek ez dizu ziurtatzen jendea gerturatuko denik. Aurten, gastu hori ez egitea erabaki dugu. Datorren urtean horretarako aukera badugu, antolatuko dugu, baina aurtengoan ez da izango. Herritarrentzat eta ingurukoentzat egindako jaiak dira, eta horretan jarriko ditugu indarrak.

Jai batzordeko kideak zarete biok. Zenbat kide zabiltzate lanean?

Jende gehiago izatea nahi genuke, baina ez da erraza. Lan zehatzak egiteko prest dago jendea, baina zailagoa da konpromiso handiagoa eskatzen duten ardurak hartzea. Belaunaldi gazteen erreleboa behar dugu, ideia berriak ekarriko dituen jendea.  

Erlazionatuak

Lau eguneko egitarau mardula

Ainhoa Gil 2019 abu 11 Zizurkil

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!