Zizurkilgo Udalak eta herriko taberna nahiz komertzioek butzatu dute ekimena. Martxoaren 5ean banatu zuten lehen saskia eta, gaur arratsaldean bigarrena, 20514 zenbakiaren jabearentzat izan dena. Iruran bizi den Naroa Cruzek pozarren jaso du saria, Iker Urruzola Zizurkilgo alkate eta Natalia Hernandez Alaiena supermerkatuko (Eroski) arduradunaren eskutik. Izan ere, Alaiena supermerkatuan egindako erosketa baten truke eskuratu baitzuen txartel saritua.
Iker Urruzola alkatea ere pozik agertu da ekimenak herrian sortu duen giroarekin. "Herriko komertzioa bultzatzeko jarri genuen abian ekimena. 32.000 zenbaki, 16.000 boletoren artean egin zen zozketa eta bisiesto egunean 'bi xexto' zozkatu genituen. Lehenengo saskia adineko pertsonek jaso zuten, gazteak bigarrena. Ondo banatuta geratu dira bi saskiak", adierazi du.