“2008an sortu zen krisia baino arinagoa izango da oraingoa”

Koronabirusak, osasun krisia ez ezik, krisi ekonomikoa ere ekarri du gure artera. Zizurkilen bizi den Mari Jose Arangurenek erantzun ditu ondorengo elkarrizketako galderak. Orkestra lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendaria da, Deusto fundazioaren baitan (www.orkestra.deusto.es). Covid 19ak ekonomian sortu dituen ondorio, aldaketa eta kalteak izan ditu hizpide.

Koronabirusaren eraginez hilabete itxita daramate lehen mailakotzat jo ez diren saltoki txiki nahiz hainbat zerbitzuk… Langabezia tasa ere asko igo da, datu historikoak jasotzeraino. Zein irakurketa egiten duzu egoera horren aurrean?

Krisi hau aurrekoaren ezberdina da. Aurreko krisia finantza krisia izan zen, eta horrek krisi ekonomikoa ekarri zuen, baina ez zen krisi globala izan: ez zuen kontinente guztietan eragin. Krisi hau, aldiz, kanpoko faktore batek eragin du: osasun arazo batetik sortu den krisi ekonomikoa litzateke eta globala da, abiadura eta momentu ezberdinetan, mundu guztian ari baita zabaltzen. Nire ustez, hala ere, aurreko krisia baino motzagoa izango da. Iraupenari buruz, hala ere, ziurgabetasun handia daukagu. Ez dakigu osasun krisi honek zenbat iraungo duen, ezta nolako bilakaera izango duen ere. Ondorioz, koronabirusa nola ari den zabaltzen eta kutsatuen kopurua nola ari diren kontrolatzen ikusiz, datu horien arabera ari dira ekonomiari eragiten dioten erabakiak hartzen. Krisi ekonomikoaren eragina, beraz, osasun krisi horren bilakaeraren arabera egongo da. Normaltasuna noiz eta nola iristen den, oso ezberdina izango da susperraldia ere. Ondorioz, oso zaila da zenbaterainoko iraupena izango duen esatea. Aurten ekonomiak behera egingo duela aurreikusten da. Eusko Jaurlaritzak egin dituen aurreikuspenetan %3.6ko beheraldia aipatzen da produktu gordinean, baina hurrengo urtetik aurrera, berriz ere ekonomia hazten joango da. Aurreko krisia 2008an hasi zen eta urteak iraun zuen. Zentzu horretan motzagoa izango dela aurreikusten da. Baina, orain, bat-batean, denoi eragin digu. Konfinamendua hasi zenetik etxean geratu beharrak guztioi eragin digu. Aurreko krisi finantzarioak ez zigun hain modu globalean eragin. 

Langabezian nahiz egoera ekonomiko gordinenean dauden pertsonei zuzenduta hainbat neurri hartu du Gobernuak.  Nahikoak izango al dira?

Halako krisi handi bat gertatzen denean, oso zaila da bat-batean kolektibo ezberdinei nola eragiten dien ikustea. Krisi honek ez digu guztioi berdin eragin: batzuk etxetik ari gara lanean, beste batzuek ez daukate lanera joaterik, eta ERTE egoeran daude, beste batzuek aurrez zituzten lan baldintza nahiz ekonomikoak ez ziren oso onak… Heterogeneotasun oso handia dago, eta neurriak ateratzen direnean, oso neurri orokorrak ateratzen dira. Hain bat-bateko krisiaren aurrean, bi arazo nagusi ikusten ditut nik: benetan behar duen jende bati laguntza ez iristea batetik, eta oso garrantzitsua da egoera horiek zein diren azaleratzea, laguntzak kasu horietara bideratu ahal izateko. Baina bestetik, alderantzizko kasua ere aipatu nahiko nuke: laguntzak ateratzen direnean, beharrik ez duen jendeak ere horietara jotzen duelako, eta abusuak gertatzen direlako orduan. Konfinamenduak eta etxean geratzeak denon ardura eskatzen duen bezala, baliabideen erabilerak ere erantzukizuna eskatzen du. Denon ardura da behar duen horrek laguntza izatea, baina baita behar ez duen horrek ez eskatzea ere: dela maileguetan, dela enpresatan… Baliabideak mugatuak direnez, denon ardura partekatua eskatzen du egoera honi aurre egiteak. Hori guztioi dagokigu.

Gobernuaren aldetik, berriz, laguntza asko atera da orain maila desberdinetan. Baina egon daitezke laguntzarik gabe geratu diren eta beharrean dauden taldeak. Esaterako, lantokia ixteko edo ERTEra jotzeko aukerarik eskaini ez zaien autonomoak, euren jarduna normaltasunez egin ezin dezaketenak. Halako kasuen aurrean, zabaldu egin beharko lirateke laguntzak, eta kanpoan geratu diren kasuak ere aztertu.

Baliabideak mugatuak direnez, denon ardura partekatua eskatzen du egoera honi aurre egiteak

 

Zein bilakaera izango dute ERTE egoeran dauden enpresetako langileek? Egoera egonkortzen denean normaltasunera itzuliko al dira? 

Hor ere oso enpresa eta sektore mota ezberdinak daude. Badaude itxi egin behar izan duten enpresak, ERTE egoeran dauden langileak, baina agian epe laburrera, segurtasun neurriak ondo prestatuta, lanera itzultzea aurreikusten dutenak. Egoera onean dauden enpresak lirateke horiek. Aurreko krisiak lagundu du hainbat enpresa finantza mailan saneatuta egon daitezen, eta horiek, euren jarduera ohikoa errekuperatuko dutela esango nuke. Baina badaude beste sektore batzuk, siderurgia esaterako, zailtasun handiagoak dituztenak. Labeak gelditze hutsak galerak sortzen dizkiete. Gai horren inguruan eztabaida piztu da, mantendu behar ote diren edo ez. Nire ustez osasunak du lehentasuna, baina batzuetan osasuna eta jarduera ekonomikoa ez dira kontrajarriak. Osasun baldintzak ziurtatuta, manten daitezke jarduera ekonomikoak. Hori bermatzea dagoen kasuetan, jarduera mantentzearen aldekoa naiz ni. Horiei, krisiaren eraginaren arabera, eta geratu egin badira, gehiago kostako zaie normaltasunera itzultzea. 

Aktibo mantendu diren lan jarduerak, nahiz eta lan-karga jaitsi, errazago errekuperatuko dira. Eta guztiz itxita egon direnek zailtasun gehiago izango dute, baina horien artean ere oso kasuistika desberdinak daude, banaka aztertu beharko litzateke bakoitza.Beste jarduera batzuk, bestalde, buru-belarri ari dira lanean, une hauetan oso beharrezkoak direlako: osasun langileak, esaterako, inoiz baino lan gehiagorekin dabiltza, baita elikagaien sektoreko langileak ere. Azken kasu horretan, momentu bereziak izan dira: jendeak, beldurraren eraginez, neurriz kanpoko erosketak egin zituen hasieran behintzat, eta ohi baino lan gehiago izan dute arlo horretako langileek. 

Langileen lan baldintzen edo lanpostuaren arabera eta bakoitzaren enpresaren jarduera ekonomikoaren arabera, eragina ezberdina izango dela iruditzen zait. Ez dela inondik ere eragin homogeneoa izango. Lan batzuetan, lan egiteko modua alda daiteke: esaterako, telelana eginez edo bideokonferentzia bidez arituz. Jarduera batzuk errazago egoki daitezke egungo egoerara, baina ez guztiak: ekoizteko produkzio-katean aritu behar dutenak, adibidez.

Zein egoeratan ikusten dituzu euskal enpresak krisi honen aurrean?

Edozein krisitatik ikasi egiten dugu. Gogorra izaten da, baino asko ikasten da bizitzan kolpe, behar eta krisietatik. Modu horretan, asko ikasi zuten euskal enpresek ere aurreko krisirik. Bi gauza, nagusiki: batetik, zorpetze mailari zegokionez. Izan ere, egun, euskal enpresek aurreko krisia iritsi zenean baino zorpetze maila baxuagoa dute, onbideratuta daude, finantza-egoera hobean. Bestetik, hemengo hainbat enpresa, lehen kanpoan saltzen ez zutenak, aurreko krisiaren ondoren, pixkanaka kanpoan saltzen hasi ziren, kanpoko merkatuetara irekitzen. Eta noski, toki desberdinetan saltzen duzunean, krisia etorrita ere, sendoago sentitzen zara, erresilienteago. Krisiak toki batean gogor eraginagatik, agian beste toki batean erosiko baitizute. Aurreko krisiaz geroztik, nazioarte mailan, bilakaera handia gertatu da Euskadi mailan. Gauza gehiago ere ikasi genuen arren, bi alderdi horiek nabarmenduko nituzke, eta ondorioz, orain indartsuago gaude egungo krisiari aurre egiteko. Krisi honen eraginez, ordea, oraindik eta gauza gehiago ikasiko dugu: esaterako, digitalizazioak ematen dizkigun aukeren bidez, hainbat lan modu efizienteagoan egiten ikasiko dugu: besteak beste, Donostia, Bilbo eta Gasteizen arteko bilera askotara bertara joan beharrean, bideokonferentziaz egingo ditugu aurrerantzean. Gauza bera kanpora egiten diren bidaiatan ere. Kasu batzuetan zuzeneko harremanak garrantzia handia dauka, baina ez guztietan. Horri lotuta, esku artean dugun beste erronka handi bat jasangarritasuna da: kutsadura, aldaketa klimatikoa… Eta krisi honek, dudarik gabe, ikasketa ekarriko digu erronka horiei aurre egiteko. Gure portaeratan ohitura onak benetan barneratzen baditugu, prestatuago egongo gara aipatu erronka horiei erantzuteko. 

Abiadura azkarrean bizi ginen, eta krisiaren ondorioz geratu, eta etxean gaude hilabetez. Bizitzak aurrera jarraitzen duela konturatu gara, motelago doan arren. Egoera honek geldiarazi egin gaitu, eta horrek hausnarketarako denbora eman digu. Gure egunerokotasunean, ‘ekintza, ekintza eta ekintza’ren aurrean, gelditu eta pentsatzea, zertan ari garen kontziente izatea… Krisi honen aurrean, etorriko diren beste krisi eta erronkei aurre egiteko ikasi egin behar dugu.

Elkarrizketa osorik, apirilaren 16 eta 17an harpidedunen artean banatu den Aiurri hamaboskarian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

Erlazionatuak

Sektore ezberdinetako langileen iritzia

Urnieta

Herri eta lanbide oso ezberdinetan ari dira lanean Mikel Zurutuza, Ana Azpiazu eta Ernesto Montes. Lanaldiaz eta prebentzio neurriez iritzia eman d...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!