Perurena izan da lanean hasten lehena herri-kirol saioan. 200 kiloko zilindroari hiru jasoaldi ematen saiatzea zen bere egitekoa eta 58 segundu behar izan ditu horretarako, minutu bat baino gutxiago. Ondoren, 250 kiloko harri errektangularrari bi jasoaldi eman dizkio. Pisu horretako harriekin aritzen den harri-jasotzaile bakarretakoa dela esan dute mikrofonotik.
Aizkolarien kasuan, lehen egitekoa enbor bat moztea izan da. Saralegi eta Arria V.a izan dira azkarrenak lan horretan. Berriro ere Perurenaren txanda iritsi da: 200 kiloko zilindroa esku bakarrarekin altxatzea. 2 jasoaldi eman dizkio.
Aizkolarien bigarren zeregina zortzi enbor ebakitzea izan da, bikoteka eta nahi duten momentuan aldatuz. Kasu horretan, Mugertza eta Irazu izan dira azkarrenak.
Eta herri-kirol saioarekin amaitzeko, Inaxio Perurenak 111 kiloko bolarekin agurtu ditu ikusleak, harria lepoaren bueltan mugituaz alde batera eta bestera.