Zizurkildar guztien artean hauspotu beharreko txinparta

Ainhoa Gil 2022ko urt. 25a, 07:17

Alaitz Mujika, Iker Urruzola eta Mikel Egibar

Plaza Etxeberri eraikinari eman beharreko erabileraren inguruko lanketa egiten aritu da Zizurkilgo Parte-hartze Batzordea, HerriBizigune elkartearen gidaritzapean. Eraikinetik harago, herrigintzaz aritu dira

2019an hasi zen parte-hartze prozesua. HerriBizigune elkarteak diseinatu zuen dinamika eta, pandemiak baldintzatu badu ere, garatzea lortu dute. Alaitz Mujika HerriBizigune elkarteko kideetakoa da: “Argi genuen ez zela izango iritzien bilketa hutsa. Kogobernantzara zuzendutako parte-hartzea izatea nahi genuen, eta horretan aritu gara azken hilabeteotan”. Parte-hartze prozesua garatzeko moduak ere garrantzia handia hartu du; publikoa, komunitarioa eta kooperatiboa izan da. “Herritarrei deialdiak egin zaizkie, informazioa ere erabat publikoa izan da, nahi izan duen guztiari irekia. Ahalik eta adostasunik handienak lortzen saiatu gara beti eta norberaren nahien gainetik jarri ditugu interes kolektiboak. Egingarriak ote diren ikusi, eta nola gauzatu daitezkeen ere adostu dugu”. 

Fisikotik, filosofikora

Plaza Etxeberri eraikinari eman beharreko erabilera adostea izan zen abiapuntua, baina haratago eraman ditu bideak. Iker Urruzola alkateak azaldu duenez, “herrian zer eta nola nahi dugu hausnartu dugu. Zerbait berria sortu, komunitatea sendotu, eraldatzailea izan, komunitarioa, kooperatiboa… Hausnarketa filosofikoa izan da gehiago, fisikoa baino. Eta ondorio horietan, interpelazioak daude, noski. Erakundeak ere jakin egin behar du erantzun positiboa ematen. Elkarrekin joatera bultzatu gaitu txinparta honek. Bide luzea dugu, baina behin ondo zehaztuta, bidea egitea errazagoa da”.

Herri kooperatiba

Mikel Egibar ere HerriBizigune elkarteko kidea da eta esperientzia honen balioa azpimarratu nahi du: “Lehen aipatu dugun bezala, orain arteko bide osoa izan da publiko, komunitario eta kooperatiboa. Ildo horri jarraituz, proiektu honen garapen naturala, herri kooperatiba bat sortzea izan daitekeela iruditu zaigu. Guztion artean landu beharrekoa da hori. Herri kooperatiba berez ez da existitzen modu juridikoan. Modu partekatuan gauzak erabakitzen dira eta gauzak egiteko modu delegatua eta kolegiatua du. Hiru elementu horien intersekzioa da gure proiektuaren filosofia nagusia: proiektu sozial eraldatzailea”. 

Herri osoaren ekimena

Plaza Etxeberri izan zen hausnarketarako lehen txinparta, baina ekimena ez da eraikinera mugatzen, ezta herrigunera bakarrik ere. Hala azpimarratu du Urruzolak: “Gobernantza partekatua den heinean herri osoari dagokio. Ez da eraikin bati lotutako zerbait, eraldatzaile izan nahi badugu, herri osora zabaldu behar dugu. Gure erronkarik nagusienak hauexek dira; herri kooperatiba sortu, erabakigunea sortu, gobernantza partekatua sortu, herri batzarrak kolegiatuagoak egin, hor erabaki zer egin eraikinarekin. Garrantzitsua da hori guztia herri osora zabaltzea”.

 

___________________

Plaza Etxeberrirako erronkak

Herriak dituen zenbait behar identifikatu ditu parte-hartze batzordeak. Plaza Etxeberri eraikinak premia horietako batzuri erantzuteko aukera baduela ondorioztatu dute gainera: 

  1. Elikadura sarea. Badira bi urte martxan dagoela, baina ez dauka espazio fisikorik. 
  2. Eragile ezberdinentzako espazioa: Bilerak eta dinamikak egiteko gunea.
  3. Erabilera anitzeko kultur aretoa: Modu askotako jakintza elkarbanatzeko espazioa. 
  4. Jatetxe-taberna: Egun ere badago, baina formaren inguruko hausnarketa egin da. 
  5. Elkartasunerako espazioa: Harrera gunea.
  6. Topagune soziokomunitarioa: Herritarrak elkarrekin harremanan izateko espazioa.

Eraikinaren egoerak berak eraberritze lanak eskatuko ditu eta ezingo dira ekimen guztiak bat batean martxan jarri. “Lehen eta bigarren solairuek eraberritzea behar dute. Beheko solairuan taberna-jatetxea dago martxan. Hori guztia nola egingo den planifikatu egin beharko da, baina guk ezin dugu horren zain egon. Azpian, sotoan, badago espazio bat auzolanaren bidez moldatu eta modu xumean martxan jartzeko modukoa. Ikasteko aukera emango digu horrek, etorkizunean eraikin osoa martxan jartzen denerako. Horregatik, plangintza egin eta auzolana sustatu beharko dugu. Izan ere, zerbaitetan parte hartzen duzuenean zure egiten duzu eta herriarekiko atxikimendua eta maitasuna ere handitu egiten dira”.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!