Luze edo Motz partida iragarri berri duzue. Gerriko gorriarekin eta urdinarekin kantxaratuko al zarete?
Neu gorriarekin eta Mirari urdinarekin agertuko gara. Gerrikorik gabe igoko gara. Guretzat garrantzitsua da oholtzara eroso eta konfiantzaz igotzea; emakumeok nahikoa epaituak izaten baikara gure itxuragatik. Hori dela eta erabaki genuen beti berdin jantzita egitea gure saioak: beltzez eta koloretako txaketekin.
Ez dira kantxara ateratzeko garai onenak. Nolakoa izan da zaletuen harrera?
Jendeak barre egiteko gogoa dauka, eta hori oso nabarmen geratu zen estreinaldian. Osasuna eta lana garrantzitsuak dira, baina kultura ere behar beharrezkoa dugu gure bizitzan. Beharrezkoa dugu tarte bat guztiaz ahazteko, amets egiteko, gozatzeko, barre egiteko, beste bizitza batzuk bizitzeko... Eta ez dira behar adina garrantzia ematen ari.
ETB1eko Barre librea telebista saioan gero eta emakume gehiago ikusten ditugu. Noiz egingo da bakarrizketen Emakume Master Cup txapelketa bat?
Aspaldi aldarrikatzen dugun zerbait da hori. Zorionez, telebistak ikusgarritasun handia ematen du eta une honetan umorea gehiago kontsumitzen da. Hala ere, oraindik bi emakumezkoen umore bakarrizketa ikuskizuna ez da ohikoa. Gure kasuan, gainera, etortzen den publikoaren %85a emakumezkoa izaten da. Oraindik askok “emakumeen kontuak” bezala etiketatzen gaituzte, eta ondorioz, gizon gutxiago agertzen dira. Baina guk kontrakoa frogatu nahi dugu: hau da, hilekoaz, menopausiaz, masturbazioaz, edo ligatzeaz egiten dugun umorea ere denentzat dela, alegia.