M8 2022

Martxoaren 8an dantzatuko dute Zizurkilgo Irradaka

Ainhoa Gil 2022ko mar. 5a, 08:00

Emakumeek borobilean jarrita eta eskutik helduta dantzatzen duten dantza da irradaka. Iaz sortu zuten Zizurkilgo emakumeek martxoaren 8an dantzatu ahal izan dezaten irradaka.

Bukalai dantza taldeko kideek dantzatu zuten iaz eta aurten, ekimen zabalagoa izango da. Dagoeneko egin dute entsegua eta asteartean, Aiztondo bailarako manifestazioa abiatu aurretik dantzatuko dute Joxe Arregi plazan. 18:45etan hasiko da irradaka eta, Bernarda Usabiaga izango dute gogoan. Bertan izango da Bernardaren erraldoia, hark herrian utzi duen hutsunea gogoratzeko.

Irradakan parte hartu nahi duten emakumeek izango dute horretarako aukera. Iaz grabatutako bideoa izan dezakete eredu, dantza ikasi eta plazako ekimenera batzeko.

Doinuen hautaketa eta egitura koregrafikoaz arduratu da Itziar Otamendi dantzaria, eta Rosi Lazkanok egin ditu bertsoak. Hiru doinurekin osatu dute irradaka: lehena, Zizurkilgo udaletxeko kontzejupetik plazara sartzeko hautatutakoa, Eñaut Agirrek Oiartzungo bertsolari bati jasotako da, Eñaut berak eta bere anai Unai Agirrek Txuringaingo Errota bertsoaldiarekin kantuan plazaratzen dutena. Irradakaren zatia, bigarrena, Joseba Tapiak, Real Politik diskan, Bilintxen bertso batzuei jarritako Soldadu sartzea doinuarekin atondu dute; azken doinua, berriz, Iturengo arotza doinu herrikoiarekin.

Bertsoak

Pauso txikian baino
aurrera-aurrera.
Mugimenduak poza
dakar gorputzera.
Trapu zikinak eta
garbiak atera!
Nor geran zer nahi degun,
gatoz esatera.

Betez etxe lantegi
kale eta Plaza.
Guk nahi degun erara
eta gure kasa (BIS)


Esku batek bestean
ximurrak igurtzi.
Izana ez dute nahi
esan gabe utzi.
Orain igual da Leire
l(eh)en igual Tiburtxi.
Soka dantza ba dabil,
kantu ta irrintzi.


Betez etxe lantegi
kale eta plaza
Guk nahi degun erara
eta gure kasa (BIS)

Belarra jorratuta,
artoa sasira,
hazia erein edo
eraman bizira.
Nahiz ispiluak gorde
barrengo dizdira,
dakit zer bai eta zer
ez dedan desira.


Bizi-poza ba degu
barruan gordea,
aurpegitikan kendu
lotsa kolorea.
Gerana onartzea
azkozaz hobea
eta praktikan jarri
degun umorea.

Dantzariak: Bukalai dantza-taldea. Egitura koreografikoa: Itziar Otamendi. Bertsoak: Rosi Lazkano
Musikariak: Ixak Arruti (gitarra), Eneko Dorrosoro (trikitixa), Maddi Iturbe (ahotsa), Itziar Otamendi (ahotsa), Gari Otamendi (arrabita). Grabaketa: Ixak Arruti. Nahasketak: Jurgi Taboada. Irudiak eta edizioa: Gari Otamendi. Eskerrak: Juan Antonio Urbeltz, Marian Arregi, Rosi Lazkano, Joseba Tapia, Eñaut Agirre, Dantzan.eus, Zizurkilgo Udala, Errebal.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!