Mendigurenek eta Otamendik “Oso latza izan da” aurkeztu zuten, Jose Arregiren jaioterrian

Xabier Lasa 2023ko urr. 13a, 07:00

“Oso latza izan da” liburua aurkeztu zuten Plazida Otaño liburutegian joan den urriaren 5ean, Xabier Mendiguren egileak berak eta Martxelo Otamendik. Aurreneko aurkezpena egin ostean, solasaldi jakingarria piztu zen bi aurkezleen eta liburutegia lepo jarri zuten entzuleen artean. Aurkezpena, bideoz ikusgai:

Joxe Arregi Izagirre ETAko kide zizurkildarra 1981eko otsailean atxilotu zutenetik jaioterriko hilerrian bere gorpu zeharo kolpatuari argazkiak atera zizkioten arteko kronika literarioa idatzi du Mendigurenek, “Oso latza izan da” liburuan.

Donostian irailaren 7an aurkeztu zutenetik, euskarazko liburu zalduenen zerrendan kokatu da “Oso latza izan da izan da”.

Martxelo Otamendik hartu zuen hitza lehenbizikoz, eta Joxe Arregiren kasuarekin, pertsonalki, aparteko bi bizipen dauzkala gogoan aipatu zuen. “Lehenbizikoa, 1981eko otsailean. Orduan soldaduska egiten ari nintzen Armadako kuartel jeneralean, Madrilen. Arregi atxilotu zuten arratsaldean, Mutrikuko lagun bat zeharo aztoratuta eta urduri etorri zitzaigun, esanez Pradoko museoko inguruan tipo bat poliziek nola kolpatzen zuten ikusi zuela. Oinetakorik gabe, hanka-hutsik auto batean sartu zutela ostiaka. Garai hartan, Egun egunkaria ezkutuan irakurtzen genuen, eta handik egun batzuetara jakin genuen Joxe Arregiren historia, baina une hartan ez genuen lotu egun batzuk lehenago Mutrikuko lagunak jakinarazi zigunarekin”.

Bigarren bizipena, Juan Kruz Unzurrunzagak hots egin zioenean izan zela aitortu zuen. “Elkarren ezagutza bagenuen, eta deitu zidan esanez osasun-diagnostiko txarra eman ziotela, minbizia zeukala eta Joxe Arregiren argazkien historia kontatu beharra zeukala, hil aurretik. Kazetari batentzat egundoko goxokia zen hori, baina ez zitzaigun sinesgarria egiten, izan ere, ordurarte geneukan bertsioa zen Madrilen atera zituztela argazkiak, esku solidario batek-edo.

Unzurrunzagak kontatu nahi ziguna egia zen ala ez kontrastatzeko, Joxe Arregiren familiarekin harremanetan jarri, eta bi aldeekin bilera bat antolatu genuen, Zizurkilgo hilerrian. Joxeren arreba Maribik ere ezetz zioen, izan ere, hamarkadetan denak konbentzituta egon ginen Madrilen ateratakoak zirela. Zizurkilgo kanposantuan, orduko argazkiak eskuetan, ohartu ziren han bertan atereak zirela, zenbait elementu zirela medio; hala nola, harrizko mahaia, hormetako baldosak…”.

Horrenbestez, Berria egunkarian, Amagoia Gurrutxaga kazetariak erreportajea egin zuen Juan Kruz Unzurrunzagak eman zuen kontakizunarekin, 2009ko maiatzaren 25ean. Han aitortu zituen nola planifikatu zuten, isilpean, lurperatu ondorengo gau hartan, hilobitik gorpua atera eta argazkiak egitea.

Martxelo Otamendik, Berria-ko zuzendari gisa mugarritzat dauzkan hiruzpalau gertakarien artean kokatu zuen erreportaje hori, Zizurkilgo aurkezpenean. “Mugarrietako bat izan daiteke Begoña Urroz umearen hilketaren, bere egiletzaren eta ETAk egin zuela zioen bertsio gezurtiaren inguruko ikerketa. Bestea, Jose Mari Pastor, Bartzelonako kamixeta jantzita, Marokoko polizien kontrol guztiak gainditu ostean Saharan sartu zenekoa izan daiteke. Eta hirugarrena, Arregiren argazkiena, esan bezala”.

 

Irismen handiko testuinguru historikoa

Xabier Mendiguren idazleak, Arregiren hilketa zein testuinguru historikoan gertatu zen azaldu zuen, Zizurkilen, aurrez Donostian irailaren 7an egindako aurkezpen ofizialean egin zuen eran. “Hurrengo hamarkada markatuko zuten zenbait gertakari sinboliko” aipatu zituen.

Hala nola, Arregi atxilotu zuten egun berean, Juan Carlos erregea Gernikara etorri zen, Garaikoetxea lehendakariak ongietorria egin zion eta juntetxean diskurtsoa irakurtzen ari zela, HBko batzarkideek ukabila altxatu eta Eusko Gudariak abestu zuten; aurreko egunetan, ETAk Jose Maria Ryan Lemoizko zentral nuklearreko eraikuntza burua bahitu eta erail hil egin zuen; mugimendu antinuklear indartsua zen (Lemoiz ez ezik, Ea-Isparter, Deba eta Tuterako zentralen proiektuen aurkakoa); otsailaren 23ko estatu kolpea izan zen; ETA-pm erakunde armatuak desegitea erabaki zuen...

Gertakari horiek eta gehiagok, “eskema politiko eta psikologiko bat” zehaztu zuela hurrengo hamarkadarako gutxienez, zehaztu zuen.

Kronika literariotzat jo zuen liburua. “Joxe Arregi, Juan Kruz Unzurrunzaga eta Bixente Ameztoi, hirurak dira pertsonaje nagusiak kronikan. Nortasun eta ezaugarri soziologiko eta psikologiko desberdinak dituzten hirurak, eta Zizurkilgo hilerrian egiten dute topo”. Mendigurenek gaineratu zuenez, ez du fikziorik sartu, “izatekotan ere, motibazio psikologikoaren gaineko hipotesia planteatu ditut”. Idazleak aitortu zuen liburua irakurria duen batek baino gehiagok galdetu diola ea zergatik ez duen garatu gehiago tortura saioak. “Erreparoa baino gehiago, errespetua eduki dut kontu horrekiko. Izan ere, gertakariak nahiko indartsuak dira, eta bere gordintasunean indar gehiago hartzen zuten. Gainera, igual izango da euskaldunak badakigulako “bainera” aipatuta zertaz ari garen, eta ez dago zertan gehiegi azaldu beharrik. Fribolo samarra gerta zitekeen, bestelakoan”.

Mendigurenek zein Otamendik, Ameztoi zein Unzurrunzagaren gaineko zenbait zertzelada eman zituzten.

Mendigurenen esanetan, “Ameztoi Donostiako familia aberats bateko kidea zen, artista sena zuena. Virginia Montenegro bere bikotea eta biak Villabonako Etxe-Ondo etxe ederrean bizitzen jarri ziren, eta berehala, zenbait proiektu ezkertiarrekin jarri zen kontaktuan (gaztetxea, AHTren aurkako mugimendua...). Zeruko Argia aldizkariko azalak ere berak egiten zituen. Esate baterako, Joseba Sarrionandia ezagutu zuen bertan, eta oso lagunak egin ziren. Halaber, ingurunean lagun handiak egin zituen, besteak beste, Antton Bengoetxea zizurkildarrarekin, hilerriko gau-ekintzan parte hartu zuenetako batekin”.

Unzurrunzaga, berriz, Zarauzko Itxaropena argitaletxearen jabetza zuen familiako kidea zela gehitu zuen Otamendik. “Euskal kulturako aristokrazia-familiako kidea zen, frankismoan euskal liburuak kaleratu zituena. Euskal idazle ugari ezagutzeko parada eduki zuen gertutik, beraz. Pertsonajea zen guztiz, bere adierarik onenean. Orduko jende progrearekin ibiltzen zen, esatera baterako, Orquesta Mondragon taldeko managerra zen; Serrat, El Juglars... eta beste hainbaten kontzertuak antolatu izan zituen Donostian; Altxerri arte-galeria ireki zuen.... Bestalde, ETA-pm-ko kidea izana zen, eta presoen abokatua zen Arregirena gertatu zenean; COPEL preso sozialen elkartea sortzen ere lagundu zuen...”.

Gau-ekintzaren egileak

Entzuleen galderen eta erantzunen tartea iritsi zenean Zizurkilgo aurkezpenean, solasaldiaren erdigunean jarri zuten hilerriko isilpean egindako gau-ekintza.

Liburu aurkezleen eta entzuleen artean, gau hartan zortzi kide izan zirela zehaztera iritsi ziren. Hots, Juan Kruz Unzurrunzaga, Bixente Ameztoi, Virginia Montenegro -Ameztoiren bikotea orduan-, Antton Bengoetxea, Geresta bi anaiak -hilerriko lurperatzaileak-, mediku bat eta argazkilari bat. Medikua eta argazkilaria nortzuk diren publikoki oraindaino azaldu ez bada ere, Mendigurenek aitortu zuen biren identitatea jakiteko moduan izango litekeela laster, eta are gehiago, “Oso latza izan da” liburua bigarren ediziora iristen bada, bertan izendatzeko moduan izan litekeela.

Entzuleen artean zegoen Iñaki Mujika Ezkerra-k, hitza hartu, eta aitortu zuen zuzenean bizi izan zuela argazki horien zabalkunde publikoa. Mujika, 70 eta 80ko hamarkadetan ETA, EIA eta EEko militante historikoa izan zen. Zizurkilen argitu nahi izan zuenez, argazkiak EIA alderdiak Donostiako egoitzan kudeatu zituzten, “hamabi kopia egin genituen beldurra baikeneukan bakar bati emanez gero, desagertu egingo ote ziren. Makina bat komunikabide deitu genuen egoitzara, eta bertan banatu egin genituen. Baten batek modu anonimoan buzoian utzi zizkigula jakinarazi genien medioei eta poliziari”.

Zinemara eramateko aproposa

Martxelo Otamendik behin eta birritan aitortu zien entzuleei, zera, zinemara eramateko ezin aproposagoak direla liburuan bildu diren gertaerak, “oso gidoi zinematografikoaren aurrean gaude”.

Berria egunkarian 2009an argitaratutako erreportajearen ostean, izan omen ziren saiakerak, baina ez omen zuten aurrerabiderik eduki.

Hilerriko ekimenaren antzeko gertaera deigarri asko trilogia bilakatzen direla gogorarazi ostean, zera gaineratu zuen: “Arregiren kasuan, jerarkiako bi urrats eman dira orain arte: gertaera lehenbizi, eta liburu batera eramatea bigarrenik. Bada, hirugarrena falta da; zinean islatzea”.

Otamendik liburutegian zegoen jendeari, honako galdera egin zion: “Imajinatzen al duzue Euskal Herrian zenbat jende poztuko litzatekeen? Torturaren auzian estatuari nolabaiteko “burla” egitea edo mendeku hartzea bezala izango litzateke. Saiatu beharko genuke”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!